Ukraina: gaztetasuna du bidaide

Aleksandr Zintxenko. R. GHEMENT / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Sailkatze faseko ezustekoetako bat izan da Ukraina. Multzoko aurreneko gisa sailkatu zen, Portugal 2016ko Eurokopako garailearen aurretik. Aurkariak ikusita, multzoko bigarren posturako lehian ibiltzea espero da, Austriarekin batera. Aurreikuspen handiak dituzte, gutxi behar baitute azken bi nazioarteko txapelketa nagusietan egindakoa hobetzeko: 2016ko Eurokopan, ez zuten golik sartu, eta ez ziren sailkatu 2018ko Munduko Koparako. Baina bolada onean daude azkenaldian, eta horrek konfiantza eman die.

Baloia ondo mugitzen dute, eta ukrainarrek bikain menperatzen dituzte trantsizio azkarrak eta kontraerasoak. Oso erasokorrak diren jokalari asko dituzte aurrealdean, eta oso denbora gutxi behar izaten dute arriskua sortzeko. Oso talde gaztea da, eta, horrek hainbat albo ondorio izan baditzake ere, partidako azkeneneko minutuetan nabaritu egingo dute adinaren freskotasuna. Azkar ibili beharko dute final-zortzirenetarako sailkatu nahi badute.

Talentu handiko jokalari multzoa du Ukrainak, eta, gainera, gehienentzat erreferentzia izan den Andri Xevtxenkok du taldearen aginte makila: hura da hautatzailea. Argi du zertara jokatu nahi duen, eta, berezko duen lidergoari esker, artalde batek artzain txakur bati adina egiten diote kasu.

Jokalari gazte guztien artean, Manchester Cityko Aleksandr Zintxenkok du sonarik handiena. Hainbat postutan joka dezake, eta horrek aberastu egiten du haren jokamoldea. Cityn ezker hegalean aritzen bada ere, izatez, erdilaria da, eta selekzioan postu horretan jokatzen du. Haren oinetatik eta burutik pasatzen da joko ia guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.