Departamendu eta eskualde bozak. Korsika

Corten, gogoko tokian bada aldaparik

Hauteskundero, Korsika independentearen hiriburu izan zena nahitaezko geltokia da nazionalistentzat. Haientzat sinbolismo handiko tokia da, baina horrek ez die ziurtatzen herritarren erabateko babesa izango dutenik

Corten, gogoko tokian bada aldaparik.
ander perez zala
Corte
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Cortera iristeko errepide luze eta aldapatsuek eta Korsikako mugimendu nazionalistaren egungo egoerak metafora askotarako ematen dute.

Pascal Paoli militar eta agintariari galdetzea besterik ez dago, baina, tamalez, harrizko gizonak ezin du erantzunik eman. Hori bai, Korsika independentearen (1755-1769) hiriburu izan zenaren erdigunetik, herritarren joan-etorrien, turisten otorduen eta autoen maniobren lekuko pribilegiatua da aspaldidanik; eta, haren estatua Paoli plazako biribilgune txikiaren erdian dagoenez, mendeotan Cortek jasan dituen aldaketak eta bilakaerak patxadaz aztertzeko aukera izan du.

Paoli eta Corte hiria Korsikako mugimendu nazionalistaren sinbolo garrantzitsuenetako bi dira; lehena, Mediterraneoko uhartea independentziara eraman zuelako, urte gutxirako izan bazen ere; eta bigarrena, militar eta agintari korsikarrak errepublika horren hiri nagusia bilakarazi zuelako; besteak beste, Ajaccio-Bastia ardatzaren erdian dagoelako.

Ez dago zalantzarik historiak eta iraganeko borrokek pisu handia dutela Korsikako mugimendu nazionalistan, eta horren erakusle da hauteskundero Corte nahitaezko geltoki bilakatzen dela uharteko alderdi autonomistentzat eta independentistentzat. Femu a Corsica, Corsica Libera, PNC Korsikako Nazioaren Alderdia, Core in Fronte... Aurten ere hiri horretan izan dira denak, kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago hautagaien zerrenden eta programen berri emateko.

Hori bai, Core in Fronte izan zen bere ekitaldia Paoli plazan, Paoliren estatuaren ondoan egin zuen bakarra, sinboloari pisu handiagoa emateko asmoz; baina egunotan Femu a Corsica ez dabil urrun, plazatik abiatuta hiriaren erdigunea zeharkatzen duen Paoli etorbidean baitu kanpainarako egoitzetako bat.

Batek baino gehiagok jakin nahiko luke Paolik zer iritzi izango lukeen asteotako Korsikako Asanblearako bozez —lehen itzulia igande honetan da, eta bigarrena, datorren astean—. Nazionalistek lehen legealdia egin dute Mediterraneoko uharteko agintean, eta asteotako kanpaina sei urteen balorazioa egiteko eta kritikak helarazteko garaia bilakatu da; 2015eko bozen bigarren itzulian eta 2017ko bietan Pe a Corsica koalizioan elkartuta aurkeztu ziren Femu a Corsica, Corsica Libera eta PNC, baina aurten, lehen itzulian behintzat, bakoitza bere bidea egiten ari da, bataren eta bestearen erabakien ondorioz.

Lehia horietan, Core in Fronte izan zen batasunetik kanpo geratu zen bakarra, eta aurten ere erabaki bera hartuko luke, gainontzeko alderdiek estrategia berreskuratuko balute. Baina Corte hiriak, mugimendu nazionalistako alderdi eta sektore guztiak batzen dituen horrek ere ez du lortu iragan bozetakoa errepikatzea.

Denbora gehiago

Paoli plazan zigarreta bat erretzen ari dela, Claudiak esan du erabaki ona izan dela nazionalistak aurten banatuta aurkeztea, eta bigarren itzulian ere hala jarraitu beharko luketela; elkarrizketatua Femu a Corsicaren militante bat da, eta hautagai gisa aurkeztuko da igandean: «Amaitu den agintaldia ona izan da, zalantzarik ez dut horretan. Eskuinak eta ezkerrak kalte handia egin digute, eta nazionalistak boterera iritsi izanak aldaketa nabariak eragin ditu. [Gilles] Simeoniren lana oso ona izan da! Noski, denbora gehiago behar dugu nahi ditugun ideia eta proiektuak guztiz garatzeko».

Paoli plazatik Paoli etorbidea hartuta, eskuinera joan, eta SPAR supermerkatuaren parean dagoen gaztea ere, Sebastien, Claudiaren iritzi berekoa da. Bien adierazpenek agerian utzi dute mugimendu nazionalistaren oinarri elektoralak oraingoz pazientzia duela, eta, sei urteko agintaldiaren ostean, jakitun daudela denbora gehiago behar dela. Maskara jarri du erantzuna emateko: «Lehen legealdia izan da; ezin duzu dena aldatu hain epe laburrean. Oro har, ondo ikusi ditut, baina auzi askotan sakondu beharra dago. Hurrengo legealdiak horretarako balio behar du: garapenerako, zehaztasunerako».

Sebastienek, aldiz, uste du bigarren itzulian beharrezkoa dela zerrenda autonomistak eta independentistak batzea berriz ere, eserlekuen gehiengo osoa biltze aldera: «Hori gertatu ezean, zailagoa izango dute gobernatzea. Noski, berriz gobernatzeko behar adina babes lortzen badute...».

Gazte korsikarraren esaldi horretako ideia giltzarri da; izan ere, orain arte, mugimendu nazionalistaren aginterako bide bakarra batasuna izan da, zatituta aurkeztu diren bakoitzean oposizioan geratu baitira. Baliteke aurten joera hori aldatzea, Simeonik autonomisten eta independentisten buruzagi eztabaidaezina bilakatzeko emaitzak nahi baititu, eta aste amaierako hitzorduari buruzko inkesta bakarrak horretarako bide onean jarri du; helburu horren atzean legoke banatuta aurkeztearen arrazoia, baina, finean, igande gaueko kopuruek zehaztuko dute xede hori egingarria izango ote den.

Cortetik ateratzeko —edo Corten sartzeko— erabil daitekeen Pierucci Presidentea etorbidean dagoen herritarra, Dominique —«hobe Dume, Korsikan gaude eta»— da mugimendu nazionalistaren agintaldiarekin kritikoen agertu dena: «Niri bost axola autonomistak eta independentistak. Nire kezka bakarra erretretaren dirua jasotzea da. Dena den, hemengo alderdietako inork ez dit ezer ematen. Segurtasuna nahi dut, eta gehiago eragiten didate kontinentean gertatzen direnek».

Lehentasunez galdetuta, Dumek ez ditu aipatu ere egin mugimendu nazionalistaren aldarrikapen historikoak, nahiz eta elkarrizketan argi utzi duen Korsikarekiko duen lotura. Haren ondotik agertu denak, Valeriek bakarra mahaigaineratu du: «Presoak Borgoko kartzelara ekarri behar dira».

Gainontzeko elkarrizketatuei ere preseski galdetu behar izan zaie horietaz beren iritzia jakiteko. Izan ere, aurtengo kanpainan autonomia estatusak, hizkuntzaren koofizialtasunak, presoen amnistiak eta egoiliar estatusak ez dute 2017koan izandako toki bera eskuratu —presentzia urria izan dute—, eta, horren ordez, auzi sozioekonomikoak izan dira nagusi asteotan.

Sebastienentzat, prekaritatea, zaborren auzia —gehiegi dute, eta horiek ustiatzeko tresna eta eremu gutxi—, osasun sistema, langabezia eta ingurumena dira hurrengo gobernuak konpondu behar dituen auziak.

Aldarrikapen historikoen aurrean Parisek eman duen ezezkoak agenda politikotik atera ditu horiek, eta ikusteko dago nazionalistek zer-nolako pisua emango dieten datorren agintaldian. Emaitzen eta indar harremanen araberakoa izango da, Cortek frogatu baitu gogoko tokian badela aldaparik.

Arrakastaz arrakasta

2014an Simeoni Bastiako alkate hautatu zutenetik, gora baizik ez du egin Korsikako mugimendu nazionalistak, eta arrakasta besterik ez du ezagutu hauteskunde bakoitzero, nahiz eta bidean desadostasunak gero eta agerikoagoak bilakatu diren. Asteotako hitzordu bikoitzaren giltzarrietako bat horixe izango da: orain arteko bideari eusteko gai izango ote diren argitzea, elkarren arteko talkak oraindik hor dauden arren.

Halere, nazionalismoko sektore guztiek argi dute orain arteko garaipenak oso garrantzitsuak izan direla, eta FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak ahalbidetu zuela joera hori, 2014an armak uztea erabaki zuenean.

Hala, 2015eko Korsikako hauteskundeetan irauli zuten paisaia politikoa lehenengoz nazionalistek: urte hartako abenduaren 13an, eta XVIII. mendeaz geroztik aurrenekoz, nazionalistaz osaturiko gobernu bat jarri zen boterean Mediterraneoko uharte horretan, bozen bigarren itzulian autonomistek eta independentistek aliantza bat eginda. Simeoni hautatu zuten presidente, eta Jean-Guy Talamoni legebiltzarreko presidente.

Nazionalisten onarpena hasi besterik ez zen egin 2015eko abenduan. 2017ko ekainean, lautik hiru diputatu lortu zituen nazionalisten koalizioak, Pe a Corsicak, Frantziako Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan, eta, horrekin batera, Parisi mezu argi bat bidali zioten: mugimendua zabaltzen ari dela Korsikan, eta emaitzak kontuan hartzeko modukoak direla. Eliseoan, ordea, ia jaramonik ez korsikarren aldarrikapenei, azken lau urte eta erdian bezala.

Sei hilabete geroago, herritarrak berriz deitu zituzten bozkatzera, 2017ko abenduan, lurralde kolektibitate berriko legebiltzarra hautatzeko. Pe a Corsicaren helburua, argia: orain arteko joerari eustea, eta ahalik eta indar gehien lortzea. Emaitza sekulakoa izan zen: gehiengo osoa lortu zuten, eta inoizko boto eta eserleku gehien. Horren ostean, eta lehenengoz, ordezkari bat bidali zuten Frantziako Senatura, iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.