Rafa Diez. 'Bateragune auziko' presoa

«Ez da aldaketa sozialik izango burujabetza politiko eta ekonomikorik gabe»

Euskal Bidea prozesuari alde bakarretik heltzeko zuzenketa estrategiko beharrezkotzat jo du. Gizarte aldaketa eta burujabetza politikoa lotuta ikusten ditu, eta sindikatu abertzaleek ekintza batasuna berreskuratu behar dutelakoan dago.
JATORRIZKO ARGAZKIA: JON URBE / ARGAZKI PRESS

Iñaki Petxarroman -

2015eko apirilak 26
Bateragune auzian espetxetik azkena irtengo da Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia (Lasarte-Oria, 1956), 2017ko udan. Ez du itxaropenik lehenago askatua izateko. Badaki ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ikur direla Bateraguneko presoak estatuarentzat, eta horregatik jo du horren gogor haien aurka. Duesoko espetxetik (Kantabria, Espainia) erantzun dio, gaztelaniaz, BERRIAren galdetegiari.

Espero al duzu zigor osoa bete aurretik espetxetik irtetea?

Ez. Segituan ikusi genuen Bateragune auzia dimentsio berezia hartzen ari zela. Ezker Abertzalearen estrategia aldaketaren ikur ginen gu, eta Estatuak gure eta beste ekinbide judizial eta errepresibo zenbaiten bitartez erantzun nahi izan dio fase politiko berriari. Otegiri koiuntura historiko honetan bere lidergoa garatzeko aukerak eragozteko interes politikoa ere egon da, gainera. Horregatik guztiagatik, Estrasburgoko erabakia etorriko da, baina, ziurrenik, guk zigorra bete ondoren.

Sei urteko espetxe zigorra ezarri zizuten, nahiz eta zuen lan politikoak ETAren aldi historiko armatua amaitzen lagundu. Nola azal daiteke kontraesan hori?

Ezker Abertzaleak estrategia aldaketari —konfrontazio demokratikoari eta indar metaketari— ekin zionean eta ETAk bere jarduna etetea erabaki zuenean, Estatuak statu quo-a kontrolatzeko aldagai erabakigarria galdu zuen, «borroka antiterrorista», eta, horren ordez, arrapaladan areagotu dira PPren eta PSOEren aginte txandakatzeek eragindako gaitz guztiak: Kataluniako prozesua eta lurralde eredua; bipartidismoaren krisia eta konstituzionalismoaren urritzea Katalunian eta Euskal Herrian; krisi ekonomikoa eta ustelkeria... Analisi manikeorik gabe esan daiteke Ezker Abertzalearen aldaketa estrategikoa Espainiako Estatuko azken urteotako gertakarien katalizatzaile garrantzitsua izan dela.

Mendekuz jo du zuen kontra, beraz?

Hortik abiatuta kokatu behar da Estatuaren erantzuna. Biluzik geratu dira, beste proposamen politiko batzuk baldintzatzeko erabiltzen zuten tapoi politikorik gabe; batez ere, Euskal Herriarentzako eta Kataluniarentzako eskaintzarik gabe. Horregatik, PPk behin eta berriz jotzen du espetxe politika mendekatzailea eginez, legea bihurrituz, inboluzionismo autonomikoa bultzatuz... eta elkarrizketa saio oro zapuztuz.

Presoen egoera

ETAren erabakiaren ondorioz ezer gutxi aldatu da. Gatazkaren ondorioak konpondu gabe daude, eta estatuen jarrera, lehengo toki berean. Zergatik?

Gatazka gainditzeko logika ororen kontrako norabidean jokatzen du Estatuak. Bake eta elkarrizketa demokratikoko jokaleku baten alde rol protagonista beretzat hartu beharrean, blokeo eta sabotaje jarreran gotortu dira, indar korrelazio berriak marrazten ari den aldaketa politikorako prozesuari galga jartzeko asmoz. «Bake prozesuaren» haria trabatuz aldaketa politikorako prozesua baldintza dezaketela uste dute haiek. Hala, Estatuak prozesuaren ordularia kontrolatu nahi du; EAJren laguntza ordainezinarekin, alderdi horrek ere denbora galtzeko interesa baitu, Kataluniako tsunamiak eta EH Bilduren indartzeak eraman ez dezan.

