KRITIKA. Interprete gazteen zikloa

Latzak ez diren hatzak

Ander Marzana, Arkaitz Mendoza
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Lekua: Donostiako Miramar jauregia. Eguna: Abuztuak 23.

Gaur egungo gizarteak jipoitzen duen erritmo basati eta ero honetan, ikusgarritasunak urrezko domina du preziatuen altxorretan. Geroz eta azkarrago jasotzen ditugu kaleko lilurak: bideo sinesgaitzak, irudi haluzinagarriak eta erronka olinpikoek gu guztion txalo sorta daramate eskuetan. Musikan beste horrenbeste; hara hemen aztertuko dugun Ander Marzana piano jotzaile gaztearen erakustaldia. Ludwig van Beethovenen Waldstein sonatan azaldutako hatzak ez dira latzak ez, suziri abiaduran egiten dute bide teklatuan barrena eta artikulazio harrigarrian dantzatu zituen zailtasun handiko oztopo guztiak. Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan konposizio eta pianoan garaile irten da bilbotarra eta ziurtasun handiko Beethoven bat aurkeztu zuen. Dena argi zuen Marzanak, zalantza izpirik gabe helarazten du musika, nahiz eta pasarte mantsoetako melodien nondik norako garapenean ulergarritasuna motz sentitu. Hor du esploratu gabeko bide luzea Marzanak: musika esaldi bakoitzaren soinuan kolore interesgarriak azaleratzeko jarrera zorrotza. Horren adibide Frederic Chopinen Opus 48 Nokturnoa, estilo basatiegian, Sergei Ratxmaninov errusiarra zirudien, dotorezia eta liluraz beteriko apaindurak gozatu gabe.

Marzanaren ikusgarritasuna hatz elektrikoetan garatu arren, Maurice Ravelen Bals noble eta sentikor-etan lehen aipaturiko soinu ezberdinak sendoki nabarmendu zituen, emanaldiko unerik distiratsuena bilakatu arte. Heldutasun aipagarrian lotu zituen dantza guztiak, bakoitzetik etekin zoragarria atereaz. Eroso sentitu genuen Marzana, pedalaren erabileran garbi eta txikiegia zen kola erdiko piano horretatik egundoko zirta kanporatuz. Amaitzeko, latz ez diren hatzak erritmo basatian martxan jarri zituen Xavier Montsalvatgen Sonatina-n. Obra horren Allegretto-ko azken bi minutuak erakustaldi ikusgarrian loreztatu ziren, Ander Marzana piano jotzailearen etorkizuna harribitxiz josita dagoela frogatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.