SERIEA. 'Goenkale'-ren amaiera (eta IV). Euskara

Hitzaren musika bizia

Anjel Lertxundi gidoilari taldeko hizkuntza arduradunak atondu zuen 'Goenkale'-n elkarrizketak egiteko estilo liburua. Ritxi Lizartza izan zen euskara arduraduna lehen 11 urteetan. Funtsezkoa izan zen hurrengo urteetan platoko zuzentzaileek egindako lana. Lan hori ez galtzeko eskatu dute.
Mikel Garmendia zena eta Paul Zubillaga aktoreak Boga-boga tabernan, <em>Goenkale</em>-ko eszena batean, 1997. urtean.
Mikel Garmendia zena eta Paul Zubillaga aktoreak Boga-boga tabernan, Goenkale-ko eszena batean, 1997. urtean. EITB

Urtzi Urkizu -

2015eko abenduak 18
1994an telesaila martxan jarri zuen taldeak euskara eredu hurbil eta natural bat eskaintzea zuen helburu, ahozko euskara estandar bat. Euskara hasieratik zaintzea izan zen saioaren arrakastaren gako nagusietako bat.

Bi hamarkadotan Goenkale-k izan badu bertuterik, erabilitako euskara estandarra izan da. «Ahalegin berezi bat egin zen euskara komunikatibo bat egiten, euskara estandarretik abiatuta, edozein herrialdetan ulertzeko modukoa», oroitu du Ritxi Lizartzak —euskara zuzentzailea, 1994tik 2005era—. «Hizkera bat landu behar zen, zuzena izango zena, edozeinek ulertzeko modukoa eta zokokeriak baztertuta». Hizkuntzan asmatu zuen ekoizpenak, eta toki guztietan izan zuen arrakasta. Bea Zabalondok —sei urtez elkarrizketatzailea izan zen— goraipatu du Anjel Lertxundi gidoilari taldeko hizkuntza arduradunak egindako lana: «Hark atondu zuen elkarrizketak egiteko estilo liburua, eta hark egin zuen euskaraz sortutako ikus-entzunezko fikzio lanen idazkera sistematizatzeko lehen ahalegina».

Lertxundik berak RIEV aldizkarirako 2010eko artikulu batean —Mario Esnal goitizenarekin— honela idatzi zuen saioaren euskararen hurbiltasunaz: «Eredu hurbil, eredu natural bat eskaintzea, hori izan zen Goenkale abiarazi zuen gidoilari-taldearen apustuetako bat: jendeak ia oharkabean jasoko zukeen hizkera natural bat lortu nahi zen».

Lizartzak aitortu du ez zela propio kalean erabiltzen zen euskara eredua: «Kaleko euskara ez da kasu askotan txukuna, erdararen kutsu handia duelako. Baina bazen kalean erabili beharko genuenaren sintesi bat». Ordura arte, sorkuntza propiotik euskara estandarrera joko zuen adibiderik ez zen. Alde horretatik, Goenkale-k euskara estandarra etxeetan sartzea lortu zuela nabarmendu du Lizartzak. «Lortu zuen jendeak kalekotzat eta naturaltzat jotzen zuen euskara hori egunero etxean jasotzea».

Zabalondoren iritziz, kaleko hizkuntza ez da sekula telebistakoa izaten. «Baina badago kaleko hori fikziora ekartzeko ahalegin bat. Hori lortzen da ahozkoaren imitazio bat egiten, idazkera esateko moduetara ekarrita eta hizkuntzak berak daukan bizitasunarekin». Horretan Goenkale-k asko erakutsi du, eta aurrera egin dela uste du Zabalondok.

Lizartzak eta Jose Luis Aranguren Txiliku-k —platoko gidoi arduradun eta zuzentzaile ibili zen bederatzi urtez— hitanoaren erabileran egindako lana nabarmendu dute. Hitanoaren aditz paradigma finkatu gabe zegoen telesaila martxan jarri zenean. «Hitano batuaren zabalkuntza Goenkale-k eman du», dio Txilikuk. «Telesailak jarri du bizirik».

