Arrauna

Urak badu lanik epaile lanetan

ETE ligaren hirugarren aldia hasiko da bihar Pasaian, eta bederatzi talde lehiatuko dira, iaz baino bi gutxiago. Hamabi estropada jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuek egingo dute Euskotren ligarako kanporaketarako urratsa. Ez dago faborito argirik aurten ere, eta berdintasuna iragartzen da.

Hibaika eta Zumaia ziaboga ematen, iazko ETE ligako lehen estropadan, Pasaian. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
ETE liga bihar hasiko da, Pasaian (Gipuzkoan), erlojuaren aurkako estropadarekin (18:15), eta hirugarren aldia izango du lehiaketa horrek. Aurrenekoan, Donostiarrak irabazi zuen, eta iaz, Hibaika izan zen garailea. Aurten, bederatzi izango dira traineruak,iaz baino gutxiago, Hernanik eta Colindresek ez dutelako trainerua atera. Hamabi estropada dituzte aurretik arraunlariek, eta, banderen sariaz aparte, gozokirik gozoena lehen bi sailkatuentzat izango da, Euskotren ligara igotzeko kanporaketan lehiatuko direlako.

Joan zen urteko lehiaketa estua joan zen, eta berdintasun handia izan zuen. Banderak Hibaika, Zumaia, Deusturen eta San Juanen artean banatu zituzten, eta, aurten ere, antzeko zerbait iragartzen ari dira arraunlariak. Hala diote, behintzat, Jone Olibanek (Deustu), Amaia Gezalak (Hibaika) eta Aiora Sorozabalek (Tolosaldea). Bizkaitarraren iragarpenak talde erdiak sartzen ditu lehia betean: «Traineru erdiak baino gehiago ibil gaitezke banderen lehian». Izen batzuk ere bota ditu: «Hibaika, Zumaia, San Juan eta Tolosaldea ondo ibiliko dira, eta Isuntzak iaz sekulako jauzia egin zuen». Lehia zabala izatea onuragarria izango dela dio: «Zenbat eta estuago, hobeto. Ikusgarria izango da liga, eta hori ona da arraunarentzat. Nahiko nuke Deustu bakarrik izatea irabazlea, baina... [barrezka]». Gezalaren ustez, lauzpabost talde ibiliko dira lehian: «Iaz bezain borrokatua izango da». Sorozabalek ere aurreko urtera bota du begirada: «Orduan ondo ibili zirenak ariko dira ondo aurten ere. Lehen ona zena orain ere ona izango da».

Hiruretako inork ez du aipatu norbere taldea faboritoen artean, baina horrek ez du esan nahi asmo txikiekin aterako direnik bihartik lehiara. Adierazten du ziurgabetasun eta kezka puntua dituztela, aurkarien berri zehatzik ez jakinda ezin dutelako neurtu bakoitza non izango den. Hala ere, hirurek onartu dute ondo ari direla lanean berriz uretan entrenatzeko aukera dutenetik. Olibanek dio «gogoarekin» daudela: «Borrokan egon gaitezke, baina urak jarriko gaitu denoi gure lekuan». Gezalak estropadaz estropada joan nahi du, eta badu helduleku sendoa jardun horrek, entrenatzaile ere baden aldetik: «Ahalik eta ondoena aritu nahi dugu». Ez du ezkutatu zein den taldearen nahia: «Lehen biren artean bukatzea da asmoa, eta igotzeko kanporaketa jokatzea, nahiz eta oraindik hasi ere ez garen egin». Sorozabalek pena apur batekin begiratu dio etenak taldeari eragin diezaiokenari: «Neguan, oso ondo genbiltzan, arraunean oso gustura. Nahi genion udaberrian segida eman lan on horri, baina etxean pasatu behar izan ditugu hiru hilabete». Badaki, dena dela, taldeak aurrerapausoa eman duela iaztik: «Duela urtebete baino hobetoxeago gaude, eta sekulako gogoa daukagu udaberrian askatu ezin izan ditugun uretako gogoak ateratzeko». Uretara itzuli ondoren ikusi eta sentitu duenak indarra eman dio Tolosaldeako bi patroietako bati: «Mentalitate onarekin ari gara lanean, eta serio hartu ditugu gauzak».

Itsasoan estropada asko

Aurtengo ETE ligaren bereizgarrietako bat COVID-19aren krisiak eragin du. Hasiera batean prestatua zegoen egutegia erabat baldintzatu du, eta bost eremutan bakarrik jokatuko dituzte hamabi estropadak: Pasaian beste bat izango da biharkoaz gain, Getarian (Gipuzkoa) hiru dauzkate, Getxon bezalaxe, eta Santanderren eta Castro Urdialesen (Espainia), bina. Estropada ia guztiak itsasoan jokatuko dituzte.

Horren inguruan ere aritu dira Oliban, Gezala eta Sorozabal. Hibaikakoak ez dio aparteko garrantzirik eman: «Itsasoan izatea gehienak dibertigarria izango da». Deusturen eta Tolosaldearen ikuspegia ez da hain alaia. Olibanek garbi azaldu du Deustu «errekako» kluba dela. Hala ere, berdin-berdin lehiatuko direla gaineratu du: «Borrokarako grina ez zaigu aldatuko itsasoan jokatzeagatik». Sorozabalek onartu du «esperientzia falta» dutela itsasoan: «Ibaia gure aldekoa da». Baina pentsamendu indartsuarekin eta sendoarekin heldu dio egoerari: «Itsasoan ondo ibiltzen denak gehiago gozatzen du ibaian. Ez zaio beldurrik izan behar itsasoari, ikasteko eta hazteko balio du , arraunlari eta patroi bezala hobetzeko. Gainera, gero etagustorago gabiltza itsasoan ere».

Estropadak jokatu ahala argituko da itsasoan aritzea zeinentzat den mesedegarri, eta Gezalari kezka hau ere burutik joanda egotea gerta daiteke: lesioena. «Badut kezka apur bat kontu horrekin. Lesioak ez izatea lortu behar dugu, baina gerta daitezke, ez dakigulako arlo fisikoan nola erantzungo dugun, ezohiko egoeragatik». Olibanek nekeari heldu dio: «Ezberdin sentituko gara, eta nekea ere gehiago izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.