Eredu sindikalen arteko lehia

Astelehenean abiatuko da Hego Euskal Herrian hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa. Apirilera arte, enpresetako bozen %42,6 egingo dira, eta agerian geratuko da sindikalismo ereduen arteko lehia: gora egiten ari dira ELA eta LAB, konfrontazioan oinarritzen direnak, CCOO eta UGTren kaltetan.
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko irailak 15
Herri honetan politikari ugari daude esaten dutenak sindikatuak sindikalismoan bakarrik ari behar dutela, bestela hauteskundeetara aurkeztu beharko genukeela; bada, hauteskunde sindikalak egunero dauzkagu». Joseba Villarreal ELAko ekintza sindikaleko kidearen hitzak dira horiek, haien jarduna babestu eta justifikatzeko. Eta hauteskunde sindikalak egunero egiten baldin badira ere, astelehenean hasi eta 2019ko apirilera arte Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren %42,6 berrituko dute; hau da, egun dauden 23.501 ordezkarietatik 9.998 aukeratuko dira. Hauteskunde sindikalen epe trinkoa hasiko da horrela; horregatik, garai berezia izango da sindikatuentzat, orain arte egindako lana defendatu beharko baitute.

Lau sindikatu nagusiek badakite hauteskunde horietatik aterako diren emaitzek negoziazio kolektiboan eragin zuzena izango duela, eta haientzat garrantzitsua da epe hau, negoziazio mahaietan horren araberako ordezkaritza izango dutelako. Gainera, denek nabarmendu dute egungo egoeran baldintza prekarioan dauden langile eta sektoreetara iristeko borondatea. Baina sindikatu bakoitzak helburu propioak dauzka.

ELA

Hegoaldeko sindikatu nagusia da, alde handiz. Lau lurraldeetan dauden ordezkarien %36,2 ELAkoak dira, eta horregatik «gutxienez kopuru horiei eustea» izango da helburua, Villarrealek azaldu duenez. Nagusitasuna are nabarmenagoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ordezkarien %40,83 dituelako. «Gure egunerokotik abiatuta, lan zentroetan lan egiteaz gain sektore berrietan eragiteko asmoa ere badaukagu». Sindikatuko kideak azaldu du sektore prekarioetara iritsi eta horien ordezkari eta ahots izateko borondatea duela. «Langile horien baldintzak hobetzeaz gain», lantoki gehiago sindikalizatzea ekarriko luke horrek, azken finean.

Duela lau urteko hauteskundeen epe trinkoarekin alderatuz gero, ELA izan da sindikatu guztien artean Hegoaldean gehien hazi dena: 1,12 puntu. Antzeko hazkundea izan du LABek ere, 1,10ekoa. CCOOk eta UGTk atzera egin dute, eta hori «konfrontazioko sindikalismok etorkizuna duelako da», Villarrealen ustez. «Gatazka ezinbestekoa da langileen baldintzek gora egiteko; garbi geratzen ari da elkarrizketa sozialaren bidea arazoaren parte dela konponbiderena bainoago».

CCOO

Lau lurraldeetako bigarren sindikatua da CCOO: ordezkarien %20,12 ditu, baina, 2014ko erreferentzia kontuan hartuta, 0,54 puntu egin du behera. Ez da beherakada handiegia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere 0,46 puntu galdu ditu tarte berean, eta ordezkarien %18,77 CCOOkoak dira. Baina bigarren postua galdu du erkidegoan, eta galdutakoa berreskuratzea izango da, beraz, haien helburua hauteskunde epe trinko honetan. Garbiñe Espejo Euskadiko CCOOko ekintza sindikaleko arduradunak, bederen, helburu hori zehaztu du, besteak beste: «Tarte txikia daukagu LABekin; pentsa, iaz egin genuen kongresura ordezkari baten aldearekin iritsi ginen».

