Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Euskararen Nazioarteko Eguna. Pello Jauregi. Uler-saioak' metodologiaren sortzailea

«Ulermen unibertsalera iristea da premiarik handiena»

Hamar euskaldun egonda, nahikoa izaten da euskaraz ulertzen ez duen beste bat egotea erdarara jotzeko. «Zuloz beteriko txalupa bat da gurea», dio Jauregik. Erabileran aurrera egin ahal izateko, ezinbestekotzat dauka ulermenean ere aurrera egitea.
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko abenduak 3

Euskaraz ez dakien batek hirurogei orduan gutxienez A1 mailako ulermen gaitasuna lortzea da Uler-saioak metodologiaren helburua. Pello Jauregi (Donostia, 1958) EHUko irakasle eta ikerlariak garatu du, eta Soziolinguistika Klusterrak argitaratu, Aldahitz ikerketa proiektuaren barruan. Joan den urtean jarri zituzten martxan lehen bi esperientziak, eta emaitza «oso onak» lortu zituztela esan du Jauregik, A2 mailako ulermenera iritsi baitziren ikasleak. Aurten, zortzi taldetan ari dira proba egiten.

Hirurogei orduan gutxienez A1 mailako ulermen gaitasuna lortzea da Uler-saioak-en helburua. Nola lortzen da hori?

Metodologia horretan irakasleak hitz egin behar du modu oso errazean, ikasleek ia dena ulertzeko moduan. Ikasleek hitz gutxi eta forma gutxi ezagutzen dituztenez, irakasleak ere hitz horiekin hitz egin behar du. Horrez gain, irakasleak etengabe egiaztatu behar du ikasleek ulertu dutela esandakoa.

Nola lortzen du irakasleak ikasleek ia guztia ulertzea?

Batzuetan, aginduak ematen ditu: «altxa, eta etorri mahaira», «orain, joan atera»; «hartu boligrafoa», eta halakoak. Bigarren teknika bat istorioena da: istorio sinple bat kontatzen du irakasleak, eta ulertu duten jakiteko, galderak egiten ditu. Aurrerago iritsitakoan, albisteak kontatzen ditu, aktualitateko gauzak, kasu horretan ere oso modu errazean. Bideoena da beste teknika bat: bideoetan istorioak ikusten dira, ahotsa kenduta, eta irudi horien kontakizuna egiten da. Ondoren, irakasleak egiaztatu egiten du ea ikasleek ulertu duten.

Hiztegi falta izango da zailtasun nagusietako bat, ezta?

Hasieran oso hitz gutxi jakiten dituzte ikasleek, eta ordubeteko saio bakoitzean hamar bat hitz berri-edo ikasten dituzte. 30 ordura iristerako, oinarrizko hiztegi ezagutza bat izaten dute.

Metodologia horrekin, ulermena soilik lantzen da, edo bestelako gaitasunak ere jorratzen dira?

Ulermenera bideratutako metodologia da. Helburua da ikasleek euskara ahalik eta azkarren ulertzea. Ez dugu lantzen mintzamenik, irakurmenik, gramatikarik eta halakorik. Erdara ere erabiltzen dute ikasleek irakasleak esandakoa ulertu duten edo ez adierazteko. Irakasleak beti euskaraz egiten du, eta ikasleak ahal badu bai, baina bestela gazteleraz.

Iaz Abadia saria eman zizuten Euskaraldiaren «teorizatzaile» gisa egindako ekarpenagatik. Orduan egindako elkarrizketetan, belarriprest figuraren garrantzia nabarmentzen zenuen. Ulermenean aurrera egiteari garrantzi berezia ematen diozu zuk, ezta?

Bai, soziolinguistika aldetik, ulermen unibertsalera iristea da premiarik handiena. Zuloz beteriko txalupa bat da gurea, gure artean euskara ulertzen ez duen jende asko dagoelako oraindik. Hamar euskaldun egonda, nahikoa da batek ez ulertzea erdarara jotzeko, eta hori da zulo bat; zuloz beterik gaudenean, erabileraren txalupa ez da aurrera joaten.

