Joseba Madariaga. Ekonomista

«Alde guztiek akordioa nahi dutela dirudi»

Hego Euskal Herriko ekonomiak ere nabaritu du «kanpoko ekaitza». Aurtengo motelaldia espero baino handiagoa izan da, baina behea jo izanaren zantzuak ikusten ditu Madariagak.

joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Duela hiru hilabete baino baikorrago dago Joseba Madariaga (Bilbo, 1964). Laboral Kutxako ikerketa bulegoko arduradunaren arabera, ekonomia % 1,8 igoko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,2 Nafarroan.

Nola egingo dio aurre 2020ari euskal ekonomiak?

Nahiko sendo. Barne eskaria indartsu dago, langabezia gutxieneko tasetara iristen ari da, eta enplegua sortzen jarraitzen dugu. Oraintxe, kanpotik datorren ekaitz bati aurre egiten ari gara. Duela urte bat analistek iragarri baino handiagoa izan da motelaldia.

Zergatik gertatu da hori?

Hainbat gertaerak bat egin dute. 2018 amaieran, Erreserba Federalak interes tasak igo zituen, burtsek behera egin zuten, eta merkataritza gatazka gotortu egin zen. Ondorioz, manufaktura sektoreak geldialdi handi bat izan du, eta industriari nabarmen eragin dio. Euskal lurraldeei begira, Nafarroak joera hobea du, ordea.

Zertan datza diferentzia hori?

Industria produkzioak eta autogintzaren ekoizpenak izugarrizko igoera izan dute. %10etik gora hazi dira; ekipo ondasunen eta garraio osagaien kasuan, %30era ere ailegatu da. Alemanian ez bezala, automozioak oso joera ona izan du, eta sektore horrek pisu handia du Nafarroan. EAEn, manufaktura sektorearen produkzioan kontrakoa gertatu da.

Zenbaterainoko motelaldia espero duzu 2020rako?

Uste dugu urrian behea jo dugula ondasunen produkzioari dagokionez. Azaroan jada antzeman da munduan egoerak hobera egin duela, eta enpresen artean konfiantza ere hobetu dela diote adierazleek. Ekipo ondasunen sektorean egoera irauli eta gorantz egingo duela uste dugu. Baliteke errebote moduko bat ere egotea, baldin eta aurten mugarri izan diren bi faktoreetan akordioa badago.

Merkataritza gerrak eta brexit-ak erabakiko dute 2020aren noranzkoa?

Bai, ematen du mundu guztiak akordioa lortu nahi duela. Brexit-aren kasuan, badirudi dibortziorako ituna nahi dutela, eta Irlandako mugaren auzia konpondu nahi dela. Gauza bera gertatzen da Txinaren eta AEBen artean. Dena den, erne. Urrats bat egin izanak ez du derrigorrean esan nahi aurrerapausoak emango ditugunik.

Barne kontsumoa sendo dagoen arren, azkenaldian ahuldu egin da. Joerak hala jarraituko du?

Iragan hurbilean, %3 inguruko erritmoan handitzen ari zen, eta orain, berriz, %2 inguruan. Zer gertatzen da? Alde batetik, lan merkatuan susperraldirik handiena jada izan da. Bestetik, azken bi atzeraldietan, batik bat 2011tik 2013ra bitartekoan, sendiek nahiago izan zuten aurreztu eta kontsumoa murriztu; atzeratu egin zuten iraupen luzeko produktuen erosketa —altzari, hozkailu, ibilgailu, etxebizitza...—. Egoera hobetu zenez, azken urteetan joera dinamikoagoa izan da. Azken kontu bat dago. Albiste ugari jasotzen ditugu, eta antsietate moduko bat sortu da atzeraldiren bat etorriko ote den. Horregatik, zuhurrago jokatzen du jendeak, zer gerta ere, badaezpada.

Zer sektoreri eragingo dio gehien egungo egoerak?

Industriari; batez ere, esportatzen duten enpresei. Nazioarteko merkataritzaren joko arauak auzitan jarri dituzte, eta horrek enpresen erabakiak baldintzatzen ditu. Egoera konpontzen ez den bitartean, gehiago sufrituko dute.

Alemaniak Europan duen garrantziaren jakitun, zer jokabide izango du hango ekonomiak?

Zentzuz jokatuko dute. Haien arazoa herrialdeko auto industrian datza. Herrialdetik kanpo, Alemaniako enpresen fabriketan gora egin du ekoizpenak. Alemaniari merkataritza gerrak, brexit-ak eta Txinaren eredu ekonomikoaren aldaketak eragin dio. Ahalmen fiskala badu egoerari aurre egiteko, nahiz eta ez diren gastatzearen oso aldekoak.

Alemaniaren arazoek austeritatea alboratu eta politika fiskalen bidez ekonomia bultzatzera eraman dezakete Europako Batasuna?

Ideia horren aldekoa naiz, baina buruarekin. Politika fiskal batekin arazoa konpontzeko gai bazara, aurrera. Beste kontu bat da aztertzea zeren ondorio diren automozioaren arazo horiek: merkataritza egoeraren ondorio bada, ez duzu ezer konponduko horrela. Nire ustez, alemaniarrak zentzuz ari dira egoera aztertzen. Beste kontu bat da politika fiskala erabil daitekeela ingurumen aldetik iraunkorragoa den eredu bat bultzatzeko. Kasu horretan, beldurrik gabe zorpetu gintezke, hurrengo belaunaldiek ordaindu beharreko esfortzu hori haien mesederako izango delako.

EBZn aldaketak espero dira?

2022ra urtera arte, zail izango da %2ko inflaziora iristea; eta horrek esan nahi du interes tasak ez direla igoko 2023ra arte. Tasek denbora daramate %0an, eta banku zentralek ikusten dute diru politikak erabilgarri izateari utzi diola, ez duela balio hazkundea sustatzeko. Gehienez ere faktore osagarri bat izan daiteke. Estatu Batuetan, duela urtebete hasi zuten eztabaida, eta Christine Lagardek mahai gainean jarri du estrategiak eta erremintak aztertu behar direla.

Zertan datza eztabaida?

%2ko helburua jartzea zure oinari tiro egitea bezala da. Bere garaian, %2ko sabaia jarri zen, ez zelako uste hain denbora luzez inflazioa hain apal egongo zenik. Proposatzen da helburu gisa %2ko muga bat jarri ordez prezioen batezbesteko bat jartzea. Ñabardura hori interesgarria da, %1,5 eta %2,5 arteko tarte bat zabaltzen delako. Banku zentralek sinesgarritasuna behar dute, enpresek eta sendiek pentsatzea inflazioa %2ra helduko dela. Denbora daramagu %2aren azpitik, helburura iritsi gabe, eta hori kezkagarria da.

Zer gertatzen ari da?

Teoriarik gabe geratzen ari gara. Ez zen halakorik inoiz gertatu, eta harrituta gaude. EAEn, adibidez, lan kostuak %3 igotzen ari dira batez beste, baina prezioak ez. Normalean, kostuak igoz gero, salneurriak igo egin beharko lirateke, baina enpresek arazoak dituztehori egiteko. Zergatik? Ikertzeko eremu handia dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.