Motxila, etxeko lanez gainezka

Aldaketaz beterik dator ikasturte berria. LOMCE irakats-aldi guztietara zabalduko duten honetan, haren etorkizuna aurten argituko da. Nafarroan, gobernu berriarekin, aldaketak martxan dira: PAI ereduan, adibidez. Jaurlaritzak pauso garrantzitsua iragarri du: lege berria egiteko bidea hasiko du.

Egunotan ari dira gaztetxoak ikasgeletara bueltatzen. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, joan den astean; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo; eta Nafarroan, gaur. ISMAEL HERRERO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Zurrunbilo baten eran dator ikasturte berria. Neska-mutilak egunotan ari dira eskolara itzultzen —Nafarroan, adibidez, gaur dute lehen eguna—, ikasturtea martxan dago, baina ezegonkortasuna oso handia da oraindik. Aldaketa politikoek zeresan handia edukiko dute, batez ere Espainiako Gorteetarako hauteskundeek. Orduan argituko da LOMCE hezkuntza erreformaren geroa. Martxan dago oraingoz, eta aurten maila gehiagotara hedatuko dute. Haren aurka «segurtasun juridikoz» aritzeko asmoa dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

Bi gobernu horiek ere aldaketa handiak dituzte esku artean, hala ere. Nafarroan, gobernu ituna betetzeko bidean, berrikuntza handiak datoz: D eredua hedatzea, ingelesari buruzko eztabaida, mozketak... Heziberri plana burutzea du Jaurlaritzak jomuga: hezkuntza legea egiteko bideari ekin dio.

ESPAINIAKO GOBERNUA

Hitzak, baina LOMCErekin

Aurreko ikasturtearen bukaeratik, beste gidari bat du LOMCEk: Jose Ignacio Werten ordez, Iñigo Mendez de Vigo ipini zuten Hezkuntza ministro. Beste izaera bateko ministroa da. Diplomaziaren alorrean garatu du ibilbide politikoa. Hizketarako prest agertu da LOMCEri buruz, baina «legea betez». Aldaketa estetikoa da, beraz.

Pausoak ematen ari da erreforma. Egutegiari jarraituz, ikasturte honetan hedatuko da DBHra —lehen eta hirugarren mailara— eta Batxilergora —lehen mailara—. Lehen Hezkuntzan, berriz, maila guztietan egongo da indarrean, eta azterketa orokortuak ere bai: bigarren urtez egingo dute hirugarren mailako proba, eta lehen aldiz seigarren mailakoa. Ez dute eraginik edukiko espedienteetan.

Keinu bat egin du ministroak DBH eta Batxilergoko azterketa orokortuei buruzko dekretuak ez onartuta —proba horiek, bai, eragina dute: nahitaezko dira titulua lortzeko—. Hala ere, aldaketak ez du praktikan eraginik, oraingoz: proba horien egutegia ez da aldatu —datorren ikasturte amaieran jarriko lituzkete biak martxan—.

Hauteskundeen arabera dago guztia. Abenduaren 20an izango dira bozak, «seguruenik» —hala iragarri du Mariano Rajoy presidenteak—, eta PPk gehiengoa galduko duela ziurtzat jotzen dute inkestek. Aldaketa ez da erabat ziurra, ordea. Batetik, Ciudadanos alderdiaren rola dago: oraingoz ez du eskatu LOMCE atzera botatzeko. Ikusteko dago PPk eta biek zer indar duten. Bestetik, LOMCE bertan behera uztearen aldeko alderdiek norainoko batasuna duten beste lege bat egiteko. Gauza bat baita lege bat atzera botatzeko ados jartzea, eta beste bat, beste lege bat elkarrekin taxutzea.

PPn, halere, onartuxe daukate LOMCE erabat ezarri gabe geratzeko aukerak badaudela. Argigarri da Mendez de Vigo ministroak elkarrizketa batean esandakoa: «Pilar del Castillok hezkuntza erreforma bat egin zuen [Aznarren garaian, 2002an], baina ez zen indarrean jarri ere egin. Berdin gertatzen da LOMCErekin». Eta bere burua justifikatu du: «Ez dut nik egin. Ez da nire haurra».

EUSKO JAURLARITZA

Legea egiteko prozesura

LOMCEren aurkako jarrera agertua du Jaurlaritzak etengabe —auzitara jo du, besteak beste—, baina indarrean egongo dira atal gehienak aurten. Lege organikoa dela eta bete egin behar dela azaldu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak —atal batzuk salbuespen izango dira, ez dute LOMCE segituko: banaketa goiztiarra eta eskola kontseiluen pisua, adibidez—.

Lehen Hezkuntzako azterketa orokortuekin sortu zitzaion arazoa iaz. Jaurlaritzak 30 eskolatan egitekoa zuen proba, hirugarren mailan, baina intsumisiora jo zuten familia askok —sailak ez zuen azaldu azkenean zenbat ikaslek egin zuten proba—. Aurten, handiagoa da azterketa eremua: ikastetxe guztietan, eta, hirugarrenaz gain, seigarren mailan ere bai. Beraz, oso litekeena da gorabeherak izatea aurten ere. Probek ez dute ondoriorik edukiko espedientean.

Ikasturteko gakoa, halere, hezkuntza legea egiteko bidea izango da. Uriarte sailburuak atzo iragarri zuen bilerak hasiko dituela hileon bertan hezkuntzako eragileekin, sindikatuekin eta talde politikoekin. «Entzutera» joango da gobernua, zirriborrorik aurkeztu gabe. Luzea izango da prozesua —legea ez dute agintaldi honetan egingo—, gai pisuzkoak baitaude tartean: hezkuntza sareen finantzaketa, hizkuntzak, curriculuma... Eragile guztiekin mintzatu eta gero aurkeztuko du Jaurlaritzak oinarrizko dokumentu bat.

NAFARROAKO GOBERNUA

Lehen urratsa, PAIrekin

LOMCEren eragina bete-betekoa izango da Nafarroan. UPNk lotuta utzi zuen aurtengo ikasturtea gobernutik joan baino lehen. Talde berria erreformaren aurkakoa da, baina itunean jasoa dute «segurtasun juridikoz» aritzea. Giltzarri bat azterketetan egongo da: iaz, UPNk azterketa eginarazi zien hirugarren mailako ikasle guztiei, nahiz eta intsumisio hotsak izan ziren eskola batzuetan. Ikusteko dago departamentu berriak zer egingo duen orain —Jaurlaritzak, adibidez, ez zituen estudianteak derrigortu azterketa egitera iaz—.

Agintaldi hasieran, PAI Ingelesez Ikasteko Programak jarri du zeresana. Jose Luis Mendoza kontseilariak adierazi du «euskara zokoratzeko» ipini zutela, «presaka», eta ebaluatzeko asmoa du. Geldialdi bat egitea jaso zuten itunean, baina aurtengo ikasturtean ez dute egingo, UPNk bideratuta utzi baitzuen eskola gehiagotara hedatzea. Nolanahi ere, departamentuak uste du «gabezia nabarmenak» dituela PAI ereduak, ez duela oinarri teorikorik, eta ebaluatu beharra dagoela. Gero erabakiko dute zer egin ereduarekin.

Mendozaren agendan beste gai mordo bat ere badago: D ereduan ikasteko aukera Nafarroa osora hedatzea da nagusia. Euskararen legea aldatu zuen iaz parlamentuak, baina UPNk ez zuen indarrean jarri. Datorren ikasturtean martxan beharko luke aldaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.