Eta ezker abertzalea?

Galdera ezinbestekoa da: PPren estrategian eta EAJren laissez-faire horretan behar bezala eragin al dugu? Hasierako abiadaren ostean, zail egiten ari zaigu ekimen politikoa berreskuratzea. Litekeena da bake eta elkarrizketa politikoaren prozesua aldebikotasunetik ulertu izanak, bi hari aparte eta epe desberdinekin buruan izateak, ekiteko gure gaitasuna moteldu izana, eta PP eta EAJ horretaz baliatu dira. Beraz, prozesuaren martxa berreskuratu behar dugu, eztabaida politiko eta sozialari zentralitatea emanez eta Subiranotasuna = Boterea formula berreskuratzeko proposamenak egingo dituen eta mobilizazioari eragingo dion gehiengo sozial eta instituzional bat eratuz. Aldaketarako ezinbestekoa da hori. Hari bakarra du bideak, aldaketa politikoa, eta bertan integratu behar ditugu gatazkaren ondorioak.

Eskaera eta proposamen guztiei errepresioarekin erantzun die estatuak; azkena, abokatuen aurka jota. Nola atera daiteke ataka horretatik?

Inbertsio funtsezkoena prozesu politikoa bultzatzeko egin behar dugu, proposamen instituzional zein sozioekonomikoekin demokratikoki aurrera egingo duen gehiengo politiko eta sozial bat artikulatzeko. Gehiengo horrek, aldi berean, Estatuaren jarrerarekiko erreplika eta desobedientzia gaitasuna garatu behar du. Lehentasuna dauka horrek, eta horren arabera kokatu behar dira gaur egungo blokeoa elikatzen edo bultzatzen dutenen argudioei azpiak janez eztabaida politikoaren erdigunea erraztuko duten ekimenak. Desarmatzearen, presoen eta erbesteratuen nazioarteko eta bertako babesaren eta biktima guztien onarpenaren inguruko proposamenak eta konpromisoak abiaraztea esan nahi du horrek.

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide gisa, nola ikusten dituzu espetxeetan egiten ari diren mugimenduak?

ETAren erabakiak ez dauka atzera bueltarik; armagabetzeko prest dago, eta EPPK espetxe politika bideratzearen alde agertu da, baina Estatuak salbuespen lege eta neurri guztiei eusten die, gehiengoa diren erakundeen eta gizarte eragileen eskaerei entzungor eginez eta, areago, preso askoren askatzea galarazteko neurri berriak asmatuz.

Kontu garrantzitsu bat hartu behar da gogoan: Estatuak aspaldi «garbitu» zituen espetxeak. Kartzeletan ez dago jada euskal gizartea inarrosi zuten beste batzuen —GALen, BVEren, torturatzaileen...— arrastorik. Ia berrehun hilketa eta ehunka tortura kasu ordainduko dituen presorik ez dago. Horretarako izan da beste politika judizial eta espetxe politika baterako aukerarik. Estatuak amnistiatu ditu bere inguruan garatutako bortxak.

Ezker abertzaleari presoak «erabiltzea» leporatu ohi diote.

Presoen «instrumentalizazioa» asko aipatu ohi da, baina PP ez al da ari presoak politikoki erabiltzen, legeak bihurrituz, salbuespen neurriak ezarriz eta eskubideak interes politikoen arabera urratuz? Horretan, bada garaia Urkulluk erantzukizuna besteren gain uzteari utzi eta gehiengo sozialaren eskakizunak kemenez kudeatzen hastekoa, bake eta elkarbizitza demokratikoko jokaleku bat finkatzeko bidean, armagabetzeko urratsekin eta biktima guztien aitortzarekin batera presoen gaia lantzeko.

Burujabetza prozesua

Arnaldo Otegik zioen burujabetza prozesua jarri behar dela estrategia politikoaren ardatzean, eta ondorioen agenda horren barruan kokatu. Ados al zaude?

