Esako urtegia

Esa: bi hamarkada mamuaren itzalpean

Hogei urte igaro dira Esako urtegia handitzeko lanak hasi zirenetik. Denbora horretan, lanen aurrekontuaren neurri berean handitu dira segurtasunari buruzko kezkak eta kontrako iritziak. Adituen ustez, lanak amaituta ere, «urtegia ez da inoiz beteko».

Esako urtegia. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Duela hogei urteko argazkian, irribarretsu ageri da Jaume Matas, garai hartan Espainiako Gobernuko Ingurumen ministroa zena, Esako urtegi parean. Haren aurrean Luis Solana dago, Artieda herriko alkatea (Aragoi, Espainia), serio, urtegiak eskualdean eragindako kalteak azaltzen, eta azpiegitura handitzeko proiektua eteteko eskatzen. 2001eko maiatza zen. Protestak protesta manifestari bat atxilotu zuen Guardia Zibilak, Esako handitze lanen lehen harria jarri zuen Matasek.

 

Ordutik, irribarrea hoztu zaio Matas ministro ohiari: Noos auzian zigortua izan zen, diru publikoen erabilera bidegabeagatik, eta Aranjuezko (Espainia) kartzelan egon zen preso, iaz hirugarren gradua lortu arte. Esa inguruko herrietan, ordea, egoera ez da hainbeste aldatu: duela hogei urteko kezka bertsuaz begiratzen diote urtegiko pareta erraldoiari. Mendiaren eskuin hegalean agertutako pitzadurak, luiziak eta inguruko sismikotasunak ezinegon handia piztu dute herritarren artean, eta adituen txostenek ere ez dituzte segurtasunaren gaineko kezkak uxatu. Kontrara, Zaragozako Unibertsitateko, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko adituek azken urteetan ondutako txostenak bat datoz gauza batean: Esako eskuin hegalaren egonkortasuna oso prekarioa da, eremu horretako lurra gelditu gabe ari da mugitzen, eta ezinezkoa da azpiegituraren segurtasuna bermatzea.

«Azpiegituraren sustatzaileak ezin dira pozik egon», azaldu du Iker Aramendiak, Zangozako Esa Gehiago Ez plataformako kideak. «Hogei urte igarota, helmuga inoiz baino urrunago dute: ez dute lortu urtegiaren segurtasuna hobetzea, 2001ean baino txikiagoa baita gaur egun; eta hasieran gastatu nahi zutena baino gehiago falta zaie oraindik inbertitzeko».

2013ko hondamendia

Urtegiaren segurtasuna bermatzeko lanek eta atzerapenek garestitu dute proiektua, baina horiek guztiak «adabakiak» besterik ez direla uste dute zientzialari ugarik. «Esako urtegiaren segurtasuna promesa bat izan da beti, asmo polit bat», laburbildu du Antonio Aretxabala geologoak: «Segurtasuna bermatzeko lasterketa zoroa 2013an bizkortu zen, Esako eskuin hegala 30 zentimetro higatu ostean. 2013ko hondamendia esaten diogu horri». Urte hartako luizien ondorioz, Lasaitasuna eta El Mirador de Yesa urbanizazioak hustu zituzten, eta etxebizitzak desjabetu, segurtasun arazo handiengatik. «Azken zortzi urteotan, hamaika txosten eskatu ditu CHE Ebroko Ur Konfederazioak, azpiegiturari nolabaiteko egonkortasuna ziurtatuko liokeen irtenbide bat aurkitzeko xedez, baina ez dute ezer lortu».

Esako segurtasunari buruzko zenbait ikerketa eginikoa da Aretxabala bera. 2020. urtean, txostena ondu zuen Antonio Casas geologoarekin batera, Uraren Kultura Berria erakundeak eta Zaragozako Unibertsitateak eskatuta. Bertan, bi adituek ondorioztatu zuten urtegiko eskuin hegala «mugitzen ari dela» oraindik orain [bi milimetro hilabetean], eta ez dagoela segurtasun tarterik. Ondorio bertsuak irakur daitezke Geoconsult enpresak Nafarroako Gobernuarentzat egin zuen ikerketan [2019ko abendua] eta baita EHUk Zangozako Udalarentzat eginikoan ere [2020ko urria]. «Finean, denak ari gara gauza bera esaten: ezin da segurtasuna bermatu».

