Donostiako Udala Kijera gaztetxea husten hasiko da

Jendea, atzo, gaztetxearen aldeko helegiteak sinatzen.
Jendea, atzo, gaztetxearen aldeko helegiteak sinatzen. I.AGIRRE / IRUTXULOKO HITZA

Berria -

2019ko urtarrilak 3
Gaurtik, Donostiako Udala «edozein unetan» has daiteke Parte Zaharreko Kijera gaztetxea husten, gaztetxeko kideek adierazi dutenez. Hainbat eragilek eta norbanakok helegiteak jarri dituzte hori saihesteko.

Urrian adierazi zuen Donostiako alkate Eneko Goiak eraikina berreskuratu nahi zutela, eta abenduaren 26an udaltzainek gaztetxeko kideei jakinarazi zieten larrialdiko prozedura administratibo bat aktibatuta dagoela. Kijerako bozeramaileek salatu dute ez duela zentzurik prozedura larrialdikoa izateak eta epeak murrizteak. Horrez gain, nabarmendu dute hamabi urtez egon dela eraikina hutsik, eta ez dagoela «inongo proiektu sendorik» harako. Gaurtik, «erresistentzia txandak» egingo dituzte gaztetxea hustea ekiditeko. Bihar, berriz, manifestazio bat egingo dute, Konstituzio plazatik hasita, 19:00etan.