Hori da gakoa. Ezker abertzalean aldebikotasunaren eta fase politikoen definizio zurrun batetik gatoz, eta horrek eten moduko bat eragin digu estrategia berriari heltzeko. Alde horretatik, estatuak «bake prozesuari» ezarritako blokeoak, EAJk egindako atzerakadarekin batera, egoera nahasi bat sortu du gizartean. Estatuak krisi sakon eta alde askotariko bat duen bitartean, prozesu katalanak aurrera egiten duen bitartean, Eskozia... Non dago Euskal Herria? Horregatik, garrantzitsua da ezker abertzaleak Euskal Bidean argitu izana aldebakartasuna beharrezkoa dela euskal gizartea beste ofentsiba batean jartzeko.

Zein da Euskal Bidearen xedea?

Nire iritziz, Euskal Bideak islatu behar du gizartearen matxinada egungo esparru politikoak instituzionalizatzen duen zipaismo politikoaren aurrean. Eta zoru demokratiko bat planteatu behar du nazioaren aitortzan eta erabakitzeko eskubidean oinarrituta, hau da, herri eta herritar moduan boterea berreskuratze horretan. Nire ustez, burujabetza prozesua herri boterearen berreskuratze prozesu bat da, Euskal Herri demokratiko baten eraikuntzarena, subjektu nazionala egituratuz eta gizarte kohesioa eta oreka bermatuko dituen eredu sozioekonomiko bat garatuz.

Hala ere, EAJ kanpoan geratuta, uste duzu indar nahikorik izango dela alde bakarreko burujabetza prozesu bat abiatzeko?

Euskal Bidea egiaztatze batetik dator: ezinezkoa da estatuarekiko aldebikotasuna zoru demokratikoa ezarri eta integratzeko eraikin instituzional edo estatus juridiko-politiko berrian. Madrilen ez daukagu solaskiderik. Ez dago elkarrizketa politikorik. Hori da EAJren arazoa, 1979koaren moduko bide bat zabaldu nahi baitu PSOEren gobernu aldaketa baten peskizan. Horrek aukera emango lioke beste estatus bat negoziatzeko EAEn PSE-EErekin eta Nafarroan PSNrekin. Baina, nire iritziz, EAJk ez dauka PSOErik bidaia horretarako, bai alderdi horrek dituen espektatiba elektoralengatik eta baita erreforma instituzionalerako ereduagatik. PSOEren erreforma federala bluff bat da, eskuduntzen berrantolaketa batekin, Senatua lurralde ganbera bihurtuz, kupoa berrikusiz... eta, akaso, kontsulta lege bat eskainiz erabakitzeko eskubidearen ordezko batekin.

Madrilera begira dago EAJ?

Garaia da EAJk bila ditzan euskal gizartean estatus juridiko politiko berri batek behar dituen adostasunak, euskal estatua Europan eraikiz joateko beharrezko zumeak. Ziur nago badela indarrak metatu nahi dituen gehiengo sozial bat, impasse hau gainditu eta aldaketa politiko-sozialen protagonista izan nahi duena. Aktibatu eta bideratu egin behar da. Lidergo partekatu eta ikuspegi estrategikoarekin, saihestuz kuota politikoen lehiak aukera historiko hau zapuztea. Horretarako, kendu egin behar dira antsiolitiko politiko bihurtu den Autogobernuari Buruzko Batzordeak eztabaida politikoari jarritako hipotekak. EH Bilduren erronkak izan behar du esfortzu eta berraktibatze kolektiboari bere alea eskaintzea, eskuzabaltasunez, erronka komun eta gehiengoz babesturikoak bideratzen lagunduko duten sintoniak bilatuz.

Autodeterminazio prozesuak indarrean daude Europan: Katalunia, Eskozia... Euskal Herrian gertu ikusten duzu?