Euskararen ulermen unibertsalera iristeak zer aldaketa ekar ditzake erabileran?

Hizkuntzak elkar ulertzeko dira, eta batek ez badu ulertzen, jada hizkuntza horrek ez du balio denok elkar ulertzeko. Besteak beste, horregatik ez du aurrera egiten euskararen erabilerak. Euskaraz hitz egiteko gogoa izan arren, familian, lanean edo lagunartean euskara ulertzen ez duen norbait egonez gero, gehienok atzera egiten dugu. Lortuko bagenu ulermena erabat unibertsala izatea, besteek guri ulertzea, beraiek erdaraz egin arren guk euskaraz egin ahal izango genuke, denek ulertuko genukeelako elkar. Behintzat aukera izango genuke. Euskaldunon artean beste kultura bat zabalduko litzateke, beste jokatzeko modu bat, gaur egun posible ez dena. Gainera, bigarren hizkuntza bezala ikasita, zaila da euskaraz ongi mintzatzea lortzea, baina, nahi izanez gero, oso erraza da asko ulertzea.

Norbaitek ulermen maila nahiko altua izan arren ikusiz gero euskaldunei ulertu ahal izateko haiek mantsoago hitz egin behar dutela edo euskalki baten ordez batua erabili behar dutela, ez al da erdarara jotzen?

Erdaldunek, ahalegin handirik egin gabe, euskaraz ulertu ahal izatea da lehen gakoa, eta aipatzen duzun hori, bigarrena: euskaldunon partetik zer jarri behar dugun. Euskaldunok joera dugu euskaraz egiteko euskaraz ongi egiten dutenekin, baina ikusten badugu gure solaskideak zailtasunen bat daukala, ulertu arren kosta egiten zaiola edo ez duela euskaraz hitz egiten, alegia, komunikazioa pixka bat zailagoa bada, gaztelaniara pasatzen gara. Komunikazio egoera deserosoetan ere euskaraz egiteko ahalegin bat egin behar dugu, bestela, tarteko euskara gaitasuna duten gure solaskideek ez dute euskaraz entzungo, orduan zertarako hitz egingo dute... Euskalkian edo azkar hitz egiten dugulako ez badigute ulertzen, malguagoak izan behar dugu.

Zer fasetan dago Uler-saioen metodologia?

Iaz egin genituen lehen bi esperientziak, eta oso ondo atera ziren, ulermeneko A2 mailara iritsi baitziren ikasleak. Baina bi esperientzia gutxi dira, eta gehiago egin behar ditugu emaitzak berresten diren jakiteko. Orain, zortzi esperientzia daude martxan. Ikerketa fasean dago, beraz, oraindik.

Zer diote irakasleek?

Mintzamena eta irakurmena baztertuta, metodologiak ulermenean bakarrik zentratzea dakarrenez, arrotz samarra egiten zaie hasieran, baina behin metodoa ulertuta, gehienak ondo moldatzen dira, eta emankorra dela esaten dute.

Behin metodologia horrekin oinarrizko ulermen gaitasuna lortuta, zein izango da hurrengo urratsa?

Jarraipen moduan, badaukagu beste metodologia bat ere prestatuta: Ulerrizketa babestua izena du. Gutxi gorabehera B1 mailako ulermena lortu artean edo balioko luke. Metodologia hori aplikatu izan dugu zenbait lantegitan, eta emaitzak oso politak izan dira, baina ikerketa fasean dago oraindik hura ere. Ulermenean aurrerapen azkarrak ematea da haren helburua ere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.
Juan Mari Aburto lore eskaintza egiten, atzo, Bilbon. ©BILBOKO UDALA

Frankismoak espetxeratutako andreak omendu dituzte Bilbon

Iosu Alberdi

Bilboko Udalak eta Gogora institutuak plaka bat jarri dute Orue Txaleta zegoen lekuan. Eraikin hura espetxe izan zen 1937tik 1942ra bitarte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...