Uxue Fraile. Mendi korrikalaria

«Banekien itzuliko nintzela. Noraino? Hori zen zalantza»

Uxue Frailek Mont Blanceko Ultratrailean lortutako bigarren postuak balio handiagoa du, aintzat hartuta 2017a 'geldirik' pasatu zuela, belauneko lesio larri batengatik.
ANDONI CANELLADA / @FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko irailak 18
Irribarretsu eta korrika azaldu da hitzordura. Berriro ere soin hezkuntzako irakasle lanean hasia da, eta oraindik ere ordutegietara moldatzen saiatzen ari da. Munduko ultratrailik ezagunenean lortutako bigarren postuarekin, UTMB Mont Blanceko Ultratraileko historiara pasatu da Uxue Fraile donostiarra. Oraindik zalantza askorekin dago datorren urterako.

Bi aste baino gehiago igaro dira UTMBko podiumera igo zinela. Nola ari zara lehengoratzen?

Osasunez ondo nago, nekatuta, baina ondo. Hala ere, loaldia lehengoratzen ari nintzenean, izugarrizko parranda egin nuen, eta berriro ere logurak jota nabil, baina orain hau tokatzen da [barreak]. Logurarena da gauza guztien artean okerrena. Uda guztia ordutegirik gabe ibili eta gero, UTMB jokatu eta hurrengo egunean lanean hastea tokatu zitzaidan, gainera. Egun batzuk behar izaten ditut berriro ere ordutegietara moldatzeko. Egia da UTMB honek giharrak oso ukituta utzi dizkidala, denbora ez da alferrik pasatzen, eta denbora pasatu dut halako ahalegin bat egin gabe. Oinez edo bizikletaz ibili naiz, baina oraindik ezin izan dut korrikarik egin.

Iazko hutsunearen ondoren, zer esan nahi izan zuen zuretzat aurten berriro lasterketan izateak?

Iaz, ez nintzen korrika izan, baina bai anaia jarraitzen, eta orduan konturatu nintzen berriro ere Chamonixen egon nahi nuela. Lasterketa desberdinak ikusten egon nintzen 2017an. Batzuetan, Zegaman eta Ehunmilietako asteburuan, esaterako, emozioz gainezka, hunkituta, negar ere egin nuen. UTMB ikusten, argi nuen berriro ere itzuli behar nuela. 2016an hirugarren egin ondoren, zalantzak sortu zitzaizkidan itzuliko nintzen ala ez, baina iaz konturatu nintzen asko emozionatzen nauen lasterketa bat dela oraindik. Beraz, itzuli nahi nuen.

Hala ere, zalantza askorekin joan zinen UTMBra.

Ia bi urte horrelako lasterketa bat egin gabe egoteak zalantza dakar; ez nuen argi nola erantzungo zidaten gorputzak eta buruak. Halere, nire lanak eginda joan nintzen UTMBra, eta lesioa guztiz ahaztuta. Beste kontu bat da emaitza, baina emaitza beti dago besteen menpe. Faktore askok baldintzatzen dute emaitza. Askotan, inoizko lasterketarik onena egin eta gero, podiumetik kanpo gera zaitezke, eta alderantziz, sartu ere bai. Ez dago norberaren esku. Oro har, pozik nago egindako lasterketarekin, eta betiko mamuak azaldu bazitzaizkidan ere, beste modu batera kudeatu ahal izan nituen. Noski, orain, etxetik, beti dago zer hobetua eta zer aldatua. Ez dakit sorpresa izan zen 26 orduan amaitzea, bi urteren ostean ez delako erraza jakitea, baina horretarako entrenatu naiz, eta edozer gauza gerta zitekeen.

Bi urteko geldialdiaren ondoren, zein izan zen lasterketarako planteamendua?

