BERRIAk hamabost urte

Egindako giharra eta egiteko arnasa

Hamabosgarren urteurreneko ekitaldia egin du BERRIAk, ordezkaritza zabal baten altzoan. Urteotako berritasunak goratu dituzte, eta geroa ziurtatzeko babesa eskatu dute. Bideoak albistearen barruan.

Maialen Berasategi Catalan eta Mikel P. Ansa BERRIAko kideak, atzoko ekitaldian. JON URBE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

Aukeren eta mugen kronika da, egindakoarena eta ezin izandakoarena, nahiarena eta ezinarena, lorpenena eta ahuleziena. Hamabost urteko bidearen kronika. Euskarazko kazetaritzan egindako ekarpenarena, eguneroko jardunarena, ahaleginarena, aurrera jarraitzeko zailtasunena. Hamabost urte BERRIAk. Ospakizun ekitaldia egin zuten atzo, giharra badela erakusteko ekitaldia: egunero BERRIA egiten dutenak izan ziren ardatz. Eta arnasa hartzeko ekitaldia, BERRIAren dozenaka zaleren babesean. Arnasa eskatzeko ekitaldia ere bai: etorkizuna ziurtatzeko, euskarazko kazetaritzan bidea egiten jarraitzeko, babes handiagoa behar duela BERRIAk.

Beroa sentitzeko eguna izan zen atzokoa. Beroa, urteotan guztietan BERRIAren alboan egon diren hainbat lagunen bilgune izan zelako urteurrena: langileena, behargin ohiena, iragarleena eta irakurleena. Eta beroa, urteotan bidelagun izan diren eragileek ere bat egin zutelako urteurreneko ekitaldian. Erakundeetako ordezkari, saioan parte hartu zuten, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek, Andoaingo alkate Ana Karrerek eta Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek. Alderdi politikoetako ordezkariak ere izan ziren: EAJkoak, EH Bildukoak eta Elkarrekin Podemosekoak, esaterako. Eta euskalgintzako eta beste esparru batzuetako dozenaka eta dozenaka eragiletako kideak.

[youtube]https://youtu.be/5-lDvI7A4NY[/youtube]

Kronika bat izan zen ekitaldia, hamabost urteko bidearen kronika. Aldaketen kronika. Urteotan izandako azalberritzeak erakusten du egindako aldaketaren tamaina. Gaur hamabost urte kaleratu zuen lehen zenbakia BERRIAk, eta lehen azala. Argazki bat zekarren: hainbat komunikabidetako zuzendariak, BERRIA eskuan. Eta testuak: eguneko berriak eta kazeta berriaren aurkezpena. Testua zen ardatz. Aldatu da hori, aldatu denez: irudiak hartu du gero eta pisu handiagoa, eta bide horretan jarraituko du aurrerantzean ere. Gaur bertan, diseinu aldaketa batzuk eginda dator BERRIA.

Azala aldatu da, eta mamia. Urteotako lanaz aritu da Martxelo Otamendi zuzendaria: «Saiatu gara Euskal Herrian eta munduan jazo diren gertakizunen berri ematen, eta, berriarekin batera, azalpena eta analisia ere bai kasu askotan». Ahalegina, baldintza estuetan: «Saiatu gara profesionaltasunez jarduten, hedabide serio bati dagokion moduan. Ahalegina egin dugu, zuek jarriko duzue nota, askotariko iritziak biltzen, gure egunkarian agertu nahi izan dutenei ahotsa eta irudia ematen». Autokritika ere egin du: «Ez dugu dena ondo egin, bistan da; ahaleginak egin ditugu akatsetatik ikasten, eta dakienarengandik onena hartzen».

Egokitzapenak etengabeak izan dira hamabost urteotan, azalean eta mamian. Baina horretan jarraitu beharko dute. Horra ardatza: 2048an, zer egoera izango da?