Zientzia eta politika, baina, ez doaz beti bide beretik: adituek esandakoak «bihurritzea» eta «datuak makillatzea» egotzi die Aretxabalak Espainiako eta Nafarroako gobernuei. «Geoconsulten txostena argitaratu zenerako, 2019an, PSN iritsia zen Nafarroako Gobernura, eta ikerlanaren emaitzak makillatzen saiatu zen: txostenean aipatzen zen oreka hertsia kontzeptua, eta hori nabarmendu zuten, gauza on bat balitz bezala. Geoteknian, kontzeptu horrek esan nahi du ez dagoela segurtasun tarterik, ezta egonkortasunik ere, baina eurek aurkeztu zuten lanen segurtasuna bermatuko balu bezala. Lotsagarria izan zen».

500 milioi, «alferrik»

2001. urtetik egin diren moldaketa eta lan guztien ondorioz, neurrigabe hazi da Esako urtegia handitzeko lanen kostua. 2018. urtean, Espainiako Kontu Auzitegiak esan zuen gainkostua %110ekoa zela eta auzitan jarri zuen proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, 235 milioiko gastua aintzat hartuta. Ordutik, baina, are gehiago hazi da aurrekontua: Matas ministro ohiak lehen harria jarri zuenean, 110 milioi eurokoa zen, eta, urteotan Espainiako Gobernuak 500 milioi euro inguru ordaindu dituen arren, 200dik gora falta dira oraindik lanak bukatzeko. «Erokeria hutsa», Aramendiaren hitzetan. Bat dator Aretxabala: «Gehiegi gastatu dute honezkero, eta nekez lortuko dute munstrotzar hori errentagarri bihurtzea. Gainera, gastatutako diru guztia alferrik izan da, azpiegitura bere okerrenean dagoelako, hegala jada apurtuta eta konpontzeko aukerarik gabe».

Orain, beste txosten baten zain dago Espainiako Gobernua, orain arte bermatu ezin izan duen segurtasun maila lortze aldera: proiektuaren laugarren moldaketa izanen litzateke. «PP Espainiako Gobernutik ateratzear zela, bere agintaldiaren azken egunean, txostena eskatu zion Espainiako Bide, Ubide eta Itsasportuetako Ingeniarien Elkargoari. Urtebeteko atzerapena darama, eta dena airean dago oraingoz, baina litekeena da lanen aurrekontua are gehiago handitzea moldaketa horren ondorioz», azaldu du Esa Gehiago Ez taldeko kideak.

«Ez da inoiz beteko»

Atzerapen eta gainkostuek «arrazoia» ematen dietela uste du Aramendiak: «Denborak arrazoia eman digu, frogatu baita azpiegitura hau arriskutsua eta jasangaitza dela». Horregatik uste du urtegia ez dela inoiz erabat beteko: «Ez dut uste edukiera osoa beteko dutenik inoiz. Hala ere, lanak amaitu nahi dituzte, azpiegiturari nolabaiteko irtenbidea emateko».

Aretxabalak ere ezkor begiratzen dio urtegiaren etorkizunari: «Lanak amaituko dituzte, horretan tematuta daudelako. Aurrekontua puztuko dute beste behin ere, baina amaituko dute. Ordezkari politikoak azalduko dira, zinta moztu eta argazkia egiteko. Esanen dute eurek arrazoia zutela, eta gainerakoak alarmista hutsak garela. Baina ez dute inoiz adorerik izanen urtegia betetzeko. Egungo mailan utziko dute, apurtxo bat gehiago agian, baina ez dute urtegia beteko. Badakite arriskua handiegia dela».

Azpiegitura erabat gelditzea lortu ez duten arren, azken urteotan eginiko lanarekin «pozik» azaldu da Esa Gehiago Ez plataformako kidea: «Duela 14 urte taldea sortu genuenean, gure helburua zen urtegiaren arriskua mahai gainean jartzea. Gogorra izan zen, baina, lan horri esker, Zangozak beste era batera begiratzen dio auziari. Herritarrek badakite zer gertatzen den. Lanak ez ditugu erabat geldiarazi, baina borroka dialektikoa eta teknikoa irabazi dugu. Emaitza ona da».

Informazio osagarria: Espainiako, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek Muga meategia ustiatzeko baimena eman diote Geoalcaliri. Esako urtegiaren ondoan dago, eta ekologistek berretsi dute ingurumenari kalte eginen diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.