Txertoari uko egin zion langile baten kaleratzea baliogabetu dute

Mendekotasunen bat dutenentzako Bizkaiko zentro batean lan egiten zuen. Enpresak 600 euroko kalte ordaina eman beharko dio

Pertsona bat txertoa jartzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Mendekotasunen bat dutenak artatzeko zentro batek langile bat kaleratu zuen Bizkaian, COVID-19aren aurkako txertoa hartzeari uko egiteagatik; Bilboko lan arloko epaitegi batek, ordea, baliogabetu egin du kaleratze hori. Zentro horretako hiru langilek uko egin zioten txertatzeari: batek aldi baterako kontratua zuen, eta aurrez lau aldiz berritu zioten, baina, txertoa hartzeari uko egitean, ez berritzea erabaki zuten; bigarrenak txertoa hartu zuen, eta hirugarrena, berriz, «diziplina arrazoiengatik» kaleratu zuten.

Enpresaren arabera, egoiliar batekin «istilu» bat izan zuelako kaleratu zuten langilea. Epaiak, ordea, «garrantzi txikikotzat» jo du gertakari hori, eta adierazi du horrek ezin duela «inola ere» justifikatu langilea «diziplina arrazoiengatik» kaleratzea. Epaitegiak ondorioztatu du enpresak langilea kaleratu zuela COVID-19aren aurkako txertoa ez zuelako jarri.

Derrigortasunaren ezbaia

Txertaketaren derrigortasunak eztabaida piztu du gizartean; izan ere, Ipar Euskal Herrian osasun langileek derrigorrez hartu behar izan dute lanean jarraitzeko, baina Hegoaldean ez da martxan jarri halako neurririk.

Edonola ere, epaiaren arabera, langileak bere borondatearen aurka txertoa hartu izan balu ez kaleratzeko, «osotasun fisikorako eskubidea» urratuko litzaioke. Horregatik, baliogabetzat jo dute haren kaleratzea, eta enpresak 600 euroko kalte ordaina eman beharko dio. Langileak, berez, 50.000 euroko kalte ordaina eskatu zuen, baina epaitegiak ez du onartu eskakizun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.