Hala ere, horrekin batera eredu sindikala zabaldu nahi dutela zehaztu du Espejok: «Langileei jakinarazi behar diegu aukeratzen den ordezkari bakoitzak ez duela euren enpresaren eremua bakarrik ordezkatzen, sektoreko hitzarmenen defentsa ere egiten duela; horretarako, hainbat mahaitan indarra edukitzea beharrezkoa da, eta horregatik langileek hori jakin behar dute». Alegia, negoziazio kolektiboaren inguruan CCOOk egiten duen irakurketaren berri ematea ezinbestekotzat jo du.

Horrekin batera, prekaritatearen eta ezberdinkeriaren aurka borrokatuko dutela ere argitu du Espejok. «Gutxieneko soldata baten alde borroka egin beharra daukagu, emakume eta gazteen lan baldintzak ere egokituz; horretarako, gure hautagaietan ere bi kolektibo horien presentzia bermatzen saiatuko gara».

LAB

Sindikatu abertzaleak CCOOren lekua hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta postu hori finkatzea izango da helburua, Izaskun Garcia LABeko antolaketa idazkariaren arabera. «CCOOri alde handiagoa ateratzea da asmoa». Hego Euskal Herrian hirugarren indarra dira, eta hauteskundeen epe trinko honetan bigarrena lortzea zaila iruditzen zaien arren, erronkatzat du Garciak. 440 ordezkariren aldea dute CCOOrekin, eta zentzu horretan lehia hori estutzeko asmoa izango dute hauteskundeetan zehar. Sindikatu abertzaleak Arabara ere eramango du ordezkarien borroka, eta egun duen %13,16ko ordezkaritza %14ra igotzea izango da asmoa. «UGTrekin daukagun aldea txikitu nahi dugu, epe ertain batean Arabako hirugarren sindikatua izan ahal izateko».

Sindikatua sendotzea da asmoa, beraz. Hala dio Garciak: «Sindikatua indartu nahi dugu, langileentzat tresna eraginkor bat bihur dadin». Alde horretatik, «periferian» kokatu izan diren sektoreengana gerturatzeko asmoa azaldu du, «batez ere sektore feminizatuetara». CCOOko kideak azaldu bezala, LABek ere ordezkarian artean emakumeen presentzia bermatuko duela azaldu du. «Afiliazioari dagokionez, emakumezkoek %40 baino gehiago dira, eta parekidetasunera iristen egon gaitezke, baina egia da ordezkarien artean oraindik lana daukagula egiteko; %36 dira emakumeak, eta %40ko langa hori gainditu nahi dugu». Hazten joateko helburua, beraz, ez da ordezkarien kopurura mugatuko, baita horien nolakotasunera ere.

UGT

Sindikatu handien artean ordezkaritza gehien galdu duena da UGT, eta hori badaki Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak. Horregatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan daukaten «beheranzko joera» apurtzea izango da lehen helburu nagusia. 2014an, ordezkarien %11,69 zeukaten erkidegoan, eta, epe trinkoa hasi bezperan, %10,73 daukate; alegia, ia puntu bat galdu dute, eta, horregatik, Arzak %11ko langa berreskuratu nahi du: «Urtea hasi denetik apur bat igo gara, eta joera horri eutsi nahi diogu epe honetan». Horrekin batera, Araban bigarren indar izatera iritsi nahi dute, baina aukera horrek zaila dirudi, bi puntura baitaude CCOOrengandik.

UGTrentzat garrantzitsuak dira hauteskunde hauek, beti sektoreko itunak sinatu baitituzte «gako» diren negoziazio mahaietan. «CCOOren eta UGTren artean gehiengoa daukagun mahaietan itunak sinatu ditugu». Horregatik, gehiengoei buelta emateko saiakera egingo dute ahal den sektore gehienetan, «mahai horietan eraginkorrak» direla erakutsi baitute, Arzaren arabera. Edozein modutan, UGTk izan duen beheranzko joerari buelta ematea zaila izango da, Hego Euskal Herrian 241 ordezkari galdu baititu azken lau urteetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna