Madrilek proposamen bat egingo dio asteon Jaurlaritzari eskumenei buruz

Erredakzioa
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Lurralde Politikako ministro Meritxell Batetek aste honetan helaraziko dio Eusko Jaurlaritzari estatutuan eskualdatzeke dauden eskumenei buruzko proposamen bat. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzoko Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu zuenez, Batetekin hizketan aritu zen astelehenean, gogorarazteko Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuela eskumenen eskualdaketan pausoak emateko. Izan ere, 1979ko estatutuaren arabera, Jaurlaritzari dagozkion 37 eskumen Madrilen esku daude oraindik. Erkorekak espero du asteon jartzea bi gobernuak batzartzeko hitzordua.

Jaurlaritzako eledunak hizpide izan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko eta juridikoari buruzko eztabaida ere. Zehazki, ziurtatu du eztabaida horrek ez duela eraginik EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan osatzen duten koalizioaren egonkortasunean; izan ere, gogorarazi duenez, koalizio gobernua osatzea adostu zutenean, bi taldeek hitzartu zuten bereizi egingo zituztela gobernuaren kudeaketa eta alderdi bakoitzak autogobernuaren alorrean duen jarrera : «Hori asumituta dago Eusko Jaurlaritzan».

PP, Urkulluren aurka

Autogobernuari buruzko etabaidan, Amaia Fernandez EAEko PPko idazkari nagusia Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren aurka mintzatu da. Onda Vasca irratiko elkarrizketa batean, azpimarratu du euskal herritarrak nekatuta daudela «abentura subiranistez», eta «Gernikako estatutua apurtu» izana egotzi dio Urkulluri: «Adostasuna zabaltzeaz mintzo dira orain, baina haien ekintzek zera diote, EH Bildurekin Eusko Legebiltzarrean onarturiko testuaren bidez: orain arte euskal herritarrok lortu dugun adostasun zabalena hautsi dute». Fernandezen iritziz, EAJk eta EH Bilduk estatutu berriaz adosturiko oinarriek «autodeterminazioa» jasotzen dute, eta bide hori «aldebakarrekoa» da «beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.