Europako mapa eraldatu zen 1989an, Berlingo harresia erori eta eredu sozialista sobietarra desegituratu zenean. Orain, ikusten ari gara krisi sistemikoko egoera bati jarritako politika neoliberalak higatzen ari direla Estatuen instituzio demokratikoak. Horrek indartu egin ditu estaturik gabeko nazioen aldarrikapenak, bi ikuspegitatik: subiranotasuna exijitzea, ulertuz demokrazia handiagoaren sinonimo dela; eta subiranotasuna exijitzea (estatu propioaren tresnak) proiektu sozioekonomiko integratuak —oreka gehiago egotea eta justizia soziala bermatuko dutenak— aurrera eramateko. Ikuspegi bikoitz horrek transbertsaltasun ideologikorako ahalmen handi bat eman dio subiranotasunari eta independentismoari, Eskozian, Katalunian... Eta Euskal Herrian? Txirrindularitzan esaten den bezala, uneko txakalaldi bat daukagu, baina seguru nago Europako mapan subjektu politiko berriak agertzeko ordu horretan katigatuko gatzaizkiola prozesu horri.

Gure Esku Dago dinamika herritarra indarrean da. Ikusten diozu biderik arrakastatsua izateko?

Iruditzen zait bere borondatea zehazteko aitortza eta espazio demokratiko bat eskatzen duen herri baten isla dela Gure Esku Dago, eta funtsezkoa iruditzen zait gizarte mugimendu horrek garapen autonomo eta plurala izatea. Garapen juridiko-instituzional berria lortzeko oinarri demokratikoari erantzuten dio. «Erabakitzeko eskubidea» eta «demokrazia» binomioak ahalmen transbertsal handia du, eskubide hori proiektu politiko jakin bati lotzeko konstituzionalismoak egin duen diskurtsoa hustu egin duelako. Eragin eta hunkitu egin zuten iazko irudi haiek. Giza kapital hori herri eta auzoetara zabaltzea funtsezkoa da gizartea aktibatzeko jauziak egiteko.

Ezker abertzaleak hiru eremuen (Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa-Ipar Euskal Herria) erritmo ezberdinen planteamendua onartu du. Zergatik?

Proiektu nazional baten defentsan aritzeak ezin du ahantzarazi herrialde bakoitzaren errealitate soziopolitikoa diferentea dela. Egia da desegituraketa hori Estatuek eragin dutela, inposizio instituzional, kultural eta ekonomikoekin, Euskal Herria subjektu politiko gisa desagerrarazteko. Baina ezin dugu erritmo instituzional bakarra inposatu. Funtsezkoa da, ordea, erritmo diferente horiek osatzea, Udalbiltza bezalako instituzio nazionalen paper egituratzailearekin; baita Kontseilu Ekonomiko Sozial Nazional batekin ere, etorkizunean, edo nazioartean erreferentzia izango den Euskal Kontseilu Nazional batekin. Nafarroan, berriz, aldaketak eragin inportantea izan dezake, baina ezin ditugu denborak nahastu, ezin baititugu konfunditu gure agenda politikoa eta gizartearen erritmoak.

Hauteskundeak

Hauteskunde urtea da. Aldaketa hotsak sumatzen dira, adibidez, Nafarroan. Posible ikusten duzu aldaketa politikoa?

Emaitzek areagotu egingo dute eraikin konstituzionalaren funtsezko bi zutaberen krisia: lurralde ereduarena eta alderdi bitasunarena. Alde batetik, Estatuko mapa instituzionalak eraldaketa ikusgarria izan dezake: Podemos hazten ari da ezkerreko multzo heterodoxoaren barruan, erregimenaren alternatiba izateko aukerak bildu duen ezkerrean. Bestetik, Katalunian eta Hego Euskal Herrian —Nafarroako aukera izugarria barne—, unionismoa gutxiagotuta gera daiteke, marko konstituzionala gehiago ahulduz.

Zer ondorio izan dezake?

Estatua prestatzen ari da krisi politikoa eta lurralde krisia bideratzeko modua. Estatuaren hegaletan daude erreforma konstituzionala, Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak oztopatzeko. Koalizio handiak (PP-PSOE) bere egingo du helburu hori, urtea pasatu eta gero. Hura izango da Estatuaren tresna konstituzioa bideratzeko. Belaunaldi berriko botere faktikoen laguntza izango du (Ibex-35, komunikabideak...). Horregatik, euskal bideak azkartu egin behar du bere garapena, gizarteari, gorputz instituzionalari eta gorputz sozialari proposamen zehatzak eta dinamika propioak eskainiz. Nafarroako aldaketak eragin garrantzitsua izango luke, bai ilusio kolektiboaren hedapenean, bai prozesuaren aldebakartasunari beharrezko neurria ematerakoan.

Gipuzkoan, EAJk gobernatzeko aliantzak bilatuko ditu, EH Bildu baztertuta. Ezker abertzaleak egin behar al du gogoetarik, ikusita ezin duela aliaturik bilatu?

Abertzalea izanda, kezkatuta ikusten dut EAJren nora eza: Lizarratik, Ibarretxe planetik, Loiolatik... ezker abertzalearen kontrako erreakziora, hark aldaketa estrategikoa egin zuenetik. Badirudi ez duela abiatu nahi elkarrizketa sakona, blindatua eta konbergentea, egoerak eskatzen duen neurrikoa. Lehendakariak ezker abertzalearen kontra egin dituen adierazpen batzuk oso gogorrak, bidegabeak eta desorekatuak izan dira. Are gehiago ikusita Rajoyren gobernuarekin daukan pazientzia, ulerkortasuna eta, batzuetan, baita babesa ere.

Abertzaletasunaren barruko hegemonia dago lehian?

Badirudi EAJrentzat hauteskundeetako lehiakide hutsa garela, bestelako aldagai batzuk aintzat hartu gabe; gure konpromisoa eta lidergo kolektiboa, esaterako. Bildurekin anker jokatzen ari da Gipuzkoan, giroa zikintzen eta gizarte lubakiak zabaltzen. Jokabide horrek ez die erantzuten lehentasun kolektiboei, eta erakundeen kontrola lortzeko borroketan sartzen gaitu, horixe helburu bihurtuta. PPren eta PSOEren jarrerak ikusita —bake prozesuaz, murrizketez, lan erreformaz, Kataluniako prozesuaz, inboluzio autonomikoaz...—, zail da ulertzea EAJk haien bila jarraitzea Bildu baztertzeko; eremu politiko, sindikal eta sozial abertzalean oinarrizko akordioak lortzen saiatu ordez. Zer Euskal Nazio edo estatus berri planteatuko du EAJk alderdi horien jarrerarekin?

Zein da bidea?

Lehentasun kolektiboak jarri behar dira alderdi bakoitzaren epe laburreko interesen gainetik. Adostasunak eta oinarrizko akordioak landu behar dira, zeharkakoak izateko asmoarekin, atsedenik gabe. Hala ere, zeharkakoa izatea ezin da izan hasierako baldintza. Adostasunak lortu behar dira alderdien, sindikatuen eta gizarte eragileen artean, gehiengoaren sentimenduak eta eskaerak bideratzeko. EAJk badaki ezker abertzaleak badituela borondatea eta konpromisoa ahalegin kolektibo hori egiteko.

Zer balorazio egiten duzu agintaldi honetan ezker abertzaleak erakundeetan egin duen lanaz?

EH Bildu haize freskoa izan da erakundeetan. Zintzotasunaren eta gardentasunaren eredu izan da. Erakutsi du erakundeen eta gizartearen arteko harremanak beste era batekoak izan daitezkeela. Label eztabaidaezin horri esker, aurreko agintarien zenbait eremu ilun garbitu ditu, eta baldintzatu egin ditu zenbait nukleo ekonomikorekin zeuden klientelismoak. EH Bilduk jarrera koherentea izan du ezarritako konpromisoekin eta lehentasunekin. Burujabetzaren aldeko ezkerra Euskal Herrian hasia da egiten Podemosek Estatuan kastari buruz esaten duena. Erakutsi du posible dela erakundeak beste eredu sozial baten zerbitzura egotea, herri proiektu baten zerbitzura.

Uste duzu gai sozialei behar besteko garrantzia eta lehentasuna eman zaiela?