Sobia tabernako Mikelek (Iñaki Beraetxe) bazuen gogoko esaldi bat: «Entzun zak belarritik!». Esaldi baliagarria, hizkuntz arloko adituen ustetan. «Platoan, ardura nagusia zen hizkuntzak ez zuela zaratarik atera behar», gogoratu du Txilikuk. «Baina, horretarako, hizkuntzak neurrira jositako txaketa bezala joan behar zuen pertsonaia bakoitzarekin». Horrek funtziona zezan, gidoilariek belarriz idazten ikasi behar izan zuten. Desafinatu ez zezan gero. «Desafinatzen badu, tramaren haria galtzen ari da. [Hizkeraren] Musika funtsezkoa da. Musikan funtsezkoa ordena da, eta erregistroak». Pertsonaia bakoitzak egoera bakoitzera egokitutako erregistroak eskatzen ditu.

Ahozko erregistroa, natural

Lizartzak nabarmendu du Goenkale elkarrizketak idazten ikasteko tresna izan zela. «XIX. mendearen amaierako eta XX. mendeko hasierako antzerkian, elkarrizketak oso biziak ziren. Beste formatu batean, ikus-entzunezkoetan, bada horren oinordeko bat». Naturaltasunaren barruan dialogazioa oso garrantzitsua dela iruditzen zaio. «Zorrozten joan da dialogazioa», dio Txilikuk.

Zabalondoren arabera, gaur egungo gazte euskaldun askok eskolan ikasi dute euskara, baina erregistro batzuk falta zaizkie. «Bizitasun hori guztia falta zaie. Goenkale bada bizitasun horretarako tokia, eta ETBri dagokio hori egitea. Fikzioaren bitartez ikas dezakete gazteek, baina ez dute ia halakorik euskaraz». Gogor mintzo da Txiliku: «ETBren parrilla hutsik dago. Ikus-entzunezkoek eman behar dituzte erreferentziak». Hizkuntza gutxitua izanik, euskaraz gehiago egin beharko litzatekeela iruditzen zaio. «Euskararen koloreak fikzioak ematen ditu. Fikzioa kentzen badiogu hizkuntzari, akabo». Lertxundik RIEVen idatzi zuen: «Egiten duena baino gehiago egin zezakeen telebistak euskararen garapenean». Ados daude Zabalondo, Lizartza eta Txiliku.

Hizkuntz arloan eginikoa zabaltzeko pedagogian ere sendoago jokatu behar zuela uste du Zabalondok. Goenkale-k lan handia egin baitu. Lizartzaren aburuz, telesailak lortu duen gauzarik garrantzitsuena da etxe askotan euskara «natural» sartu dela. «Gustagarria egin da euskara etxeetan. Euskara estandar bat sartu du, kontakizunari uko egin gabe. Jendeak gozatu du fikzioarekin, jabetu gabe etxe bakoitzean egin duen lana». Goenkale-k arrakasta izan badu, neurri handi batean, hizkuntza asko zaindu delako izan duela uste du telesailaren lehen euskara zuzentzaileak.

Aurrera begira, Lizartzak argi du Goenkale-k langa bat jarri duela. «Hemendik aurrera, hortik gora jo behar da». Zabalondok baliabideak eskatu ditu horretarako: «Beharrezkoa da». Baina ohartarazi dute, esate baterako, grabatzen ari diren Eskamak kentzen telesailean ez dagoela euskara zuzentzailerik. Horrek «ardura guztia» aktoreengan uzten duela salatu du Lizartzak.

Zabalondok eta Lizartzak hausnartu dute «jakintza kolektiboa» handitu dela ikus-entzunezkoetan. «Maila bat lortu da. Badakigu zenbat edan behar den zuzentasunetik, egokitasunetik eta komunikagarritasunetik. Zer pozima behar den», esan du Lizartzak. Goenkale-n egindako lan hori alferrik ez galtzeko eskatu dute. «Kontuz! Eta orain zer?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna