Noiz sortua: 2020-03-27 00:30:00

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna

Antzokiak, ziurgabetasunari atea itxi ezinda

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur, baina antzoki guztiak itxita egongo dira. Aretoetako arduradunak bertan behera utzitako ikuskizunentzako data berriak bilatzen ari dira, baina uste dute galdutakoa ez dela berreskuratuko. Zer etorriko den ez jakiteak kezkatzen ditu.
Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, itxita. Donostia Kulturaren barruan dago, Antzoki Zaharra, Gasteszena eta Lugaritzekin batera.
Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, itxita. Donostia Kulturaren barruan dago, Antzoki Zaharra, Gasteszena eta Lugaritzekin batera. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko martxoak 27
Berezia izango da aurtengo Antzerkiaren Nazioarteko Eguna. Aretoak itxita, aktore bakar bat ere ez da igoko taulara. Antzokiek bertan behera utzi dituzte programatutako obrak, eta kalteak kalkulatzen hasiak dira. Egun arraroa izango da gaurkoa Mathieu Vivierrentzat: «Antzokien lana pertsonak biltzea da, obrak konpartitzeko, eta orain ezinezkoa da». Baionako Michel Portal antzokiko idazkaria da, eta krisia kudeatzen ari da, etxetik. Itxialdiaren berriak ezustekoan hartu zuen, eta dena bertan behera uztea «emozionalki gogorra» izan da harentzat eta haren kideentzat.

Baionako antzokian hamazazpi ikuskizun geroratu dituzte, eta, egoera maiatzera luzatzen bada, beste sei izango dira. Leihatilako galerak 230.000 eurorenak izango direla kalkulatu dute. Krisialdia amaitzean emanaldi gehienak berriz programatzea espero dute, denboraldi honetan ez bada, hurrengoan. Baina, antzokietatik harago, ikuskizunaren munduarentzat «desastre hutsa» izango dela adierazi du Vivierrek: «Batez ere konpainia eta artistentzat, haiek ez baitute honi aurre egiteko moduko babesik».

Norka Chiapusso Donostia Kulturako antzerki eta dantza programazioaren zuzendaria, hein batean, pozik dago, Dferia azoka salbatu ahal izan zutelako aretoak itxi aurretik. Kolpea aurrerago helduko zaiela uste du: «Kultur sektorean, administrazioa zutabe garrantzitsua da; krisi honek porrotera badarama, zer gertatuko zaigu? Aurtengo programazioa geldirik geratu da, eta datorren urtean, zer?». Ezingo dituzte berreskuratu ikuskizun guztiak, eta zein salbatu erabakitzeko irizpide batzuk ezarriko dituzte: hizkuntza, kalitate artistikoa... Halere, kaltea egina dagoela nabarmendu du Chiapussok: «Ez baditugu hauek galtzen, geroago egingo genituzkeenak galduko ditugu».

Gasteizko Baratza aretoarentzat ere gogorra izan da kolpea. «Zaplazteko bat», Marina Suarez kidearen hitzetan. Egoera «arraroa» da harentzat ere, bat-batean iritsi delako: «Ezjakintasun handi honek tristezia eta urduritasuna ekartzen ditu». Baratza areto pribatua izanda, egunerokoan ezegonkortasun ekonomikoa dute, baina orain, areagotu egin da. Aretoaren alokairua da haien diru iturri garrantzitsuena, eta eten egin da. Bestalde, diru laguntzak jasotzen dituzte aurkeztutako proiektuen arabera, baina hori ere geldirik dago. Gainera, apirilean ospatzekoa zuten Zurrunbilo jaialdia eta hainbat ikastaro bertan behera utzi dituzte. Jaialdia azaroan egingo dute, baina zaila zaie gainerakoari data jartzea, jende asko koordinatzea eskatzen duelako. «Linbo batean gaude. Egoerak gelditu egin gaitu bat-batean: gu beti etorkizunean pentsatzen gabiltza, baina etorkizuna bortizki aldatu da», adierazi du. Espero du Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bereziak jartzea, baina badaki zaila dela, «mundu guztiak nahi dituelako».

Chiapussok ere beharrezkotzat jotzen ditu laguntza publikoak, «artea zaintzea ezinbestekoa baita»; baina egoera konplexua dela dio, «krisia fenomeno berria delako». Vivierrek, berriz, Frantziako Kultura ministerioan jarri du ardura: «Sektorea mantentzeko betebeharra du; guk uste dugu neurri bereziak hartuko dituela, baina oraindik ez dakigu ezer».

Zaila izango da euskal antzerkiarentzat krisitik lehengoratzea, baina lortuko duela uste dute hirurek. Donostia Kulturako arduradunarentzat ez da erraza zurrunbilotik harago begiratzea, baina, halere, «osasuntsu» ikusten du eszena: «Berritasuna dago, fenomeno interesgarriak; euskarazko lanekin aurrera egiten ari diren konpainiak...». Beraiek euskarazko programazio erregularra izateko eta «artisten alde» aritzeko ahalegina egiten dutela azpimarratu du. «Baina badakit sektorearentzat inoiz ez dela aski izango». Orain ahalegin horrek are handiagoa izan behar duela erantsi du.

Vivierren irudiko, Ipar Euskal Herrian ere euskal antzerkia egoera onean dago; baina uste du, oro har, ez zaiola babes nahikorik ematen kulturari. Haiek sektoreko agenteen artean helburuak eta ahaleginak koordinatzea dute orain xede, eta horretarako hausnarketa bateratu bat antolatzen ari dira. Suarezen iritziz, berriz, publiko berriak konkistatzea da euskal antzerkiaren egungo erronka: «Euskal antzerkiaren sarea maiz endogamikoegia baita». Administrazioen babesa egokia dela pentsatzen du, baina arlo komertzialetik at geratzen direnei bultzada ematea falta dela dio.

Inoiz baino beharrezkoagoa

Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak mezu bat zabaltzen du urtero gaurko egunez. Aurten, Shahid Nadeem antzerkigile pakistandarrak idatzi du, eta antzerkiaren botere eraldatzailean jarri du arreta: «Antzerkiak eszena santutegi eta santutegia jarduteko espazio bihurtzeko potentzial eraldatzailea du». Ildo beretik, Chiapussok artearen «boterea» nabarmendu du, eta itxialdiaren ostean «inoiz baino beharrezkoagoa» izango dela adierazi du. Haren hitzekin bat egin du Vivierrek: «Krisia alarma bat da; gero, mundua birpentsatu beharko dugu, eta artea beharko dugu horretarako. Beraz, aretoak berriz zabaltzean, antzerkia inoiz baino gehiago babestu beharko dugu».

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek Sanchez babestu du, baina uste du hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna