Inigo Astiz
ANALISIA

Zentsuraren exhibizionismoa

2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Helburua ez da artelana ikus dadin eragoztea. Erdi Aroko tresneriarekin garun operazio kirurgiko bat egitea bezain inutila da hori, irudiz saturatutako mende hiperkonektatu honetan. Ez da hori kontua, beraz. Gaur egun hormatik koadro bat kentzen duenak zehatz-mehatz zer kentzen duen erakutsi nahi du. Kasu honetan, Santiago Sierra artistaren Preso politikoak gaur egungo Espainian artelana da Ifema fundazioaren eskariz Arco azokatik kendu dutena, eta, horman 24 ordu ere egin ez dituen arren, ia erabateko ziurtasunez esan daiteke artelan horixe izango dela aurtengo edizioan gehien ikusitako pieza. Erakutsi dute telebistetan, zabaldu da irudia sare sozialetan, eta, sakelakoen bidez, sakelaraino heldu zaizkigu presoen pixelatutako aurpegiak. Beste bat da helburua. Kultur sortzaile, eragile eta kudeatzaileentzako abisu bat da. Mugak non dauden erakusten die horman gelditzen den zuriguneak. «Honaino bai, hemendik aurrera ez».

Ez da inondik inora gisa honetako lehen zentsura kasua, eta, tamalez, ez da azkena izango, baina azokako arduradunen erresistentzia falta izan da kasu honetan deigarriena. Nahikoa izan da Ifemaren eskari gizabidetsu bat, Sierraren artelana azokatik kanpo gelditzeko. Eta erresistentzia falta hori da kezkagarria Arcok inoiz izan duen prestigio asmoa, nazioartekotze nahia eta zabalpen mediatikoa kontuan hartuta.

Agora edo merkatu izatearen arteko dileman deskribatu zuen teatroa Jose Sanchis Sinisterra antzerkigileak orain aste batzuk elkarrizketa batean. Aurrez ere argitaratu ditu egunkari honek haren hitzak, baina merezi du berriz irakurtzea, bete-betean balio dutelako teatroari buruzko haren hitzek kulturgintzak egun bizi duen ataka esplikatzeko: «Hori da egungo teatroaren dilema: agora edo merkatu izatea. Alegia, ea kolektibitatearen arazoak argitzeko leku bat izango den, edo diru eta entretenimendu iturri den gauza fashion bat».

Eztabaida publikoa murrizten da eztabaida kulturala murrizten den aldiro. Sierrak ere ongi azaldu du hori: «Publikoaren adimen heldutasunaren aurkako errespetu falta bat da». Izan ere, gurasokeria ekintza bat ere izaten dira zentsura ekintzak, eta mugatu egin nahi izaten dute herritarrek eztabaida publikorako duten sarbidea.

Baina arazoa ez da soilik zentsura kasu zehatz hau. Lurrikara nagusia bezain kezkagarriak dira lurrikararen erreplikak ere. Zeren eta Madrilen erori baita harria oraingoan, baina, aurrez beste zentsura eta boikot kasu askotan gertatu den bezala, gure herrietako kultur etxeetaraino hedatzen dira gero halako gertakarien uhinak. Tantaz tanta.

Halako zentsura kasu bakoitzak estutu egiten die aretoetarako sarbidea «zail» suerta daitezkeen edo eztabaida pitz dezaketen sorkuntza lanei, eta gero eta estuago ixten du kulturgintza entretenimenduaren esparrurantz. Erresistentziarik ezean, gero eta gehiago bihurtzen du merkatu, eta gero eta gutxiago agora. Eta izugarri murriztaile eta pobrea da kultur eztabaida publikoa prezio eztabaida pribatu batera mugatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.