Armazoia berregin beharrean

Realean azken asteetan izandako lesioek gabeziak eragin dituzte taldearen jokoan. Mikel Merino eta David Silva jokalariak falta izateak bide batzuk zabalarazi du bestela antolatzeko.

Mikel Merino eta David Silva, sasoi honetan Valentziaren aurka jokatutako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Makina bat metalezko txatal sorta bat baino ez da armazoirik gabe. Realak mekanikoki jokatu du sasoiaren zatirik handienean, eta horretan eragin handia izan dute Mikel Merino eta David Silva jokalariek. Taldearen hezurdura osatu dute, beste zenbait jokalarirekin batera. Haiek izan dira taldearen jokoa egituratzeko eta olioztatzeko arduradunak. Realaren faktoriako ezinbesteko piezak.

Azken asteetan taldeak izandako lesio kopuru handiak arrastoa utzi du zelai erdian, eta horrek pobretu egin du txuri-urdinen jokoa: «Urte intentsoa izan da, eta denboraldi amaiera luze egiten ari zaio. Lesioek kalte pixkat bat egin diote», esan du Ander Avellaneda futbol entrenatzaileak (Tolosa, Gipuzkoa, 1984).

Azpeitiko (Gipuzkoa) Lagun Onak taldeko prestatzaileak gertutik begiratzen dio donostiarren ibiliari, eta, haren esanetan, «garrantzitsuak» dira zelai erdiko jokalariak: «Futbolean, erdiko ardatza da gakoa. Merino, Silva, Zubimendi, Gebara... jokalari horiei garrantzi handia ematen zaie».

Erdilari nafarrak «aurrerako urratsa» egin du sasoi honetan, eta horrek eragina izan du harengan. Espainiako selekzioarekin aritu da, esaterako: «Horrek ere atseden gutxiago hartzea ekarri dio». Merino ezinbestekoa izan da Imanol Alguacilen eskeman; jokatzeko moduan izan den 28 partidetatik 27tan hasieratik aritu da, eta ligako minutu guztien %70etan jokatu du. Lesioek soilik urrundu dute zelaitik.

Silvaren kasuan, berriz, Avellanedak dio «maila onean» aritu dela: «Albiste ona izan zen hura fitxatzea, eta, duen adinarekin zalantzaren bat baldin bazegoen ere, oso ondo erantzun du».

Azken asteetan, haiek ordeztu beharrean izan da Imanol, nahiz eta Silvak azken partidan minutu batzuetan jokatu ahal izan zuen. Haien ordezkoa aurkitzea «ez da erraza», Avellanedaren ustez, ezaugarri jakin batzuen jabe baitira bi-biak.

Teknikari tolosarrak hor jarri du puntua. Azaldu du hutsune horiek sortuz geroztik beste era batera jokatu duela Realak: «Egia da Zubimendi, Gebara eta Guridi etxekoak direla, eta zertxobait jokatzeko aukera izaten ari direla. Jokalari horien profila ezberdina da, ordea, eta eskema aldatu dute; barnealdetik hiru lagunekin jokatu beharrean, gehiago jokatu dute bi euskarrekin, eta bi aurrelarirekin: [Alexander] Isakekin eta Carlosekin [Fernandez]». Halaber, gaineratu du azken horrek puntaerdi lanak ere egin dituela.

Egoera horretan, Silvaren eta Merinoren gaitasun nagusietako bat faltan sumatu dute txuri-urdinek: lerro artean azken pasea ematea. Horrek gol aukera gutxiago sortzea eragin die, datuek berresten duten eran. Azken bederatzi partidetan hiru gol baino ez ditu sartu Realak.

Horren harira, beste aldagai bat gehitu du Avellanedak. «Denboraldian, bolada ezberdinak izaten dira. Batzuetan, gehiago asmatzen da atearen aurrean, eta besteetan, gutxiago» Hori bai, Avellanedak dio Silvaren eta Merinoren faltan beste modu batera jokatu beharrean izan dela Reala. Hegaleko jokoak hartu duen pisua nabarmendu du: «Cristian Portu, Ander Barrenetxea eta Mikel Oiartzabal protagonistagoak izan dira».

Bosgarren postuaren gose

Realari lau partida falta zaizkio sasoia amaitzeko, eta armazoia berreraiki beharrean da, baldin eta bosgarren postuan amaitu nahi badu. David Silvaren itzulera berri ona da; baita Asier Illarramendiren osatzea ere. Mutrikuarra prest dago, etaImanolek deialdian sartu du Elxen aurkako partidarako (21:00, Movistar La Liga). Huescaren aurkako porrota eta gero garaipena behar dute txuri-urdinek.

Avellanedaren esanetan, Imanolek «ahal duen talderik onena» zelairatuko du txapelketaren azken txanpan. Hori bera berretsi zuen atzo teknikari oriotarrak, gaurko partidaren aurreko prentsa agerraldian: «Gure jokalariek badakite zer dugun jokoan. Denak ari dira prest egoteko ahalegina egiten. Batzuek min dutela? Bai, baina hala izan behar du, jada bukaera izanda. Garrantzitsuena haien gogoa da, nahia».

Geratzen diren partida denak «irabazi» egin nahi ditu Realak, Imanolen arabera, eta esan zuen bide horretan ez dela deus aldatzen: «Beti ematen dugu dena, eta ez da ezer aldatzen. Garaipena beste helbururik ez dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.