Anaitz Arbilla. Eibarreko jokalaria

«Eibarrekin Lehen Mailara igotzea baino ez daukat buruan»

Etxean bikain abiatu du sasoia Eibarrek, baina etxetik kanpo, nahi eta ezin. Arbillaren ustez, partida guztiak irabazteko «gosea» izan behar du taldeak igoeragatik borrokatzeko.

UNAI ZABALETA.
Iñaki Berastegi.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
2023ko ekainean amaitzen zaio kontratua Anaitz Arbillari (Larraintzar, Nafarroa, 1987), baina ez dago horrekin kezkatuta. Duela sei urte iritsi zen Eibarrera, eta mota guztietako denboraldiak bizitzea egokitu zaio. «Pena izan da azken bi urte hauetan gertatu zaiguna». Dioenez, aurreko sasoian Alcorconen gertatutakoari buruz ez da hitz erdirik entzuten aldagelan, baina aitortu du ez dutela ahaztua. Taldea «biziberrituta» eta berriro ere igotzeko borrokatzeko «prest» ikusten du kapitainak. Racingen bisita izango dute gaur (18:30), Ipuruan.

Zazpigarren denboraldia abiatu duzu Eibarren. Zer hausnarketa egiten duzu zure kirol ibilbideko pasarte honi buruz?

Aro polita da. Atzera begiratzen dudanean, ikusten dut denboraldi politak egin ditugula. Oso pozik nago hemen. Lehendabiziko bi edo hiru denboraldiak oso onak izan ziren, Lehen Mailan erabat egonkortuta geundelako. Egunerokoarekin asko disfrutatu dut, oso multzo ona izan dugu eta.

Denboraldi ez hain politak ere egokitu zaizkizu.

Pena da azken bi denboraldietan gertatu zaiguna. Merezi genuen Lehen Mailara itzultzea. Ez zen posible izan, baina orain beste aukera bat dugu helburua betetzeko, eta sinetsita gaude lortu dezakegula.

Alcorconen gertatutakoa ahaztuta dago?

Ahaztuta ez. Aldagelan ez da horri buruz hitz egiten. Gertatu zena gogorra eta tristea izan zen denontzat. Orain, ordea, taldea biziberrituta ikusten dut. Gertatutakoa erabat ahaztea ere ez da komeni. Gogoan eduki behar dugu, berriro gerta ez dadin.

Gaia tabua da aldagelan?

Ez dakit [kar-kar-kar]. Ez da aipatzen gaia, baina ez da penagatik. Barneratuta dagoen zerbait dela esan genezake. Gertatu zenak gogorragoak egingo gaitu, eta etorkizunerako baliagarria izan dakiguke.

Gaizka Garitanoren lana asko kritikatu zen. Nola ikusten duzu entrenatzailea denboraldi honetan?

Gaizka [Garitano] motibatuta dago, eta taldeak sinesten du haren lan egiteko moduan eta ideian. Badakigu zein den bidea. Aurreko denboraldian Gaizkak lortu zuena ere ezin da ahaztu. Igotzea lortu ez arren, oso pozik gaude egin genuen denboraldiarekin. 80 puntu lortu genituen! Sasoi honetan ere uste dut hortik egon daitekeela igoeraren langa, eta taldeak hor egoteko anbizioa izan behar du.

Oraingoanzailagoa izango da igotzea?

Bigarren urtea denez, printzipioz hala izan ohi da. Jaitsi eta lehenengo urtean, ekonomikoki indartsuago zaude, baina horrekin ez da dena lortzen. Helburua igotzea da, eta kirol zuzendaritzak lan bikaina egin du taldea indartzeko. Nik erabat sinesten dut igotzea lor dezakegula. Badakigu zaila eta oso luzea izango dela, baina taldea mentalki ondo dago. Denboraldia amaitu eta hurrengo egunean hasi ginen pentsatzen sasoi honetan beste aukera bat izango genuela. Prest gaude igoeragatik borrokatzeko.

Edu Expositok Eibar utzi izanak asko ahuldu du taldea?

Edu Lehen Mailako jokalaria da. Guretzat oso jokalari garrantzitsua izan da, baina beste bide bat hartu nahi izan du. Pena da taldean jarraitu ez izana, baina gure indargune nagusia multzoa da. Benetan pentsatzen dut oso talde indartsua dugula, kalitate handikoa.

Kontrara, Stoichkovek taldean segitzea erabaki du.

Bai, eta erakusten hasi da aurrekosasoian egin zuen denboraldia ez zela izan sasoi bateko kontua. Gustavo [Blanco] itzuli da, eta Jose Corpasek eta Quique Gonzalezek ere badakite golak sartzen. Aurreko postu horietan maila handia dugu. Besteoi gure lana ahalik eta hobekien egitea dagokigu, talde indartsu bat ikus dadin [kar-kar-kar].

Aurreko denboraldikoa baino talde indartsuagoa duzuela uste duzu?

Ez dakit hobea den, baina oso pozik nago. Jendea demostratzeko gosez dago, eta hori da helburua, egunero gose hori izan eta ausartak izatea. Jokalari berriak iritsi dira, baina garrantzitsuena aurreko multzoa mantentzea izan da: hori da gure indargunea. Etxean oso ondo aritu gara, eta hori kanpoan ere egin dezakegula erakutsi behar dugu. Ahalik eta lasterren lortu behar dugu hori, jada puntu batzuk galdu ditugu eta. Etxean dugun ausardiarekin eta gogoarekin jokatu behar dugu kanpoan ere. Aurkariei erakutsi behar diegu talde on bat garela etxean zein etxetik kanpo.

Denboraldiko neurketarik onena eta txarrena kateatuta dator Eibar?

Andorraren aurka egin genuen partidarekin oso triste gaude [2-0 irabazi zuen Andorrak], bost egun lehenago Granadaren aurka sekulako maila eman genuelako [4-0 irabazi zuten]. Erronka da han aritu ginen bezala aritzeatalde guztien aurka, ez soilik kontrariorik indartsuenen kontra. Partida guztiak irabazteko gosea izan behar dugu.

Racing igo berriaren aurka duzue hori erakusteko aukeragaur.

Bai. Errespetua zor zaie talde guztiei. Bigarren Mailara itzuli den talde bat da, eta ziur partida zaila izango dela. Pentsatzen dut zertxobait atzerago itxarongo dutela haiek, eta erantzukizuna gurea izango dela. Etxeko partidetan bezala, erritmo handia eman behar diogu jokoari.

Urtarrilean libre zara edozein talderekin sinatzeko. Horretan pentsatzen hasia zara?

Egia esan, ez. 35 urte ditut, eta oso pozik nago hemen. Mailaz jaitsi ginenean konbentzitu nintzen hemen egon nahi nuela. Eibarrekin Lehen Mailara igotzea baino ez daukat buruan. Hori da nire asmo bakarra.

Beraz, taldean segitzea ez dago igotzearen menpe?

Eibarreko bazkide bat gehiago naiz, eibarzale bat. Eibar Lehen Mailan ikusi nahi dut berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.