«Kanpora okupatzaileak!»

Muqtada al-Sadr buruzagi xiitak deitutako manifestazioak milaka pertsona bildu ditu Bagdaden. Soleimaniren hilketatik areagotu egin da tentsioa, eta AEBen tropei eskatu diete herrialdea uzteko

AEBen aurkako mezuak izan ziren nagusi atzo Bagdaden egindako manifestazioan. AHMED JALIL / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
AEBetako tropek hamasei urte daramatzate Iraken —2003an inbaditu zuten—, eta urtarrilaren 3tik, Qassem Soleimani Irango jenerala hil zutenetik, nabarmen indartu da haiek herrialdetik kanporatzeko presioa. Atzo milaka lagun bildu ziren Bagdaden, AEBei eskatzeko Iraken dituzten base militarrak itxi eta herrialdea utz dezatela, milioi bat gizonen martxa deituriko manifestazioan. Mobilizazioaren burua Muqtada al-Sadr buruzagia zen, eta hura izan zen manifestarien eskariak azaltzeko arduraduna: «Lehen helburua da AEBen okupazio indarrek Irak uztea, eta, horretarako, dauden bide baketsu guztiak agortu behar ditugu. Azken helburua da Iraken subiranotasuna bermatzea». Egun, AEBetako armadak 5.200 soldadu ditu Iraken.

Bagdadeko mobilizazioan,nagusi izan dira AEBen eta haren aliatu Israelen aurkako oihuak: «Kanpora okupatzaileak!»; «Alde hemendik!»; «HilAEBak!»; «Hil Israel!». Al Jazeera hedabideak elkarrizketatutako hainbat manifestarik euren kezkak azaldu dituzte; nagusiki, AEBen zapalkuntzaren inguruan. Hala zioen Aliya al-Ajeelek, manifestazioan zen emakume batek: «2003tik, AEBen okupazioak genuen guztia kendu digu: gure duintasun guztia eta bizitza normal bat izateko eskubidea. Etxe zaharkituetan bizi gara; ez dugu lanik, ezta soldatarik ere; ez dugu nahi amerikarrak hemen egoterik».

Soleimani jeneralari eraso ziotenetik bi egunera, Irakeko Parlamentuak agiri bat onartu zuen, zeinak bermatzen baitzuen lan egingo zutela «atzerriko edozein indar militar» herrialdetik kanporatzeko. Al-Sadrek, ordea, gogor kritikatu zuen erabakia, haren ustez erantzuna «patetikoa» baitzen Washingtonen ekintzen aldean. Duela pare bat aste, Adil Abdul-Mahdi jarduneko lehen ministroa Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariarekin mintzatu zen, eta «tropak erretiratzeko mekanismoak» zehazteko eskatu zion. AEBetako armadako ofizial batek komunikabideei herenegun esan zienez, ordea, oraindik hasteke daude hori gauzatzeko elkarrizketak, eta, oraingoz, tropek ez dute alde egingo Iraketik.

AEBetako tropak ez dira, ordea, arazo bakarra Iraken. Kexu dira, estatuak ez dituelako oinarrizko zerbitzuak bermatzen: argindarra, edateko ura... Eta, gainera, gobernuari leporatzen diote ez dela gauza lanpostuak sortzeko, eta ustelkeria egiturazkoa dela. Horregatik, aspaldiko mobilizaziorik handienak egiten ari dira herrialdean. Al-Sadrek deitutako protestak lehendik zeudenei gehitu zaizkie, eta «eraberritze politiko bat eta ustelentzako zigorrak» ere eskatu dituzte. Herritarrak 2019ko urriaren 1etik ari dira mobilizatzen sistema politikoaren aurka, eta Poliziaren eta militarren errepresioak 400 hildako baino gehiago eragin ditu jada. Protesten ondorioz, Adel Abdul Mahdi lehen ministroak dimisioa eman zuen azaroaren 29an.

2003ko martxotik, AEBek Irak inbaditu eta Saddam Hussein 1979tik herrialdeko presidentea zena boteretik kendu zutenetik, ezegonkortasun kroniko batean bizi dira Iraken. Horri gehitu behar zaio 2014tik 2017ra Irak borrokan egon zela EI Estatu Islamikoarekin.

Elizgizon gudaria

Al-Sadr Iraken azken urteetan izan den pertsonarik garrantzitsuenetako bat da. Gaur egun Sayirun koalizio politikoko liderra da, Irakeko Parlamentuan eserleku gehien dituen koaliziokoa; lehenago, ordea, zenbait egitasmo militarren burua izan zen. Hala, 2003an Mahdiren Armada sortu zuen, AEBen inbasioari erantzuteko, eta 2014an Saraya al Salam milizia gidatu zuen, EIri aurre egiteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.