«Jadanik ez da anekdota bat»

Reala da Espainiako Ligako liderra, bederatzi jardunaldi igaro eta gero. Taldeak eskainitako maila ona «proiektu egonkortu baten» isla dela dio Carlos Martinez jokalari ohiak. Haren esanetan, taldeak etxean erakutsitako sendotasuna eta atzealdeko lana dira gakoak: «Defentsan gustatzen zait gehien».

Realeko jokalariak Julen Lobetek azken unean Mallorcari sartutako gola ospatzen, joan den larunbatean, Mallorcan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Sailkapenari erreparatu besterik ez dago Realaren sasoi onaz konturatzeko: gaur-gaurkoz, Espainiako Ligan ez dago talde hoberik. Lehen jardunaldietan kasualitatea izan zitekeena kausalitatea da txapelketaren laurdena jokatzear den honetan. Etorkizunak zer ekarriko dien, auskalo, baina lehen bederatzi jardunaldiak igarota esne mamitan dira donostiarrak.

«Jada ez da anekdota bat Reala postu gorenean egotea», dio Carlos Martinez (Lodosa, Nafarroa, 1986) Realeko jokalari ohiak. Jokatu dituen bederatzi partidetatik sei irabazi ditu Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak, bi berdindu, eta bakarra galdu. Txuri-urdinek hamabi gol sartu dituzte, eta zazpi jaso: «Bolada ikusgarria da. Sasoi hasiera oso ona egin du taldeak, lehen partida kenduta».

Hain justu, Realak jasotako zazpi goletatik lau lehen jardunaldian jaso zituen [4-2 galdu zuen Bartzelonaren aurka]. Gainerako zortzi jardunaldietan hiru soilik sartu dizkiote: 0,37 partidako. Hiru zelaitan jaso ditu zazpi golak: Bartzelonan lau, Granadan bi, eta Getafen bat.

Haietatik Bartzelonan soilik galdu duen arren, Anoeta da Realaren sasoi onaren gakoa: «Etxean egin da bereziki indartsu. Bost partidetan hutsean utzi du atea, eta hamabost puntutik hamahiru lortu ditu», azpimarratu du Martinezek. Sevillaren aurka berdindutako neurketa ez beste, Anoetan jokatutako gainerako lau partidak irabazi ditu.

Horrek eraman du lidergora, eta atzelari ohi nafarrak argi du zein den horren guztiaren sekretua: «Gehien gustatzen zaidana da nola defendatzen duten. Lerroa oso aurreratua edukitzen dute, erdiko atzelariak ia zelai erdian egoteraino, eta aurkariaren zelai zatian lapurtzen dituzte baloiak. Horrela, kontrarioak atzean sartzen dituzte».

Realari baloia ostu orduko, txuri-urdinek «etenik gabe presioa» egiten dute. Horri erasoko jokoaren eraginkortasuna gehitu behar zaio, Martinezen arabera: «Talentu handia dago. Aurrealdeko jokalari gehienak selekzioekin aritzen dira: Isak, Oiartzabal, Januzaj, Sorloth...».

Egiteko modu baten isla

Realaren talde nagusia egiten ari den lan ona «zelaian eta handik kanpora» osatu duten proiektuaren erakusle dela uste du Martinezek. Alde horretatik, zehaztu du Imanol, Mikel Labaka eta Ion Ansotegi teknikariak egiten ari diren lana «zalantza oroz gaindikoa» dela. Antzeko iritzia du klubeko beste alorretan ari direnez ere. Roberto Olabe futbol zuzendariaz, Erik Bretos ikuskatzaileaz eta Jokin Aperribai presidenteaz mintzatu da: «Azken batean, klubaren arrakasta da: lehen taldearen emaitzak hor daude, baina baita bigarren taldearenak ere, emakumezkoenak... Kluba ondo baldin badago, lehendik datorren lanarengatik da».

Zubietako katebegien arteko lotura horrek ere badu eragina gizonezkoen taldearen jardun egokian. Martinezek azaldu duenez, «urtez luzez ondutako proiektuan» jokatzeko era jakin batera lotu dituzte harrobikoak: «Behekoek jokatu behar izan dutenetan, badakite nola jokatu behar duten. Gainera, intentsitate handian jokatzen dute, eta igarri egiten da konfiantza eta talentua daudela».

Harrobiko jokalarien eta kanpotik etorritakoen uztartzeari Reala B-ko jokalarien laguntza batu zaie sasoi hasieran, lesio kopuru handiagatik, eta haien parte hartzea funtsezkoa izan da. Joan zen larunbatean, atzera gabe: Julen Lobetek Mallorcaren aurkako neurketaren hondarrean egindako golak jarri du lider Reala.

Datozen jardunaldiei begira ere garrantzitsuak izango dira behetik igotako jokalariak. Zenbait futbolari ez dira oraindik osatu, eta partida kopuru handiari aurre egingo diete txuri-urdinek. Bihar bertan Austrian ariko dira, Sturm Grazen aurkako Europa ligako neurketan: «Partida garrantzitsua da sailkapenari begira, eta espero dezagun taldeak maila berean segitzea».

Biharkoaren ostean, asteburuan nahiz aste barruan ligako partidak jokatuko dituzte donostiarrek: Atletico Madril eta Celta bisitatuko dituzte igandean eta datorren ostegunean, hurrenez hurren, eta Athletic jasoko dute hilaren 31n: «Partida asko dira, eta zailak. Halere, Realak Mallorcaren aurka erakutsi zuen zailena ere egin dezakeela, eta horrek indarra emango dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.