Aldaketa betean

Hamabost urteko kronika horretan, aldaketa handiko garaiak dira oraingoak. Digitalizazioak bete-betean eragin du komunikabideetan. Horren alboan, krisi ekonomikoak ere erasan die hedabideei azken urteetan. Zimenduak kolokan jartzerainoko egoera sortu da, hortaz: egunkarien salmenta nabarmen jaitsi da, eta publizitatea ere bai. Eredu krisia. «Inoiz egon den jardunik egonkorrena, aldakaitzena, egunkari bat egitea, aurreikusezin bihurtu da; inork ez daki zer eta nola egingo dugun bost urte barru», ohartarazi du Otamendik. «Halarik ere, jarri dugu euskara munduko hizkuntza handien kale berean; erakusleiho txikiagoa da gurea, baina kale berean gaude».

Urteotan guztietan BERRIAren proiektuari eusten lagundu dutenak hartu ditu gogoan Beatriz Zabalondok, BERRIA Taldeko lehendakariak, ekarpen ezinbestekoa egin baitute aurrera segitzeko: «Herri oso batek bultzatu gintuen abiatzean. Herriaren indarrak babestu gaitu beti».

[youtube]https://youtu.be/19zp2z8NHhg[/youtube]
Babes handiagoa behar

Komunitate horren bultzada areagotzen ari da azken urteetan. Aldaketen erdian, paradoxa bat ageri baita: inoiz baino irakurle gehiago ditu BERRIAk, inoiz baino euskaldun gehiagok jotzen dute haren edukietara, baina diru sarrerarik ez dakar kontsumo horrek maiz. BERRIAlagunak izan dira egoera horretan eusteko oinarrietako bat, haien babesa. Hamabosgarren urteurrenaren bueltan, Geroa zugan leloarekin ari dira deia zabaltzen: BERRIA ari dela eginahalean euskarazko edukiak sarean jartzeko, euskaldun guztien eskura jartzeko, baina laguntza behar duela. Lortu du 15.000 BERRIAlagunen babesa, baina sarea zabaltzea da erronka.

Erakunde publikoen babesa da beste oinarria. Hamabost urteko ibilbide osoan izan dira instituzioak BERRIAren laguntzaile; «batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago», Zabalondok gogorarazi duenez. Nabamendu du arlo horretan ere badagoela aldaketarako premia: «Elkarrekin bultza egitea dagokigu». Helburu horrekin, hain justu, denbora daramate lanean Hekimen hedabide elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak, laguntzen eredua aldatzeko.

Aldaketaren kronika da. Egindako aldaketena eta egiteko daudenena. Berrikuntzarena eta berritu beharrekoarena. Duela hamabost urteko oinarriei begiratu die Zabalondok; Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi, eta BERRIA sortu zuten garaiari. «Euskal Herriak euskarazko hedabideak behar-beharrezkoak zituela aldarrikatzen genuen, eta haiek garatzeko azpiegiturak eta baliabideak lehentasunezkoak zirela». Egoera aldatu da, moduak ere bai, baina beharra hor dago, Zabalondok dioenez: «Gizartea aldatu da, baina herri honen premia handienetako bat da hedabideak eta kultur sistema osoa sendotzea. Herri izaera hortxe jokatuko da, neurri handian». Funtsezko rola du BERRIAk: «Euskal Herri osoa biltzen duen proiektu bakanetakoa da. Hala sortu eta hala bizi da, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako».

Hamabost urte gaur. Hamabost urteko kronika idatzi du BERRIAk; hamabost urteko giharra. Eta arnasa eskatu du aurrera egiteko. Ekitaldian izan ziren erakundeetako, alderdi politikoetako eta euskalgintzari lotutako eragileen iritziz, BERRIAren proiektuak badu etorkizunik.

Hona BERRIAren 15. urteurrenaren ekitaldia, osorik:

[youtube]https://youtu.be/pTECvgxiy24[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.