KRITIKA. Zirkua / Dantza

Hiru zoro maitagarri

Eins Zwei Drei ikuskizunean taula gainean aritzen diren hiru artistak. NELLY RODRIGUEZ / MARTIN ZIMMERMANN KONPAINIA.
Agus Perez.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

'Eins Zwei Drei'

Konpainia: Martin Zimmermann. Dramaturgia: Sabine Geistlich. Musika-sorkuntza eta interpretazioa: Colin Vallon. Eszenografia: Martin Zimmermann, Simeon Meier. Argiak: Jerome Bueche. Taula gaineko artistak: Tarek Halaby, Dimtri Jourde, Romeu Runa. Lekua: Angeluko Quintaou antzokia. Eguna: Maiatzak 22.

Piano musika entzun da emanaldiaren hasieran, eta oihal gris handi batek estali du taula gainean egon zitekeena. Oihala albo batera labaindu denean, pianoa eta pianista bera agertu dira haren azpian, eta haiekin batera agertu da pailazo zuriaren arketipo garaikidea, atril baten atzetik gu guztiok agurtzen. Zirkuan ohikoa den bezala, hainbat hizkuntzatan agurtu gaitu, eta «gabon denei, ongi etorri» eta guzti entzun dugu «meine Damen und Herren» eta horrelako formula ezagun batzuen artean.

Martin Zimmermann suitzar sortzaileak New Yorken, Parisen eta Tokion aurkeztu ditu bere ikusgarriak, eta oraingo Eins Zwei Drei honekin (Bat Bi Hiru) hiru pailazo klasikoen gaurkotze garaikidea ekarri digu, Colin Vallon pianistaren ezinbesteko laguntzarekin. Teorikoki, arte-museo batean kokatu ditu gure aroko pailazo berritzaile horiek, eta ziur aski horrela izanik esanahi handiagoa hartuko luke guztiak, baina museoaren kontu hori garrantzi gutxikoa izan da, eta ni behintzat asebete geratu naiz clown-en artea hain molde apurtzailean, hain era determinatuan berritu dela ikustean.

Esan bezala, pailazo zuriak agurtu gaitu, baina laster etorri da Augustoren rola beteko zuena, zarpail beltzez jantzita eta metro erdiko belarri kulunkariez hornituta. Bien artean hasi da gauzatzen betiko paradigma irrigarria, non pailazo zuriaren duintasun hanpatua birrinduta geratzen baita Augusto trauskilaren zabarkeriengatik.

Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago emanaldian zehar ez dela hitzik esan, edo hobeto esanda, hitz asko esan dira, baina hizkuntzak nahasita edo batere hitz ulergarririk ez baliatuta. Hortaz, ekintza eszenikoak eta piano-musikak gidatu dute ikusleen irudimena, eta betebehar horretan funtsezko rola jokatu dute eremu eszenikoak eta argien diseinuak. Hala ere, hirukote izaten dira pailazo klasikoak, eta contre-pitre delakoren pertsonaia —desastre ororen pertsonifikazioa— lurraren barrunbeetatik agertu da, zorua azpitik apurtuz denon harridurarako.

Eszenografiaren beste elementu nagusia atzeko horma mugikor, tolesgarri eta birakaria izan da. Hango ate eta leihoei etekin miresgarria atera diete hirurek, pianoa eta pianista jiraka zebiltzalarik plataforma birakari batean. Hortik handik, magia, musika, dantza, umore fina eta inspirazio handiko uneak bizi izan ditugu, hala nola ur hutsez prestaturiko koktel sofistikatua, piano gaineko eskaileratik egindako ariketa desesperatuak eta hirugarren pailazoaren enkantea, hura tolestuta zegoelarik kaxa garden txiki batean... Ideia guztiek erdietsi dute maila aitzindaria, dena etorri da bat une oro, eta bigarren apoteosiaren ondoren ezin zen gehiago egin eldarnio surrealista hartan, baina beste hogei minutuz luzatu dute emankizuna, eta horrek zertxobait apaldu du amaiera borobil haren distira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.