Ahalegina egin dute gai sozialei eta ekonomikoei lehentasuna emateko, ezkerreko gure balioak islatuz, bai erakundeen ekintzetan, bai diskurtso politikoan. Hala ere, uste dut ideologikoki ez dugula asmatu burujabetza politikoaren eta estatu egituren premia uztartzen, proiektu sozioekonomiko alternatibo bati heltzeko. Funtsezkoa da ideologikoki ideia horien arteko erlazioa lantzea, bai sindikalismoan, bai unibertsitatean, bai gizarte mugimenduetan eta baita, jakina, eremu politikoan ere. Katalunian eta Eskozian uztartu dituzte bi ideiak, eta zeharkakotasun ideologiko handia eman diote independentziaren aldeko mugimenduari. Lan pedagogiko horrek etengabea izan behar du, zirimiri ideologiko baten modukoa: enpresetan, unibertsitatean, kulturan... Euskal Herrian ez da aldaketa sozialik izango burujabetza politikorik eta ekonomikorik gabe.

Abian da Podemos Ahal Dugu fenomeno politiko-mediatikoa. Zer espero duzu?

Podemosek politikoki kristalizatu egin du gizarteko sektore garrantzitsuek PPren eta PSOEren txandakatzeen kontra daukaten nekea. Orain, gainera, bat egin dute krisi ekonomikoak, murrizketa sozialek, lan erreformek eta bi alderdien ustelkeria kasuen soka etengabeak.

Podemosek aldaketa itxaropen handia sortu du ezkerrean. Orain arte PSOEk bereganatu du eremu hori, baina erregimenaren bertsio light-a bihurtu da, gizartearen haserreak indargabetzeko. Orain, trantsizioko eredua krisian dago, eta Katalunian eta Euskal Herrian gehiengoak bere estatu juridiko-politikoa erabakitzeko eskubidea eskatzen du. Horregatik, garrantzitsua da Estatuan pentsamendu alternatibo bat eratzea, erakundeetan %30eko ordezkaritza gainditzeko modukoa (Podemos, IU, Conpromis...). Oraingoz, Podemos aintzat hartu beharreko aldagai garrantzitsua da, testuingurua ikusita: Euskal Herriak eta Kataluniak markoaren kontra talka egingo dutela eta konstituzioaren erreformak atzeraezinak direla.

Podemos ezker abertzalearen aliatua edo arerioa izango da?

Podemosek Euskal Herrian ere ezegonkortuko/astinduko du mapa politikoa. Konstituzionalismoa higatuko du, eta erreferentzia berri bat eskainiko du ezkerrean. Litekeena da EH Bilduren gorakada baldintzatzea, baina analisia ezin dugu mugatu hurrengo hauteskundeen argazkira, epe ertainera izan dezakeen eraginera baizik. Euskal Herrian demokrazia eta herritarrek boterea berreskuratzeari buruzko eztabaida berez dago lotuta burujabetza politikoa eta ekonomikoa berreskuratzearekin. Alde horretatik, Nafarroa sekulako testa izan daiteke aliantza berriak antolatzeko, eta baita, agian, oinarritik eraiki behar den Fronte Zabalaren sorrera erreferentzia ere.

Zein izango dira baldintzak bidean topo egiteko?

Ezker abertzaleak urte asko daramatza trantsizioaren giltzarrapoa ireki nahian, konstituzioa herriaren kartzela eta PP-PSOEren erregimenaren babesleku bihurtu baita. Podemos ere helburu horren alde badago, erakundeetan eta Euskal Herriko kaleetan bat egingo dugu, aldaketa politikoaren eta sozialaren alde. Erreferentzia hori klixe mediatiko beltza bihurtzen bada, ordea, burujabetzaren aldeko ezkerrak lanean jarraituko du filosofia eta konpromiso horrekin.

Sindikatuak, krisia eta ezkerra

Nola ikusten duzu euskal gehiengo sindikalaren egoera?

Ezintasun handia sentitzen dut sindikalismo abertzalearen egoera ikusita. Ezker abertzaleak beste epe bat abiatu du, aldaketa estrategikoaren ostean; krisiari emandako irtenbide neoliberalak sekulako eragina izan du langileengan; eta lan erreformek izugarrizko botere aldaketa eragin dute lan harremanetan. Horrek guztiak sindikalismo abertzalearen aliantza estrategikoa eskatzen du: burujabetzaren aldeko apustuan proposamen sozioekonomikoa txertatuz; langileen boterea, eskubideak eta errenta berreskuratzeko proposamen sozioekonomikoen plan bat; eta elkarrekin kudeatzeko erakunde arteko tresna.