Ez dut inoiz planteamendu zehatzik eramaten. Aurreko urteetako denborak ere ez nituen gogoan, nire anaiak eta entrenatzaileak bai. Irteeran oso aurrean jarri ninduten, baina lehen kilometroetan emakume askok aurreratu ninduten, agian hamabost baziren aurretik. Handik aurrera, jendea aurreratzen joan nintzen. Ez nuen erreferentziarik izan lasterketaren zatirik handienean. Asko harritu ninduena zera izan zen, nahiko azkar harrapatu nituela lasterketa irabazteko faboritoak iruditzen zitzaizkidanak.

Kilometroak aurrera, eta faboritoak erortzen. Asko harritu al zintuen?

Niretzat, Mimmi Kotka suediarra zen irabazteko faborito nagusia, baina jasotako mezuren batengatik susmoa hartzen ari nintzen zerbait gertatzen zela. Ez zen ezer ziurra, baina banekien zerbait bazuela. Gero, Caroline Chaverot ere ez nuen batere ondo sumatu lasterketan aurreratu nuenean. Clare Gallagher ere aurten ez da iaz bezala ibili... Ni nire lana egitera atera nintzen.

Noizbait haserre ere ibili omen zinen zeure buruarekin.

Contaminesen [31. kilometroa] asko haserretu nintzen neure buruarekin. Oinetakoak aldatu nituen, baina ez nintzen batere gustura ibili, janari pila bat hartu nuen, nahiz eta jakin ez nuela jango, pisu asko, denbora asko pasatu nuen anoa gunean... Jende askok aurreratu ninduela pentsatzen jarri nintzen, baina, dirudienez, jada hirugarren jarri nintzen. Ez nuen ezer ulertzen. Asko kontrolatzen ditut gauza hauek, baina orduan oso galduta nengoen. Dirudienez, aurretik nituenak orduan atzetik nituen eta aurreratutako batzuk berriz aurrean. Beraz, kontuak ez zitzaizkidan ateratzen.

Noiz konturatu zinen bigarren postuan zindoazela?

Egia esan, ez nintzen gehiegi konturatu. Denbora gehienean hor ibili nintzen, lehenik laugarren, gero hirugarren... Aldaketa asko izan ziren lasterketan. Amaieran argiago izan nuen, eta banekien Canepa aurretik nuela hamabost minuturen abantailarekin, baina nik denbora guztian atzera begiratzen nuen. Amaiera aldera, emaitza zela eta, neure burua asko estutu nuen, estresatua nindoan. Hori da beste mamuetariko bat. Egia da Chamonixera jaisten eta helmugan egina oparitu niola neure buruari. Azken jaitsieran aurkitutako jendeak esan zidan bizpahiru minututara nuela, baina jada Chamonixen nintzen.

Amaieran, lau minutuko tartea izan zenuen irabazlearekiko. Askotan pentsatu al duzu irabazteko zorian egon zinela?

Han bertan ez nuen pentsatzen, baina etxera itzulita, batzuetan pentsatu dut, denbora zertan galdu nuen: azken jaitsieran, bi aldiz gelditu nintzen txiza egitera, anoa guneak, agian uneren batean korrika gehiago egitea, uf... Baina gauza bera esan dezake han bildutako edonork. Lasterketa Chamonixen hasten eta bukatzen da eta norberak kudeatzen du, ahal duen bezain ondo.

Chamonixen izan zaren lau urteetan lehen bosten artean sailkatu zara: 2014an bosgarren, 2016an hirugarren, eta 2015ean eta 2018an bigarren. Zerbait bada…

Oso zaila da urtero hor egotea. Nik, azken urteetan, UTMB izan dut helburu nagusia, eta erabaki hori hartzea ere ez da batere erraza. Asko ez dira urtero joaten.

Batzuen iritziz, aurtengoan ez da maila handirik izan emakumeen artean. Hala ere, sei emakume 27 orduren azpitik helmugaratzeak aurkakoa adierazten du. Zer pentsatzen duzu horretaz?

