«Jende langilea gara, baina ez gaude prest edozein lan onartzeko»

Epe luzeko langabeak kexu dira ez dutelako laguntza nahikorik langabezia saria bukatzen zaienean. Ohartarazi dute lan prekarioa baino ez dietela eskaintzen egoera horretan

Jesus Perez Huertas eta Pedro Perez Martin, atzo, Santurtziko portuan. JUNE PRIETO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Santurtzi
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Langabezia saria jasotzea zer den ahaztua dute aspaldi Jesus Perez Huertasek (Deustu, Bilbo, 1971) eta Pedro Perez Martinek (Malaga, Espainia, 1969). Gehienez bi urtez lanik gabe egon ondoren bukatzen da langabezia saria, eta dagoeneko bost urte daramatza langabezian batak, eta hamar besteak. Ezkerraldean bizi dira egun, langabeziak Euskal Herrian gogorren jo duen eskualdean, hain zuzen ere.

Perez Martin 25 urtez aritu zen soldatzaile, 17 urte zituenean hasi eta 2008. urtean Mungiako enpresa batetik kaleratu zuten arte. Hamabost urte egin zituen han. Egun batean, baina, enpresako zuzendariak lantegia itxi eta Espainian beste bi enpresa irekitzea erabaki zuen. Mungian langile bat ordaintzeko behar zuen diruarekin bi ordaintzen zituen fabrika berrietan. Geroztik, hamar urte pasatu dira, eta ez du lanik egin era jarraituan. «Noizbehinkako lanak egin izan ditut, baina eskaintzen didaten guztia egoera prekarioan eta oso gaizki ordaindua dago». Langileen eskubideak desagertu egin direla azpimarratu du.

Horregatik kaleratu zutela esan du, berriz, Perez Huertasek, eta, guztiaren gainetik, bere helburua langileen eskubideak defendatzea izan dela. Langabezian egon aurretik, 1.800-2.000 euro ere irabazi zuen, gehienbat eraikuntzan, baina baita beste sektore batzuetan ere. Baina «berdin» zitzaion zenbat irabazten zuen, lan baldintza desegokiak baitziren, eta, are gehiago, inolako segurtasunik gabe aritzen baitzen: «Lan egiteko zailak diren tokietara igotzera behartzen gintuzten, inongo segurtasun uhalik gabe, eta nik hori ez nuen onartzen». Kaleratzeko arrazoietan sakonduta, adierazi du enpresariek traba handiena egiten duten langileak kaleratzen dituztela lehendabizi. «Ez dut uste nire eskubideak exijitzea traba egitea denik: oinarrizko zerbait da». Langabezian egonik ere, pertsonalki orain zoriontsuagoa dela adierazi du. «Ez dut zertan inorengandik behartua sentitu, zer eta soldata eskas bat jasotzeko».

Egun, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dute biek. Perez Huertasek, langabezian dagoenetik, 600 euro jasotzen ditu, eta beste 250 alokairua ordaintzeko. «Egoera guztiz prekarioan bizi naiz; hilabetez hilabete noa». Perez Martinek, bestalde, adin txikiko bi seme-alaba ditu, eta lau bizi dira etxean. Alokairua ordaindu beharrik ez badu ere, 900 euro inguru jasotzen ditu hilean —30 euro igo diote laguntza azken lau urteotan—. «Erakundeetako jendeari eskatu nahi diet azaldu diezadatela nola irits daitekeen 900 euro eskasekin hilabete amaierara lau laguneko familia bat». Perez Martinek argi du ez duela egingarri ikusten.

Perez Martinen eta Perez Huertasen egoera ez da kasu bakana, ez behintzat Ezkerraldean. Diru laguntza sozialak behar dituen jendea aholkatzeko, langabe talde batek bulegoa ireki du Santurtzin bertan. Azkenaldian, gizarte laguntzaileek gero eta laguntza gutxiago eskaintzen dutela nabaritu dute, eta jendeak beraiengana jotzen duela, gizarte laguntzaileek ez dietelako behar bezala aholku ematen. «Laguntzen inguruko informazio zehatzaren bila ez bazoaz, erakundeek ez dute ezer errazten; ez ikusiarena egiten dute».

Eskubide urraketa

Erakundeek presiopean soilik jarduten dutela salatu dute, eta sailkapenak egiten dituztela. Era berean, laguntzak jasotzeko baldintzak gero eta zurrunagoak direla diote. «Baldintzak bete ezean, azkar batean ateratzen zaituzte zerrendatik». Are gehiago, epe luzeko langabeen egoeraz «baliatzen» dira erakundeak eta enpresariak lana sortzeko orduan. Adierazi dutenez, lan prekarioa, inongo eskubiderik gabea eta ordu asko sartu beharrekoa eskaintzen da egun.«Langabezian jende asko dagoela baliatzen dute horretarako, batek ezetz esaten badu hurrengoak onartuko duelako». Hori horrela, azken urteotan lan eskubide oro galdu dela iruditzen zaie.

Esperantza omen da galtzen azkena, eta hala uste dute Perez Huertasek eta Perez Martinek ere. «Jende langilea gara, eta interesatzen zaigun gauza bakarra lana izatea da, baina ez gaude edozein lan onartzeko prest, etekina atera daitekeen lan bat baizik». Azken finean, guztiek lan egin nahi dutela argi dute, baina ez edozein modutan, baldintza duinekin baizik. Horretarako gakoa lan merkatua eraldatzea dela diote, eta gogoratu dute gizarte «lokartu»hau kontzientziatu beharra dagoela. «Noizbait, herriak begiak irekiko ditu, eta erreakzionatuko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.