Beste urrats bat Ukrainatik urrundu eta Errusiara lotzeko

Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketan gobernua eta parlamentariak hautatuko dituzte gaur.

Nazioarteak ez ditu emaitzak onartuko, Errusiak salbu.

Borrokak izan dira bezperan
Hautetsontziak prestatzen, Donetsk hirian.
Hautetsontziak prestatzen, Donetsk hirian. ALEXANDER ERMOCHENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 2
Orain sei hilabete pasatxo piztu zen gerra ahaztu nahian, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketan hauteskundeak egingo dituzte gaur. Gobernuburua eta parlamentariak aukeratzera deitu dituzte hiru milioi herritar inguru. Agintariek eskualdea berreraikitzeko neurriak hartu beharko dituzte lehenbailehen, gatazkak utzitako orbanak sendatu eta ekonomia suspertzeko. Maiatzean independentzia aldarrikatu zuten eskualdeetako erakundeek zilegitasuna lortu nahi dute botopaperen bidez, eta, bidez batez, nazioartearen aitorpena jaso. Baina, hasi aurretik, trabaz josi zaie bidea: Ukrainak, EB Europako Batasunak eta AEBek esan dute ez dituztela bozak onartuko. Errusia dute bidelagun bakarra.

«Bost axola zaigu Washingtonek ez baditu hauteskundeak onartzen». Aleksandr Zakhartxenko egungo Donetskeko Herri Errepublikako buruzagia da eskualde horretako hautagai nagusia. Juri Sivokonenko eta Aleksander Kofman hautagaiak lehiatuko dira harekin. Bestetik, Luhanskeko Herri Errepublikan egungo lehen ministro Igor Plotnitski, Oleg Akimov sindikalista, egungo Osasun ministro Larissa Airapetian eta Viktor Penner negoziolaria lehiatuko dira. Bozak irabazteko faborito nagusiak dira Zakhartxenko eta Plotnitski. Hautagaien artean ez dago desberdintasun handirik estatu ereduaren inguruan. «Hauteskunde kanpaina ez da inportanteena. Arazo asko ditugu gure herrialdean, osasun sistemarekin adibidez, eta nork bere buruaren alde egitea ez litzateke arduratsua izango», azaldu dio Airapetianek Itar Tass agentziari. Bere estatu ereduari buruz ere hitz egin du: «Zuzenbide estatuan oinarritutako errepublika bat nahi dut, Errusiari lotutakoa».

Kieven eta Moskuren arteko harreman gatazkatsuetan azken liskarra eragin dute bozek. Ukrainako Gobernuaren arabera, «legez kanpokoak»dira, eta ez dute gatazka konpontzen laguntzen. Kieven alde lerratu da Mendebaldea, eta ez die zilegitasunik ematen, «berme demokratikoak» betetzen ez dituelakoan. Gerra egoeran amilduta daude eskualdeak, eta ez dituzte errolda zerrenda egiaztagarriak. Errusiara ihes egindako iheslariek eta Kieven menpeko Luhansk eta Donetsk eskualdeetako herritarrek ere bozkatu ahal izango dute, helbide elektronikoaren bitartez edo Donetskeko Hauteskunde Batzordearen webgunean.

Su-etenak, eragin gutxi

Errusiak bestelako jarrera du. «Argi dago ez direla zehatz-mehatz Ukrainako legearen arabera egingo. Eta zer? Inporta duena emaitza da», esan du Vladimir Txizhovek, Errusiaren EBko ordezkariak. Behatzaileen presentziak zilegitasuna ematen die bozei, Errusiako Atzerri Ministerioaren arabera. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko behatzaile batzuek Donetsk eskualdeko hauteslekuak aztertu dituzte egunotan.

Ukrainako armadaren bozak boikotatzeko asmoen berri eman diote matxinoek Ria Novosti agentziari. Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako Defentsa ministerioen arabera, Kievek talde armatuen erasoen inguruko txostenak kaleratu ditu, boto-emaileak kikildu eta parte hartzea apaltzeko. «Hauteskundeetan segurtasuna bermatuko dugu. Dena kontrolpean dugu», dio herri errepubliken ministerioen oharrak.

Su-etena irailaren 5ean adostu izanagatik, arma hotsak ez dira guztiz isildu Ukraina ekialdean. NBE Nazio Batuen Erakundeak kaleratutako txostenak erakusten du meniaren hauskortasuna: azken hamar egunetan bakarrik 300 lagun hil dituzte. Guztira, 4.000tik gora dira hildakoak.

Hauteskundeak egin bezperan, bi aldeek elkarri leporatu diote erasoak egin izana. Ukrainako armadak esan du matxinoek gutxienez sei soldadu hil dituztela Donetsk eskualdean. Gainera, Luhansk eskualdeko Krimske herria bonbardatzea leporatu die. Bestalde, Donetskeko Udalak ohartarazi du hirian hainbat leherketa entzun direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna