Jaia, alderik alde. Bustita eta lehor

Itsasadarrari etekin guztia ateratzen

Aste Nagusian, parrandarako ez ezik, kirola egiteko aukera ere badago. Batzuetan lasterka, bestetan igerian, baina beti giro onean. Aukera handia ematen du Bilbok horretarako ere.

Tipi-tapa, tipi-tapa, masta puntakoa! izan liteke irudi muntatze honetan ageri den kirolaren olinpiar leloa. BERRIA.
Bilbo
2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Nork esan behar zuen. Bilboko Aste Nagusi berria hasi zenean, itsasadarra bilbotar eta bizkaitar askoren zabortegia zen. Urteetako industrializazio handiak eta politika ekologikorik ezak egoera latzean utzi zuten. Gaur egun, ordea, Bilboko jarduera ekonomiko gehienak itsasadarrera begira egiten dira: paseoak, museoak, eraikin modernoak... Bilboko Konpartsak ere itsasadarrera begira jarri ziren orain urte batzuk. Gero eta ekintza gehiago antolatzen dituzte bertan eta haren inguruan. Hiri krosa eta masta puntakoa, adibidez. Urko Losada (Algorta, 1972) eta Garazi Arruti (Bilbo, 1985) Altxaporruko konpartsakideak dira. Losadak masta puntakoaren antolakuntzan dihardu, eta Arrutik hiri krosean parte hartzen du. Ibaiaren inguruan bata, ibaiaren barruan bestea. Bustita, eta busti gabe.

«Masta puntakoa aspaldi egiten zen Bilbon, baina, itsasadarraren kutsaduraren ondorioz, egiteari utzi zioten», dio Losadak. Aspaldiko argazki batekin etorri zitzaion konpartsetako kide bat duela sei bat urte. Argazkia 1940ko hamarkadakoa da. San Anton zubiaren ingurua ageri da irudian, eta bertan gabarra bat dago, masta puntako batekin. Inguruan, jende mordoa begira. Bilbon horrelako tradizio bat berreskuratu behar zutela pentsatuta, Losadarengana jo zuten: «Ni Algortakoa naiz. Portu Zaharreko jaietan aspalditik jartzen dugu masta puntakoa, eta horregatik etorri ziren nigana».

Orduan, Bilboko konpartsetako batzarrean aurkeztu zuten ideia, eta onartu egin zuten. Bilbo Zaharreko jendea zegoen bilera hartan, haiek ere konpartsetako kideak baitira. Masta puntakoarena entzun zutenean, euren auzoko jaietan ere jartzea pentsatu zuten. «Bilbo Zaharreko jaietan, slackline-a egiten dute itsasadarra zeharkatuz alde batetik bestera. Eta masta puntakoa entzun zutenean, euren auzora ere eramatea erabaki zuten». Beraz, Bilbo Zaharreko jaiak Bilbokoak baino lehenago direnez, eurak izan ziren lehenak masta puntakoa berriz itsasadarrera begira jartzen. Ondoren jarri zuten Aste Nagusikoa. Losadak gogoratzen du hamar bat pertsona baino ez zirela bildu lehen urtean. «Hasieran jendeak ez zuen bainurik hartu nahi itsasadarrean, baina ongi pasatzen genuela ikusita, azkenean, begira zeudenak ere animatu ziren». Urtez urte, gero eta jende gehiago batzen da. Ez hori bakarrik. Aste Nagusian eta Bilbo Zaharrean ez ezik, San Inazio auzoko jaietan ere jarri dute masta puntakoa. Hala ere, uretan sartu nahi ez duenak ere badu bustitzeko aukera, izerdiarekin bada ere. Hiri krosa urtero izaten baita Bilbon.

Arrutik aurreko urtean parte hartu zuen lehen aldiz hiri krosean, Altxaporruko kide batekin batera. «Ni herri kiroletan ibiltzen naiz; nire taldeko batzuek urteetan egin dute korrika, eta aurrekoan apuntatzea erabaki nuen», dio Arrutik. Hiri krosean korrika egiteaz gain, Aste Nagusiko herri kiroletako txapelketa eta erakustaldietan ere parte hartzen du Arrutik. Dioenez, ederrak dira halako frogak. Bai ikusteko, baita aritzeko ere. «Ingurune bakarrean horrenbeste ekintza egotea polita iruditzen zait».

Arrutik orain urte batzuk ez zuen hiri krosean parte hartzen, baina askotan joan da ikustera. «Jende mordoa biltzen da bertan, eta oso jende ezberdina: korrikalariak, familiak umeekin, konpartsakideak euren kamisetekin...». Giro ona sortzen dela uste du, eta emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa dela dio. Azken finean, egunero-egunero gero eta emakume gehiago ikusten dira korrika egiten kalean.

Beraz, Bilboko Aste Nagusian jaia bai, baina kirola egiteko aukera ere badago, lehorrean zein uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.