Albistea entzun

Uruguai

Mende erdi igaro da 144 presok Uruguaiko bi espetxetatik ihes egin zutela

Ihesean parte hartu zutenen artean zeuden gerora herrialdeko presidente eta presidenteorde izango ziren  Pepe Mujica eta Lucia Topolansky
<b>Cabildoko espetxea.</b> 1971eko uztailean 38 emakumek egin zuten ihes kartzelatik.
Cabildoko espetxea. 1971eko uztailean 38 emakumek egin zuten ihes kartzelatik. CARLOS CONTRERAS Tamaina handiagoan ikusi

Cecilia Valdez -

2022ko urtarrilak 15 - Buenos Aires

Duela mende erdi, preso politiko batzuek inoiz egindako ihesik epikoenetako bi gertatu ziren Montevideon: Abusu operazioa eta Izar operazioa. Lehenengoan, Abusu operazioan, gerora presidente karguan izango zen Pepe Mujicak , 105 tupamarok —talde hartako buruzagiak tartean— eta sei preso arruntek parte hartu zuten; bigarrenean, berriz, Izar operazioan, zenbait erakunde politikotako 38 emakumek. Munduko Errekorren Guinness gidan 106 uruguaitar baino ez daude, eta hain justu 1971ko irailaren 6an Punta Carretastik ihes egin zuten horiexek dira.

Ez hainbesteko oihartzunez, baina orobat balentria eginez, 38 izarrek halaxe esaten diete Cabildoko espetxetik ihes egin zuten hiriko estoldetan barna korrika 1971ko uztailaren 30ean, hots, beren militantziakideek baino hilabete lehenago. Ihes egin zuten emakume haien artean Lucia Topolansky zegoen, gerora Uruguaiko presidenteorde izango zena eta Mujicaren bizikidea.

Aurreko ihesaldi batzuk

Punta Carretasko kartzela XX. mendearen hasieran eraiki zuten, eta 1931ko martxoaren 18an egin zen ospetsu, zortzi anarkistak tunel batetik ihes egin zutenean. Ingeniaritza maisulan bat zen tunel hura, eta espetxearen kanpoaldetik hasi zuten, preso haien lagun anarkistek El Buen Trato izeneko ikaztegi bat erosi eta handik abiatuta. Ekintza ikusgarri haren arduradun nagusia Miguel Arcangel Roscigno anarkista espropiatzaile argentinarra izan zen. Roscigno eta Gatti senar-emazte italiarrek beren gain hartu zuten ikaztegia; harreman ona zuten bizilagunekin, eta poltsak atera eta atera ibili ziren, ez ikatzez beteak, baizik tuneletik ateratako lurrez beteak.

Ihesaldi hura izan eta luze gabe, gutxienez beste bi ihesaldi ere izan ziren Punta Carretasen: Raul Bidegainena —anaia bisitan etorri eta harekin aldatuta alde egin zuen, eta Juan Almirati ingeniariarena —epaitegi batera deklaratzera eraman zutenean ihes egin zuen—. Ihesaldi haiek distraitzeko ere balio izan zuten nolabait, zeren, horrela, inork ez baitzuen pentsatu beste norbait plan handiagoren bat prestatzen ari zenik.

1971ko apirilaren hasieran hasi ziren aztertzen nola egin Izar operazioa, hots, preso politikoek Cabildoko espetxetik modu masiboan ihes egiteko operazioa. Gerora, historian emakumeen kartzela batean inoiz izan den ihesaldi handiena bihurtu zen, baina kartzela hartan bertan, urtebete lehenago, beste ihesaldi garrantzitsu bat ere izana zen. 1970eko martxoaren 8an, hain justu, hamahiru usok —halaxe izendatu zituzten— oinez ihes egin zuten espetxeko kaperatik, mezetara eraman zituztenean.

Artzain Onaren kongregazioaren komentu moduko batean zegoen kartzela, eta erlijioaren azken gotorlekua zen; moja zahar batzuek gobernatzen zuten, eta funtzionamendu aldetik gehiago zirudien neska gazteen barnetegi bat. Izar operazioa egin zutenerako, ordea, nahiz eta oraindik ere mojek hartzen zituzten presoak, kartzela zaindariak jarriak zituzten segurtasuna bermatzeko.

Uso operazioa lotsaizuna izan zen Jorge Pacheco Arecoren gobernuarentzat (1967-1972), zeinaren kudeaketaren bereizgarriak izan baitziren doitze ekonomikoa, errepresio soziala eta militanteen espetxeratzea. Garai hartan, diktaduraren aurreko aroan zegoen Uruguai (1973-1985): demodura bat zen hura, eta ezkerreko mugimenduetako ehunka militante kartzelatu zituzten etengabe, Segurtasun Neurri Berehalakoen babesean, hau da, setio egoeraren eufemismo bat erabiliz.