Gizakiak beti izan du gauzei balioa kentzeko gaitasuna. Oso erreza da esatea, «bai, irabazi du, baina ez zegoen mailarik». Ez mendi lasterketetan bakarrik, bizitzan esaten den zerbait da. Horrelakoak gara. Aurten, mutilengatik ere hori esan dute, baina aurten ere lehen hamarren artean sartzea izugarria izan da. Ez nuke nahi goraipatuko den zerbait izatea, baina ez zait bidezkoa iruditzen egindakoari balioa kentzea. Datuak hor daude, irabazlearen denborak ez dira izan azken urteetakoak, 26 ordu azpitik, baina 27 ordu azpitik sei korrikalari sartu dira, 12 korrikalari 28ren azpitik... Nire ustez, historiako lasterketarik onena izan da, kopurua eta egindako denborak aintzat hartuta.

Gustura amaitu al zenuen?

Bai, oso zoriontsu amaitu nuen, eta hori nabari zen helmugan. Ez nuen espero hainbeste oihartzun izatea. Jende asko emozionatu zen, eta horrelako gauzek asko betetzen naute.

Nola gogoratzen duzu 2016ko abenduaren 11, istripuaren eguna?

Banekien hor ez nuela egon behar, bazegoen zerbait hori esaten zidana. Ez nengoen gustura, eta, azkenean, istripua izan nuen. Eskiatzen ari nintzela apurtu egin zitzaidan lotailu gurutzatua. Hasieran, lasai nengoen, eta gogoratzen dut Adur Mendizabalek ekarri ninduela nire autoan Vielhatik [Herrialde Katalanak]. Etxera itzuli eta hiru egunera esan zidan traumatologoak zer neukan. Ezin nintzen oinez ibili, eta erresonantzia magnetikoak dena baieztatu zuen.

Zer etorri zitzaizun burura?

Egia da urte hura nahiko nekatuta amaitu nuela. Hurrengo urterako egutegia prestatzen ari nintzen, Donostiara itzuli berritan nengoen, denen beharra nuen... Anaiak eta amak asko lagundu zidaten, eta pazientzia handia izan zuten nirekin. Asko diet eskertzeko.

Denbora nola pasatzen zenuen?

Gauza ezberdin asko egiteko aprobetxatu nuen. Ondo etorri zitzaidan Donostian denbora gehiago pasatzeko, eta, nik esaten dudan moduan, «bakoitza gelditzen ez denean, bizitzak gelditzen du bakoitza». Beste bizitza bat hasteko aukera eman zidan. Asko lagundu didaten gauzak egin ditut handik aurrera, gimnasioan orduak eta orduak pasatu ditut, Atletico San Sebastianeko lagunekin elkartu, bizikleta, pintxo-potea... Inoiz egingo ez nituen gauza asko egiten hasi nintzen.

Askotan pentsatu al zenuen dena pikutara bidaltzea?

Uste dut ezetz.

Berriro ere korrika egiteko esperantza galdu al zenuen?

Egun batzuetan, bai. Egun gogor asko izan ditut bidean. Banekien itzuliko nintzela. Noraino? Hori zen zalantza.

Lesioaren ondoren, berriro ere korrika hasi zineneko eguna oroitzen al duzu?

Lehengoratzeko lan asko egitea tokatu zitzaidan. Asko saiatu behar izan dut bi hankak aldi berean indartsu izateko. Asko lagundu didate Mikel Arcek hasieran eta Javi Hernandez Bellok gero. Hala ere, atzerapauso bat izan nuen lehengoratzean, 2017ko irailean. Beste bi hilabete eman nituen korrika egin gabe, gimnasioan eta bizikletarekin lanean. Berriro ere hasi behar izan nuen beste prozesu batean. Probak egiten nituen, eta esan dezaket 2018ko urtarrilean hasi nintzela berriro ere korrika. Hura izan zen abiapuntua, mugarria.

Korrika ez, baina geldirik ere ez omen zinen egon lesioaren ostean.

Ez ez, geldirik ez nintzen egon. Makuluekin nengoela ere, berrogei minutuko ariketa taulak egiten nituen, abdominalak, flexioak... Aurrerago ere, egunero egiten nuen zerbait, bizikleta ez bazen, igeri, bestela gimnasioa... eta batzuetan denetarik pixka bat.

