Herriko kaleak, izaki bizidun

Haurrak eta gazteak dira nagusi astelenita eguneko desfilean, baina bazter guztietan ikus daitezke ezohiko eszenak Tolosan; herriko kaleak ere bizidun bihurtu dituzte. Mozorroak soinean, ikuskizunekin girotu dituzte kaleak.

Tolosako kaleen izenak mozorro bihurtu ditu Kazkabarra taldeak. G.A / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Tolosa
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun

Zer dute komunean letxuga batek, errementari batek, postari batek eta infernuak? Bada, denak dira Tolosako (Gipuzkoan) kale baten izenak; eta, era berean, denak bihur daitezke mozorro. San Frantzisko kalean aurrera doaz letxugaz, infernuz, errementariz eta postariz mozorrotutako Kazkabarra aisialdi taldeko haur eta gazteak. Hosto berdeak soinean, Letxuga kalea hezurmamitu du Goreti Orejak. Uxue Goikoetxeandia, berriz, errementari bihurtu da egun batez, alkandora koadroduna eta amantal marroia jantzita. Eskuan, burdina lantzeko mailua. Jaka urdina eta gutunak gordetzeko zorro marroia daramate postariek, eta goitik behera gorriz jantzi dira infernuaren ordezkariak. Kale bizidunak dira Tolosako ikastolako ikasle eta begiraleak. Astelenita eguneko desfilerako jantzi dute mozorroa; inauterietako bosgarren eguna girotzeko asmoz.

Kale bizidunen atzetik doaz Dragoi Bola telesaileko pertsonaiak: han dira Son Goku, Vegeta eta bola magiko laranjak. Desfilearen azken muturrean, berriz, Aladdin filmeko jenio eta sultanak ondo prestatutako dantzak egiten ari dira; kantuaren arabera koreografia aldatuz. Izan kale bizidun, Aladdin filmeko pertsonaia edota Dragoi Bola-ko marrazki bizidun, den-denak ari dira aurrez ondo landutako koreografiak plazaratzen. Nork bere atrezzo, kantu eta pauso propioak aurkeztu ditu, jantziak ikuskizunez hornituz. Dragoi bola laranjaz mozorrotuta, argibideak eman ditu Sara Gonzalez Atsedena taldeko begiraleak: «Prest zaudete? Dantzan hasiko gara berriz ere». Dragoi Bola-ren urteurrenaren aitzakian bururatu zaie mozorroa. Izan ere, 35 urte bete ziren iaz Japoniako Akira Toriyama marrazkilariak Doragon Boru izeneko manga komikia argitaratu zuenetik. Bide luzea egin du komikiak, eta marrazki bizidun eta film ere bihurtu dute behin baino gehiagotan. Komikia ez dute inoiz euskaratu, baina marrazki bizidunek 30 urte egin dituzte ETB1eko programazioan. Belaunaldi oso bat markatu dute pertsonaiek, eta inauterietarako ideia izan dira Tolosako gazteentzat.

Talde gehienek askotariko estilo musikalak nahasten dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, batik bat. Salbuespena dira Kazkabarra aisialdi taldeko kideak. Apustu berezia egin dute Tolosako kaleak gorpuztu dituztenek. «Gu gara bakarrak euskara hutsean dagoen musika jartzen dugunak; urtero egiten dugu hori, eta ondo zaintzen dugu zer kantu jarri», nabarmendu du Aitor Arroyo begiraleak.

Bide bazterrak pailazoz, sorginez, tigrez, errugbi jokalariz eta egiptoarrez lepo daude. Asko, sakelakoa eskutan, errepidean aurrera-atzera dabiltzan haur eta gazteei argazkiak ateratzen dabiltza. «Ikusten duzu Lukas?», ilobaren bila ari da gizon bat jende artetik. «Hantxe dago, koadrodun alkandorarekin!». Errementari kalea du mozorro Lukas ilobak.

Urtero txoko berean

Agertoki erraldoi bezain askotariko bihurtu da San Frantzisko kalea: taldeek mozorroak hornitzeko emanaldi bereziak prestatu dituzte. Karaokea atondu du bazter batean lagun talde batek. Ikusi mendizaleak abestia entzuten da bozgorailuetatik, eta mikrofonoa hurbildu dio Asun Pradak begira ari den gizon bati. Gainerakoak, kantuan eta dantzan ari dira, nor bere estilo eta moldera. Ohitura dute astelenitan ikuskizuna prestatzea, alor beraren bueltan. «Urtero egiten dugu musikarekin lotura duen zerbait», zehaztu du Pradak. «Beti jartzen gara toki berean, eta hemen daude urteroko alfonbra urdina eta lore horiak ere. Iaz AC/DC taldeaz mozorrotu ginen, eta, beste urte batean, Freddie Mercury izan zen gure mozorroa; gauza ikusgarriak egitea gogoko dugu».

Kalean aurrera, iruditegi koloretsuak ez du etenik. Trianguloa plazara heltzean, usaimena eta entzumena izan dira lehen arrastoak. Mailukadak burdinaren kontra, eta txorizo usaina. Detailerik ez du falta burdinolak. Ezpata bat zorrozten ari da neskato bat, lurrean eserita mailuarekin lapiko bat jotzen ari da gizon bat, eta matxardekin txorizo zati bat heldua du Uxue Lasak. Ogi zati bat hartu, eta ogitartekoa eman dio adi-adi begira duen haurrari. «Urtero jartzen gara hemen, eta gustatzen zaigu jantziekin batera agertokia ere prestatzea: atzo ile apaindegi zahar bat irudikatu genuen, eta, iaz, adibidez, Francoren desobiratzea». Lasak esplikatu du ahal dela aktualitateari heltzen ahalegintzen direla, baina aurten «etxean zituzten trasteekin» osatu dutela burdinola.

Xumeago, zenbait mozorro original ere ikus daitezke han eta hemen. Beltzez, eta Berri Txarrak-en kamiseta soinean, taldearen agurraren ondorioz alargun geratu direnak irudikatu dituzte bi neskak. Samurai etxea eraiki dute beste batzuek; kimonoa eta ileorde beltza jantzita, eta aurpegia zuriz margotuta. Etxola eta guzti, txakur mozorroa jantzi dute beste dozena bat herritarrek, eta, doinu flamenkoen erritmoari segituz, orpoez lurra jotzen ari da inguruan dabilen dantzaria.

Edozein dela ere soinean jarritako oihala, buruan jarritako ileordea edo azala margotzeko erabilitako pinturaren kolorea, ondo pasatzeko gogoa eta gorputza astintzeko nahia nabari da herritarren artean. Aurrez prestatutako ikuskizunen sustatzaile izan, zein ikusle izan, denak murgildu dira jai giroan. Kaleei bizia emateko aitzakia dira inauteriak Tolosan.

[YouTube]https://youtu.be/sAd94FWCLkk[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.