Estoldetan barrena

38 izarrek ere Cabildoko espetxetik ihes egin zuten, estoldetan barrena, Tupamaroen Askapen Nazionalerako Mugimenduko (MLN) militanteekin ezin hobeto koordinatuta. Graciela Jorge 22 urterekin sartu zuten kartzela hartan, eta hura da 38 izar haietako bat. Tupamaroen MLN mugimendua sortu zuten kideetako bat ere bada, eta 1970ean sartu zuten preso, taldeko buruekin eta beste hainbat kiderekin batera, Almeriako erorialdiaren ondoren. «Urtebete eman nuen preso, eta ihes egin nuen gero. Kartzela hartan bertan beste ihesaldi bat izana zenez, ezin genuen prestatu haren gisako beste ihes bat: modu berriak pentsatu behar genituen. Denbora guztian, etengabe harremanetan egon ginen kanpoan zeuden erakundekideekin. Bagenekien ez genuela inondik ere beteko ezarria ziguten kartzelaldi osoa, zela kanpoan beste panorama bat sortuko zelako, zela irteteko moduren bat aurkituko genuelako. Eta aurkitu genuen, bai», azaldu du Jorgek.

Zenbait aukera aztertu ondoren, kartzelatik gertu zegoen etxe bat bereganatu zuen erakundeak, eta, handik, tunel bat egiten hasi ziren estoldetaraino, kalea azpitik gurutzatuz, zuzen-zuzenean espetxeraino. «Eta halaxe hasi ginen plana lantzen. Milimetroz milimetro neurtu beharra zegoen dena, eta tunelak nondik egin erabaki. Gure adiskideak etxe hartatik hasi ziren tunela egiten, eta gu geunden lekuraino iritsi behar zuten; hortaz, ondorioztatu genuen hamar bat literako logelatxo bat izango zela lekurik egokiena, huraxe baitzegoen urrunen barne zaindariak zeuden tokitik. Orduan, planoak egin genituen».

Beste erabaki garrantzitsu bat zera izan zen: ebaztea ea zein egingo zen lehenago, Izar operazioa —Cabildoko espetxekoa— ala Abusu operazioa —Punta Carretaskoa—. Eleuterio Fernandez Huidobro MLNko zuzendarietako batek dioenez, dilema handia izan zen: «Zain egon gintezkeen biak batera egiteko, ala gure kontra genuen denbora? Emakumeen ihesaldia estoldetatik egitekoak ginen, eta, beraz, horrek esan nahiko zuen agian guk ezingo genuela modu bera erabili. MLNk kanpotik helarazi zigun erabakia». Azkenean, Izar operazioa lehenago egingo zutela ebatzi zuten, zenbait gauza kontuan hartuta: besteak beste, emakumezkoak beste kartzela batera eramatekoak zirela berehala. Plana hain aurreratuta edukita, horrek esan nahi zuen sekulako aukera gal zezaketela. Punta Carretasko ihesaldirako plana betetzen ari zirenek, beraz, tunelak egiteari utzi behar izan zioten, eta zain geratu, noiz hasi ahal izango berriz eskuaretzen.

1971ko uztailaren 26an, presoen ihesbide izango zen gelatik 10 zentimetrora iritsi zen Izar operazioko tunela. Handik kilometro eta erdira zegoen tunelaren beste punta. Hala ere, 10 metroko zuloa baino ez zuten egin behar izan: 80 zentimetro zabal eta 1,40 zentimetro garai zen estolda bat zen bidearen gainerakoa.

Uztailaren 30ean, larunbatez, presoei agindu oso zehatzak eman zizkieten: oihu ez egiteko arratoiak ikusita ere, oinetako sendoak eta ondo lotuak eramateko, orkatilak bendaz inguratzeko, prakak janzteko, eta txano bat edo galtzerdi bat ere bai buruan, ileari eusteko. Guztira, 42 pertsonak parte hartu zuten: 38 iheslariek eta kanpotik sartutako lau kidek kilometro eta erdiko bidea egin zuten. «Neguko gau bat zen. Euria egina zuen, eta ez zebilen inor kalean. Han hasi zen gure bizimodu klandestino baina librea. Emakumeak erruz aritu ziren Uruguaiko jardun iraultzailean. 1972an, berriz harrapatu ninduten ni, eta giltzapean egon nintzen presoak askatu zituzten arte, hau da, 1985eko martxoaren 14ra arte», gogoratu du Jorgek.

'Abusu operazioa'

Bien bitartean, Punta Carretasen, herrialdean segurtasunik handiena zuen kartzelan, martxan zeuden oraindik iheserako planak. 1915ean eraiki zuten espetxe hura, eta delitu arruntengatik atxilotutako jendea eta ehun bat preso politiko zeuden han, tartean MLNko buruzagi guztiak.

