HILBERRIA. J. Baldessari

Hedabideak, artea eta umorea

BERND THISSEN / EFE.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
«Ez dut arte aspergarri gehiago egingo». John Baldessari bideo batean, 1970etan, esaldi hori idazten. Krisi latza gainditu berria zuen artistak, Errauste Proiektua-ren bitartez: San Diegoko (Kalifornia, AEB) ehorztetxe batera eraman zituen gero eta gogaikarriago iruditzen zitzaizkion bere margolanak, eta bertan errautsarazi; errautsokin galletak egin, eta New Yorkeko Moman erakutsi zituen. 1970a zen. Handik aurrera, sekula galduko ez zituen umorea eta kolorea erabili zituen, testu, bideo, argazki collage eta eskulturaz osatutako mundu kontzeptual bat eraikitzeko. Eskola sortzeko.

1931n jaio zen, National Cityn(Kalifornia, AEB). San Diegoko unibertsitatean egin zituen arte ikasketak, eta irakasle aritu zen lehenik. 1963an ekin zion margolaritzari. Artea beste zerbait zela erabaki zuen arte. Erraustutako bere margoetatik, mundu mailan eragin handia izango zuen artista kontzeptual bilakatu arte, irudiaren eta hitzen arteko harremanaz etengabean gogoetatzeko prest.

1980eko urteetan ekin zion argazkiak lehengai bihurtzeari. Zinema eta hedabideak ikertu zituen, eraikitzen duten inkontziente kolektiboa absurdotasunaren bitartez birrintzeko. Horren erakusle, azken urteotan emotikonoekiko agertu zuen interesa.«Nola ez duzu izango, bada, emotikonoekiko interesa? Hain lerdoak ikusten dira!», zioen 2017an, L.A. Times egunkarian egin zioten elkarrizketa batean. Urte berean, honako hau ziotson The Guardian-eko kazetari bati: «Sinetsita nago, baikortasun gehiegirekin akaso, artea hizkuntza bat dela berez, eta munduko edozein bazterretako jendeak uler dezakeela». Igandean hil zen, Kaliforniako Venicen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.