urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

EBren baldarkeria eta Eskozia

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Urteko lehen hilabetea atzean utzi, eta Eskoziako independentzia prozesua bizkortzen ikusi dugu. Lehen mugarria hiru hilabete barru izango da, Erresuma Batuko udal hauteskundeekin batera Galesko eta Eskoziako ganberak aukeratzeko hauteskundeak izango baitira. Nicola Sturgeon lehen ministroak eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak garaipen handia izango dute inkestak betetzen badira, baina helburua ez dute Erresuma Batuaren menpeko erakunde autonomo bat gobernatzea, erabateko independentziara eramango dituen erreferenduma antolatzea baino.

Estatua zatitzearen arriskua zenbaterainokoa den adierazten du asteon Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Glasgowra egindako bisitak. Euskal Herriko mendebaldeko autonomiaren lehendakaria Madrilera joatearen biharamunean izan zen. Jose Mari Pastorrek atzo galdetzen zuen ea koronabirusaren kudeaketan euskal erakunde autonomikoren bat gai izango zen Espainiako Gobernuari aurre egiten, Nicola Sturgeonek Boris Johnsoni egin zion legez, ez etortzeko esanez, ezinbesteko ez ziren bidaiak bertan behera geratu direla gogorarazita.

Iritzi orokorra da Eskoziako gobernuburuak Downing Streeteko maizterrak baino askoz hobeto egin duela lan pandemiari aurre egiten, baina badago horren ispilu den une berezi bat: ez da hilabete, urte hasi berritan, Sturgeonek agerraldia egin zuela, eguerdiz, egoera zaila zela gordin azalduz eta etxeratzea ezinbestekoa zela. Eguerdi inguruan agertu zen eskoziarra jendaurrean. Ordu gutxira, ilunabarrean Boris Johnsonek berdin egin behar izan zuen, eta etxeratzea agindu zuen.

«Aitortu beharko zenuke hau Eskozian irabazi edo galduko den bataila dela», esan dio Blair McDougallek Johnsoni. Better Together (Hobe elkarrekin) kanpaina unionistako buru izan zen, eta Londresen baino are argiago nabari du oraingo honetan Eskoziaren independentzia egiaz gerta daitekeela. Kezkatuta ageri zen Daily Record-en egin zioten elkarrizketan, independentistak eginahalean diharduten bitartean, unionismoak bere argudioen aldeko kanpainarik antolatu ere ez duelako egin. «Boris Johnsonek edozein eskoziar nazionalistak baino arrisku handiagoa dakarkio Erresuma Batuari. Eskatuko nioke ez dadila izan SNPk nahi duen bilaua. Egin atzera eta zuhur jokatu».

Nicola Sturgeonek eta SNPk marraztutako bide orrian «espainiar» jokatuz dabil oraingoz Boris Johnson. Auzia 2014an ebatzi zela eta orain erreferendumik egiterik ez dutela esan die, horretarako Londresen baimena behar dutelako, eta ez daukalako halakorik emateko asmorik. Baina borroka juridikoan katramilatzea arriskutsua da tradizio demokratikoa daukan herrialde batentzat —horratx Espainiarekiko aldea—: herritarrei zerbait proposatu eta herritarrek botoarekin baietz esan badizute, zaila da jukutria legalen atzean ezkutatzea herritarren mandatua eragozteko.

Brexit-a du argudio nagusi orain artean eta, ezin uka, Johnsonen baldarkeria eta nazionalismo ingeles itsua. Brexit-a akuilu da, eskoziarrek haren aurka bozkatu arren EB Europako Batasunetik kanpo geratu dira, baina orain arranguren zakua bete behar dute, euren borondatearen aurka europar herritartasuna galtzearen ondorioak mahai gainean jarri. Mugako kontrolekin batera, Erasmus programa izan da egunotan azpimarratu duten argudioetako bat: EBtik irtenda ere, berdin-berdin segi zezaketen ikasleen truke-programarekin, baina ahal beste lotura mozteko erabakia hartu du lehen ministroak. Europarrik ez Erresuma Batuko unibertsitateetan, eta ondorioz, eskoziar ikasleei ere Europako unibertsitateetako ateak itxita.

Dena ez da aukera, horratik. Besteak beste, aukeren leihoak zabaltzen diren legez itxi ere egiten direlako. Brexit-ak berriz zabaldu du 2014an «belaunaldi baterako» itxi omen zen leiho hura, baina baliteke beti ez egotea zabalik. Egungo baldintza bereziak ez dira beti horrela egongo.

Beste arrisku bat dagoeneko disimulurik gabe Eskoziaren alde ageri den sinpatia europarrak hanka sartzea da. Badago halakorik txertoaren auzian: Bruselak gogora ekarri du iaz—brexit-aren aurretik— sinatutako akordioek Britainia Handiko lantegien ekoizpena ere aintzat hartzen zutela, eta haien ekoizpena ere bideratu behar dela EBra. Hedabide sentsazionalista britainiarrek —eta serioagoek ere, titular hain esplizituak ez erabili arren— erantzun dute: Europak txertoak kendu nahi dizkigu. Britainiarrek —eskoziarrek barne— txerto gutxiago izango dituztela, alegia, Bruselaren asmoak betetzekotan. Aski baldar jokatu ez, eta Brexitaren akordioan jasotako larrialdi-kasuetako artikulua abiaraztekotan egon da, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublikaren arteko mugan txertoak kontrolatzeko. Atzo atzera egin behar izan zuen EBk, bere trakeskeriak Londres, Belfast eta Dublin elkartzea lortu baitzuen Bruselaren aurkako haserrean.

Boris Johnsonen jarrerak Eskoziako independentismoa hauspotzen du sarritan, baina Edinburgon ere kontuz ibili beharko dute EBtik iristen zaizkien konplizitate-keinuekin. Lagundu bezala kalte egiteko gai baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.