ELA eta LAB inoiz baino urrutiago daudela dirudi.

1990eko hamarkadaren erdira arte talka egin zuten sindikatu abertzaleek; baina eboluzio positiboa izan dute aurkakotasun hori eragiten zuten faktore nagusiek (bortizkeria politikoa, estatutu ereduaren aurreko jarrera eta sindikatu eredua). Askotan bat gatoz analisian, jarrera politikoan, proposamen sozioekonomikoetan (gutun soziala) eta ekintza sindikaleko ereduan. Ez dago alde nabarmenik aliantza estrategiko bat galarazteko. Eskuzabaltasuna eskatzen digute sindikalismo abertzalea subjektu autonomo, indartsu eta eraginkor bihurtzeko, bi helbururekin: Boterea=Demokrazia ideia berreskuratzea, euskal subjektu nazional gisa, eraldaketa politikoak eta ekonomikoak lortzeko bidean aurrera egiteko; eta, bestetik, langile klaseak botere kontraktuala berreskuratzea, baldintza soziolaboralak eta aberastasunaren banaketa hobetuz. Egungo egoeran jarraitzeak higatu egingo du bi sindikatuen eragiteko gaitasuna.

Zaila da amestea zu eta Elorrieta idazkari nagusi izan zineteneko elkar ulertze hura. Zergatik?

LABek eta ELAk 1990eko hamarkadaren bigarren erdian eginiko ekarpen nagusiak izan ziren indar metaketaren garrantzia eta aliantza taktiko-estrategikoen balioa, prozesu politikoan modu demokratikoan aurrera egiteko. Nik uste dut ezker abertzalearen aldaketa estrategikoa ezin dela ulertu sindikalismo abertzalearen ekintza bateratuaren erreferentziarik gabe. Orain baldintza berriak daude, eta gure jarrerak helduagoak dira. Horregatik, are ulergaitzagoa da sindikalismo abertzalea ez izatea aliantza estrategiko aurreratuagoen eta erreferentzialagoen abangoardia.

Krisia gogor jotzen ari da gizartea. Ezker abertzalea asmatzen ari al da gehien sufritzen ari direnei alternatibak eskaintzen?

Hasteko, EH Bilduk aurreko kudeatzaileen diru xahutzea eta ilunzaletasuna konpondu behar izan du hainbat erakundetan. Horrek bat egin du hainbat gobernuk erreformen eta murrizketa sozialen bidez ehundura ekonomikoari eta sozialari emandako astinduekin. Hala ere, marko autonomikoaren mugekin, EH Bilduk neurri fiskalak, ekonomikoak, sozialak, ingurumenekoak eta kulturalak onartu ditu, norabide alternatiboarekin. Horrek enpresarien eta hedabideen erreakzioa eragin du; burujabetzaren aldeko ezkerrak ezarritako aldaketa higatzeko estrategiaren soft power eta oinarrizko babesle bihurtu dira. Hots, aldaketa abian da, baina hura sakontzeko eragina izango dute zenbait faktorek: burujabetza politikoa eta ekonomikoa berreskuratzeak, gihar sozial indartsu eta dinamikoa sendotzeak eta erakundeetako indarren korrelazioaren eboluzioak.

Zer harreman izan behar dute erakundeek eta sindikatuek edo gizarte eragileek?

Nabarmendu behar da aldaketa soziala lortzeko aliantza politikoek eta sozialek norabide berean jardun behar dutela. Ez da egongo E egunik, hauteskundeetako emaitza batengatik aldaketa soziala ikusiko denik. Aldaketa eraikitzeko oinarrizko bat egiteak ehundu behar dira maila politikoan, sindikalean eta sozialean. Horretarako, garrantzitsua da harreman instituzionaletan eta mugimendu sindikaletan eta sozialetan berrikuntzak egitea, etengabeko eraldatze prozesuan.

Sindikatuak ari dira asmatzen alternatiba sozial eta ekonomikoak eskaintzen langileei eta klase apalenei, langabeei, kolektibo baztertuei eta abarrei?