1960ko hamarkadaren hasieran, lehen landa gerrillak sortu ziren Latinoamerikako zenbait herrialdetan. Uruguain, berriz, tupamaroek lehen gerrilla urbanoak sortu zituzten, herrialde horren geografia zela medio. 70eko lehen urteetarako, hain zuzen, ugari ziren tupamaroak, eta ospetsu bihurtuak ziren ekintza ikusgarriak eta sofistikatuak egiteagatik. Pando hiria hartu zutenekoak izan zuen oihartzunik handienetakoa, 1970eko urriaren 8an: gerrillari ugari hileta segizio batean iritsi ziren hara, eta komisaria, suhiltzaileen kuartela, telefono zentrala eta hiru banku hartu zituzten; banku haietatik, gainera, 357.000 dolar bereganatu zituzten. Hogei minutu iraun zuen operazioak, baina, ihesean zihoazela, Poliziak hogei bat gerrillari harrapatu zituen. Raul Sendicek, tupamaroen buruzagi gorenak, ihes egitea lortu zuen, baina hura ere harrapatu egin zuten geroago.

Pando hartzeko prozesuan harrapatu zituztenek, kartzelan sartu orduko, Aspirina Batzorde edo A Batzordea sortu zuten, ihes egiteko planak aztertzeko. Izan ere, denak zeuden batzordeetan banatuta. Hain antolatuta egonik, eta kartzelan jendeak sinpatia hartu zienez, bidea zelaituz joan ziren. Orain ordukoak kontatzen dituztenean, preso politikoak harro agertzen dira espetxean sozialismoa zabaldu zutelako. «Kartzelan sartu gintuztenean, erabaki genuen harremana egingo genuela beste presoekin. Uste genuen gauzak aldatu nahi bagenituen han ere bagenuela zereginik», dio Ruben Garciak, Pando hartu zuten MLNko kideetako batek.

Punta Carretasko ihesaldirako, sekulako logistika behar izan zen, eta jende askoren eta askoren artean egindako obra kolektibo bat izan zen hura. Preso zeuden tupamaroek, kartzelan bertan egindako tresna oso eskasekin, zulo sare bat egin zuten zelda guztiak elkarrekin konektatzeko, eta, gero, bina zulo ere bai solairu bakoitzeko azken ziegetako zoruan, beheko solairurantz joateko. 30 egunean, 40 metroko tunel bat egin zuten, beheko solairuko azken zeldatik hasi eta aurrez aurreko bidezidorrean zegoen etxeraino. Horretarako, kartzelako zaindari batzuk erosi behar izan zituzten, eta haiekin akordio bat egin ere bai, ikuskapenak ez zitzaten egin ordura arte bezala, abisatu gabe, baizik 30 egunean behin edo aurrez abisatuta, eta aurrez zehaztutako ziega jakin batzuetan.

Orobat lortu behar izan zuten bi preso arrunt zulo handia egingo zuten zeldara eraman zitzaten. Hala, hiru txandatan banatuta egun osoan lan eginez, azkar egin behar zuten aurrera. Zuloa egiteko, hogei pertsona aukeratu zituzten, kontuan harturik zer tamaina zuten, nolako sasoian zeuden, nolako osasuna zuten eta zer erregimenetan bisitatzen zituzten abokatuek eta senideek, behean zeudela bisitarik etor ez zekien. Tunela egitea lan oso sofistikatua izan zen, eta, eginkizun hartan, funtsezkoa izan zen Jorge Amilcar Manera Lluberas ingeniari zibila, MLN fundatu zuten kideetako bat ere bazena. Ziega batetik bestera eramaten zuten zuloek ez zieten arazorik eman, kareorea erraz kentzen baitzen, baina tunela besterik zen: nonbait sartu behar tuneletik ateratako lurra eta hondakinak, eta, literen azpialdeak guztiz bete zirenean, beste mekanismo batzuk asmatu behar izan zituzten ezkutatzeko. Anarkisten tunela izan zen horietako bat, zuloa egiten ari zirela aurkitu baitzuten. Lurra gordetzeko ez ezik, airea lortzeko ere erabili zuten, oztopo hura ere gainditu behar izan zuten eta; izan ere, aire falta zela medio, lan txanda laburragoak egiten hasi behar izan zuten.

1971ko irailaren 4an, irteera izango zuten etxera iritsi ziren hondealanetan ari zirenak. Irailaren 5eko gauean, berriz, seinalea bidali zieten esateko kartzelaren aurrez aurreko bi etxeak hartuak zituztela, eta tunela goitik ireki ahal izan zuten. Aldi berean, militante tupamaroek manifestazioak eta zenbait ekintza egin zituzten hiriaren beste aldean, Polizia entretenitzeko. Irailaren 6ko goizeko bostetan zulotik atera zituzten 111 presoak. Fernandez Huidobrok, bere liburuan, honela deskribatzen du nola irten ziren tuneletik: «Banakako ilara etengabe bat zen, gizon bakarra balitz bezala arnasestuka, txintik ere esan gabe. Zarata bakarra, han burrunba bihurtzen zena, ukondoek, eskuek, belaunek eta oinek lurra jotzean egiten zuten hotsa zen». Anarkisten tunelaren bidegurutzean, norbaitek kartel bat jarria zuen, honela zioena: «Hemen gurutzatzen dira bi belaunaldi, bi ideologia, eta patu bera: askatasuna». Izarrei bezala, arropa, armak eta dirua eman zizkieten kanpora ateraz zihoazenei. Buruzagiak kamioneta batean atera zituzten etxe hartatik, eta besteak, berriz, bi kamioitan, bakoitzean 50.

04:15ean, dena den, kartzelaren ondoko bizilagun batek, zeina tupamaroek ihes egiteko okupatu zituzten bi etxeetako batean bizi baitzen eta gela batean lotuta baitzegoen, loturak askatzea lortu zuen, eta Polizia zuzendaritzara hots egin ere bai, baina ez zioten sinetsi, eta zaindariari garrasika hasi zitzaion orduan.

Ihesaren ondoren, tupamaroek erabaki zuten nazionalizatu egin behar zutela borroka, ordura arte oso ardaztuta egon baitzen Montevideon. Baina ihes egin zuten gehien-gehienak berriz ere harrapatu zituzten. «Ni sei hilabete izan nintzen kanpoan, eta Minasko ezkutaleku batean harrapatu ninduten. Kuartel batean izan nintzen lehenik, eta Libertadeko espetxe militarrera eraman ninduten gero; han egon nintzen preso, 85era arte», kontatu du Garciak. Azaldu duenez, hala izarren ihesa nola Punta Carretaskoa lotuta zeuden MLNk Fronte Zabala eratzeko hartu zuen erabakiarekin. «Erabaki genuen babes kritiko bat ematea, uste baikenuen hauteskundeen bidetik joz gero ez genuela aukerarik izango, baina aldi berean sinetsita baikeunden oso garrantzitsua zela Uruguaiko ezkerra batzea. Hor, menia moduko bat eman genuen: erabaki genuen ezer ez egitea fronte haren eraketa oztopatzeko».

1973an, diktadura militar bat hasi zen, eta, horren ondorioz, preso politiko gehienak kartzelan eduki zituzten 1985era arte. Fronte Zabala, berriz, presidentetzan izan zen 2005etik 2020ra, eta Montevideoko Departamentua ere gobernatzen du 1990etik. Punta Carretasko kartzela 1986ra arte egon zen martxan, eta 1994an merkataritza zentro bilakatu zuten. Azkenik, tunelaren bukaera zegoen etxea gaur egun jatetxe garesti bat da, jantoki ugari dituena, eta tupamaroek ihes egiteko erabili zuten tunelaren zuloa dagoen gelarako izaten da eskari gehien. Orain, beiraz estalia dago zuloa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Londresko Polizia Erresuma Batuko Parlamentuaren kanpoaldean. / ©Andy Rain, EFE

Downing Streeteko festak ikertuko ditu Poliziak

Arantxa Elizegi Egilegor

ITV telebista katearen arabera, 2020ko ekainean, konfinamendu betean, 30 lagun bildu ziren lehen ministroaren egoitzan, haren urtebetetzea ospatzeko.

Errusiako militarrak, joan den astean, Bielorrusian. ©EFE

Errusia eta Ukraina Parisen bilduko dira bihar, tentsioa baretzeko ahaleginean

Gorka Berasategi Otamendi

Frantziarekin eta Alemaniarekin batera elkartuko dira lau estatuetako ordezkaritza bana. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzera deitu du. Putinekin hitz egingo du telefonoz, aste amaieran.

Zale batzuk zauritutako lagunei lagundu nahian, bart, Jaunden. ©BERRIA

Gutxienez zortzi lagun hil dira Afrikako Kopako neurketa batera sartu nahian zebiltzala

Paulo Ostolaza

Beste 38 lagun inguru zaurituta daude. Jaunden gertatu da ezbeharra, Kamerungo selekzioaren partida baten aurretik. Norgehiagoka ezer gertatu ez balitz bezala jokatu da.

Burkina Fasoko presidente Roch Kabore, hitzaldi bat ematen, Unescoren 75. urteurrenean, Parisen. ©JULIEN DE ROSA / EFE

Burkina Fasoko militarrek diote boterea hartu eta junta bat osatu dutela

Mikel O. Iribar

Kabore presidentea kargugabetu eta parlamentua desegin dutela esan dute matxinoek. Segurtasun arrazoiak aipatu dituzte kolpea emateko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.