Geldirik egon zinen denboran, korrika egitearen falta sumatzen zenuen?

Egia esan, ez. Ezina onartzea oso gogorra da, eta horregatik uste dut hasieran ez nuela faltan ematen korrika egitea. Negar asko egin nuen Estanis Sarasua masajistarenean, inpotentzia asko sentitu dut denbora honetan.

Chamonixko helmugan bigarren sartu bazinen ere, kolokan utzi zenuen berriro ere han izatea. Oraindik berdin pentsatzen al duzu?

Nik argi neukan aurten itzuli nahi nuela, eta, oraindik argiago, lesio batek ez ninduela erretiratuko. Baina nik gauzak prestatzeko dudan modua oso gogorra da. Uztailean eta abuztuan korrika jarraitu behar dut, askotan, bakarrik gainera. Aurten, asko kostatu zait, eta udari amaiera polita eman diot, baina ez dakit hau dena berriro ere pasatu nahi dudan. Bestalde, egia da UTMB prestatzeko oso ondo datorkidala uda, oporretan nagoelako eta denbora gehiago dudalako ondo prestatzeko. Bi aldeak ditu, ona eta txarra. Egon ziur, itzuliko naiz, agian 50 urterekin, agian hurrengo urtean, baina zalantza asko ditut. Noski, ez orain, orain itzuliko nintzateke, baina gogoan ditut abuztuko egun batzuk, ez horren gozoak.

Aurten, G2H Goierriko Bi Handien arantza gelditu omen zaizu.

Bai. Izugarrizko gogoa nuen etxean korrika egiteko. Oso gutxitan egin izan dut korrika Euskal Herrian, eta gogo berezia nuen. Lasterketan asko gozatu nuen, bertan behera gelditu zen arte. Baina esan behar dut erabaki zuzena izan zela. Izugarrizko arantza gelditu zait.

Itzuliko al zara?

Ez dakit, aurten egin nahi nuen. Datorren urtean? Kolokan uzten dut erabakia.

Zazpi urte daramatzazu ultra distantziako lasterketak egiten. Azkar pasatu al dira?

Bai, oso azkar.

1974an jaiotako lau korrikalari izan zarete aurten UTMBn. Laurok dakizue zer den UTMBko podiumera igotzea. Azken dortsala jarri omen dute bik: Iker Karrerak eta Zigor Iturrietak. Noiz arte izango dugu Uxue Fraile?

Ez dut ezer berririk esango Karrerari eta Iturrietari buruz. Gauza handiak egin dituzte biak ere. Javi Dominguez ere hor dago, urtero bere onena ematen. Uxue Fraile korrikalariari ere ez zaizkio urte asko falta erretirorako. Ondokoak ari dira gutxinaka eta niri ere ez zait asko falta. Betiere onena emateko helburuari buruz hitz eginda. Guztiok jarraituko dugu gure irteeratxoak egiten, baita dortsalen bat jartzen ere. Hori gure erraietan dago.

Jarraipenik izango al duzue Euskal Herrian?

Ultren mundua oso zabala da Euskal Herrian. Askotan pentsatzen dugu ultrek duten zailtasunei ez diegula aurre egiten baldintzarik onenetan. Dena ultra da, baina nik uste dut ultrek bere bidea behar dutela. Beti pentsatu izan dut ultretara iristeko bide luze bat egin behar dela. Ni ez naiz moden aldekoa, eta iristen ari dira geldialdi larriak. Niri ere iritsi zait, lesio moduan, neke moduan, aldaketa organikoak eta fisikoak... Kontuan hartu beharreko gauza asko ditu ultren munduak.

Zure ametsetako bat AEBetako Hardrocken lehiatzea da (161 kilometro, + 10.500 metro). Oraindik ere bai?

Bai. Egia da ez dakidala zergatik, baina betidanik izan dut hara joateko gogoa. Oso altuera garaian lehiatzen den lasterketa da, baina entrenatzeko oso zaila. Gero, egia da zozketa egiten dela eta zortea behar dela, baina tokatuz gero, ez nioke ezezkorik esango.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna