Albistea entzun

Maroko. Aljeriarekiko harremanak

Mendebaldeko Sahara dago Rabaten eta Aljerren arteko krisiaren atzean

Aljeriako presidente Abdelmajid Tebbune eta Said Txendriha armadaburua Fronte Polisarioko buruzagi Brahim Ghalirekin, Aljerren, ekainean.
Aljeriako presidente Abdelmajid Tebbune eta Said Txendriha armadaburua Fronte Polisarioko buruzagi Brahim Ghalirekin, Aljerren, ekainean. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ricard Gonzalez -

2021eko irailak 8 - Tunis

Magreb bor-borka dago lau bazterretatik. Tunisiako eta Libiako barne politikaren krisiek gerra mehatxuak dakartzate, eta horri gehitu behar zaio Aljeria eta Marokoren arteko harremanak modu arriskutsuan okertu direla. Aljeriako Atzerri ministro Ramtane Lamamrak duela bi aste iragarri zuen Marokorekiko harremanak eten zituztela, eskualdeko potentzia nagusi izateko lehian diren bi auzokideen artean tentsioak gora egin ostean. Bi aldeen arteko krisiak hainbatean behin gertatzen dira, baina hau da okerrena 1994tik.

Beste behin, Aljerren —Marokorekin zuen gatazkan babes politiko eta militarra eman zion Fronte Polisarioari— eta Rabaten ezinikusien bihotzean Mendebaldeko Saharako gatazka dago. Bere jendaurreko agerraldian, Lamamrak berak esan zuen Marokoren Mendebaldeko Sahararekiko «ekintza gauzatuen» politika izan zela harremanak haustea eragin zuten arrazoietako bat. Eskualdeko egoerak azaroan egin zuen okerrera, Fronte Polisarioak 1991tik indarrean zegoen su-etena hautsi zuela iragarri zuenean

«[Donald] Trumpek Marokok Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna duela onartu izanak aldatu egin du gatazkaren statu quo-a, eta horrek, Marokoren eta Israelen arteko harremanen normaltzearekin batera, okertu egin ditu historikoki gatazkatsuak izan diren harreman horiek», adierazi du Haizam Amirah-Fernandezek, Elcano institutuko ikertzaileak. Hau da, statu quo-a Rabaten alde mugituz doa, eta Aljer hura geldiarazten saiatu da mahaian kolpe bat emanez.

Duela bi aste Aljerreko Goi Segurtasunerako Kontseilua egin zutenetik aurreikusten zen okerrera egingo zutela bi herrialdeen harremanek. «Aljeriaren aurkako Marokoren etsaikeria ekintzek bi herrialdeen arteko harremanak berriz pentsatzera eraman dute, eta mendebaldeko mugako segurtasuna handitzera», zioen bileraren ostean Abdelmajid Tebbune presidentearen bulegoak, komunikatu batean.

Zehazki, Aljeriako agintariek, etsaikeria ekintzez ari direnean, erreferentzia egiten diote, besteak beste, Rabatek ustez bi alderdi politikori emandako babesari: MAKi, zeinak Kabilia eskualde amazigaren independentzia defendatzen duen; eta, Ratxad islamistari, biak ala biak «erakunde terroristatzat» zerrendatuak joan den otsailetik. Praktikan, Aljerrek bi talde horiei eta zeharka Marokori egotzi die milaka hektarea suntsitu eta 90 hildako eragin dituzten suteen atzean egotea.

Espioitza eta suteak

Aljerrek aurkeztutako irainen zerrendan aurki daiteke nazioarteko hainbat komunikabidek egindako jakinaraztea, zeinaren arabera Marokoko zerbitzu sekretuek Israelgo Pegasus espioitza sistema erabiliko zuketen 10.000 pertsonaren telefonoetako informazioa eskuratzeko, horietatik 6.000 aljeriarrak eta tartean buruzagi politiko eta militarrak. Israelgo Atzerri ministro Yair Lapidek duela gutxi Marokora egindako bidaian Aljeriako Gobernua kritikatu izana bi herrialde horien azpijokoaren froga gisa hartu zuen Aljeriako prentsak.

Marokok, berriz, erantzun zuen komunikatu bat argitaratuz non Aljeriaren erabakia «bidegabetzat» jotzen zuen, «gezurrezko eta zentzugabeko» argudioetan oinarritzen zelako, ziurrenik Aljeriako suteen atzean egotearen akusazioei erreferentzia eginez. Herrialdea hainbat krisitan sartuta dagoen honetan, Aljeriako agintariek akusazioekin arreta eta herritarren amorrua kanpora desbideratu nahi izan dutela ondorioztatu du Marokoko prentsak. Suteen zoritxarrari, izan ere, COVID-19aren pandemiak ekarritako osasun krisia gehitu behar zaio, eta lehorte luze batek eragindako ur etenak. Gainera, Magrebeko herrialde hori krisi politiko sakon batean dago Hirak herri mugimendua agertu zenetik —Abdelaziz Buteflika presidentearen dimisioa bultzatu du, eta eskatzen du gobernuak dimiti dezala eta sistema politikoan muturreko aldaketak egin daitezela—.

«Argi dago askotariko barne krisiek, batez ere osasunari eta ekonomiari lotutakoek, auzoko herrialdearekiko harremanak berotzea eragiten dutela. Baina hori ez da soilik Aljerian gertatzen, baita Marokon ere. Badira hilabete batzuk bi aldeetako prentsa ofizialak elkarren aurka ari direla, eta elkarrekiko etsaitasun giroa sortu da», azaldu du Amirah-Fernandezek, zeinak, hala ere, zehaztu duen halako gorrotorik ez dutela bi herrialdeetako herritarrek.

Irene Fernandez-Molinak ere, Exetergo Unibertsitateko irakasleak, zuzeneko lotura ikusten du barne arazoen eta Magrebeko bi aldeko krisien artean. Munduan gutxien integratuta dauden eskualdeetako bat da, bi estatuek ez baitzuten ia merkataritza harremanik ere. «Segurtasunik ezaren pertzepzioa asimetrikoa denean —orain bezala, Marokok bere burua sendoago ikusten baitu Aljeriak baino—, harremanak okertu eta krisiak sortzen dira», adierazi du irakasleak.

Harremanak etetearen iragarpenetik ordu batzuetara, lehen albo biktimaren izena jakin zen: Magreb eta Europaren arteko gasbidea (GME), zeinak Aljeriako gasa Espainiara eramaten duen, Marokoko lurretatik. Aljeriako Energia ministro Mohamed Arkabek komunikatu batean iradoki zuen gobernuak ez duela berrituko Magrebeko gasbidearen gaineko hiru aldeko akordioa, zeina urrian iraungiko den, baina ziurtatu zuen horrek ez diola kalterik eragingo Espainiarentzako gas hornidurari. Udazkenetik aurrera, hidrokarburo horren esportazio guztiak Medgaz gasbidean zehar bakarrik egingo dira, zeinak Alborango itsasoa zeharkatuz Aljeria eta Espainia elkartzen dituen.

Lehen begiratuan, GME itxi izanaren kaltetu nagusia Maroko da, bide horretatik esportatutako gasaren gaineko %7ko bidesaria jasotzen du eta. 2019an, kopuru hori txikia izan zen, eta, erregaien prezioaren gainbeheraren ondorioz, ez zuen gainditu 50 milioi euroko langa, baina 2014an 200 milioietara gerturatu zen. Gainera, GMEk Maroko gasez hornitzen zuen —kontsumitzen zen gasaren %45—, oso merke hornitu ere.

Neurri txikiagoan bada ere, erabakiak Aljeriari berari ere egiten dio kalte, Espainia gasez hornitzeko bere ahalmena erdira murriztuko baita, eta irteera bide bakarraren menpe geratuko. GMEren gaitasuna urtean 8.000 milioi metro kubokoa da, eta Medgaz gasbidea handitzeak —udazkenean 8.000 milioitik 10.000 milioira igaroko da— ezin du berdindu galera hori. Espainiara eta Portugalera gasa esportatzeko gaitasuna 16.000 milioi metro kubotik 10.000ra jaitsiko da hemendik hilabete batzuetara.

Egia bada ere azken urteetan gaitasun horren %60 bakarrik erabili zela, GME gabe, Aljeriako agintariek ezin izango lukete euren merkatuko kuota handitu lehiakideren batek hornidura etengo balu ere. Hori gertatu ahalko litzateke, adibidez, Europako Batasunak debekatuko balu AEBetatik eskisto gasa inportatzea hark ingurumenean eragiten duen kaltea handia dela argudiatuta. Orain bai, Aljerren eta Rabaten arteko ezinikusia berriz indartu den honetan, eskualdeko etsaia zigortzeko aukerak norbere interesa defendatzekoak baino pisu handiagoa izan du.

Aljerren eta Rabaten arteko egungo krisia 1994tik piztutako larriena da; ordu hartan, bi aldeek mugak itxi zituzten, eta itxita daude oraindik. Aditu zenbaitek ohartarazi dute gatazkaren gorakadak irisgarritasun mugatuko gerra bat ere eragin dezakeela, elkarrekin oso gaizki moldatzen diren bi auzokideren arteko hirugarrena litzatekeena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pertsona bat, atzo, Ukrainako Zaporizhia eskualdeko hautesleku batean, bozkatzeko pronto. ©EFE

Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu dute Ukrainan okupatutako lurraldeetan

Igor Susaeta

Kievek traizioa egotziko die galdeketetan «moduren batean» parte hartu dutenei. Moskuk prest ditu anexioa gauzatzeko botere «legegilea, exekutiboa eta juridikoa»
Pere Aragones Kataluniako presidentea, atzo, politika orokorreko eztabaidan, Kataluniako Parlamentuan. ©QUIQUE GARCA / EFE

Galdeketa bat zehazteko akordio bat proposatu du Aragonesek

Gorka Berasategi Otamendi, Berriemaile berezia

Generalitateko buruak ezinbestekotzat jo du eremu sozial guztien ekarpenak jasotzea. JxCren ustez, prozesuaren batasuna eta zuzendaritza estrategikoa behar dira
1 ©ALBERTO ESTVEZ / EFE

Erreferendumak zer ekarri zuen

Igor Susaeta

Galdeketara deitu zuten, lege bat onartu zuten horretarako, eta herritarrek bozkatu egin zuten, Poliziaren indarkeriari aurre eginez. Madrilek errepresioaren bidean segitu zuen, eta kartzelatzeak eta erbesteratzeak heldu ziren.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...