Sindikalismoa eraso handia jasaten ari da botere politiko eta ekonomikoaren aldetik. Lan erreformek eta murrizketa sozialek suntsitu egin dute kontratu sozial keynestarra. Negoziazio kolektiboaren erreforma azken kolpe handia izan da. Lan harremanetan sekulako botere eskualdatzea gertatu da eremu politikotik enpresarietara, langileen eskubideak zapalduz eta sindikalismoaren ekintza kolektiboa sabotatuz. Ekintza sindikalaren jokalekua nabarmen aldatu dute patronalari kontratatzeko eskainitako askatasun osoak; lan baldintzak aldatzeko gaitasun autonomoak; langileak kaleratzeko erraztasunak; eta negoziazio kolektiboaren erreformak. Ia oharkabean pasatu da, egiturazko erreformen hipokrisian itota; baina eragin handia du borroka sozioekonomikoan, lan indarraren eboluzioan, enpresen irabazien hazkundean eta desberdintasun sozialen areagotzean.

Eta zer egin behar dute sindikatuek horren inguruan?

Sindikalismoak eutsi egin behar dio enpresetan, antolatuz eta lan eskubideen eta soldata errenten alde borroka eginez; baina ezinbestekoa da subjektu aktiboa izatea aldaketa politikoaren eta sozialaren alde. Hots, boterearen kontrako sindikalismoa baino gehiago, boterea berreskuratzeko sindikalismoa behar dugu, beharrezko aliantzak lortuz eta klaseen arteko borrokan bestelako gaitasun kontraktuala izatea ahalbidetzeko proposamen sozioekonomiko eta laboralak ezarriz.

Kapitalismoak aurpegirik gogorrena azaldu du. Ez al da galtzen ari ekonomiaren parametroak errotik aldatzeko aukera?

Sistemak autokolpe gisako bat emateko baliatu du finantzen krakatekoa. Nukleo ekonomiko-finantzarioek, «merkatuek», botere politikoa bahitu dute, eta murrizketa sozialak eta lan eskubideen suntsipena ekarri dute neurri ekonomiko basatiekin. Oligarkia ekonomikoak botere politikoari estatu kolpe bat eman dio Europan; irabaziak eta boterea pilatzeko aseezintasun horren zerbitzuko tresna bilakatu dira gobernuak. Hortaz, Syrizak, Sinn Feinek, EH Bilduk, Podemosek... bakoitzak bere espazioan, bataila bat dute subiranotasuna —alegia, boterea— berreskuratzeko, gizarte eta lan eskubideak berreskuratzeko, herri eta gizarte duintasunak berreskuratzeko. Laburtuz, demokrazia berreskuratzeko.

Sendo ikusten duzu ezkerra Europan?

Sozialdemokraziak min handia egin dio Europako ezkerrari. Garai batean, beste aukera sozialista edo komunistak fagozitatu zituen, eta gero neoliberalismoaren formula light bat bihurtu zen. Gainera, neurri handi batean, harena da Europako sindikalismoa kontzertazio eredu batean asimilatzearen erantzukizuna, eta horrek ekarri du sindikalismoa ezindua egotea gizarte eraldaketarako subjektu gisa. Latinoamerikako ezkerrak aurkitu ditu formulak eta alternatibak neoliberalismoari aurre egiteko. Baina, Europan, sozialdemokrazia tradizionalaren diziplinatik at ezin izan dute alternatiba sendorik eraiki orain arte. Orain ari gara ikusten esnatze adierazgarri bat.

Adibididez?

Europako Ezkerra taldea —hor daude EH Bildu, Syriza, Sinn Fein, Podemos, Die Linke...— izan daiteke bestelako eredu politiko eta sozial bat eraikitzeko borrokaren erreferente alternatibo handi bat, aldaketa zehatz eta progresiboak planteatuz, korrelazio politiko eta sozial berrietan oinarrituz. Baina ezin dugu geure burua engainatu: orain dela 30 edo 40 urteko egiazko proposamen sozialdemokratak benetan «iraultzaileak» dira egun, publikoaren eta pribatuaren, politikoaren eta ekonomikoaren arteko aldaketa handi bat esan nahi dutelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna