Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Eskubide urraketak salatzeko, grebara deitu dute Katalunian gaurko

Intersindical CSCren deialdia babestu dute alderdi independentistek eta hainbat elkartek. Manifestazio nagusiak 18:00etan egingo dituzte

2017ko azaroaren 8ko grebako protesta bat, Bartzelonan. Urte horretako urriaren 3an egin zuten beste bat. TONI ALBIR / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
U-1aren epaiketa salatzeko hirugarren mobilizazio erraldoia egingo dute gaur Katalunian. Intersindical CSC sindikatu independentistak deituta, greba orokorra egingo dute egun osoan , eta 2017ko urriaren 3an egindakoaren arrakasta lortzea jarri dute helburutzat —independentzia erreferenduma egin eta bi egunera izan zen—. Ofizialki, sindikatuak adierazi du PPren lan erreformaren aurka eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen Kataluniako legeen alde aterako direla kalera, deialdia legez kanpokotzat jo ez dezaten; baina denen ahotan dago gaurko greba orokorra U-1aren epaiketaren aurka protesta egiteko izango dela.

Protesta eguna masiboa izatea du helburu sindikatu independentistak. Carles Sastre CSCren idazkari nagusiak herenegun adierazi zuenez, «eskubideen eta askatasunaren arloan atzeratze prozesu bat jasaten» ari dira, eta, horregatik, kalera ateratzeko deia helarazi zien katalanei. Grebarekin bat egin duen hezkuntza arloko Ustec-STEC sindikatuaren eledun Ramon Fonteren arabera, gaur «inork ezin du huts egin».

Hainbat elkartek —Omnium Cultural, Biltzar Nazional Katalana (ANC)...—, hainbat sindikatuk eta alderdi independentistek bat egin dute Intersindical CSCren egitasmoarekin. Eguerdian kontzentrazioak egingo dituzte udaletxeen parean, eta, Bartzelonaren kasuan, Universitat plazan egingo dute ekitaldia. Arratsaldean, manifestazioak antolatu dituzte Tarragonan, Gironan, Lleidan eta Tortosan, 18:00etan hasita; ekitaldi nagusia Bartzelonakoa izango da.

Agenda, bertan behera

Grebaren ondorioz, Kataluniako Gobernuak bertan behera utzi du gaurko agenda publikoa, eta Chakir el-Homrani Lan kontseilariak grebaren azterketa egingo du. Miquel Buch Barne kontseilariak iragan asteartean prentsaurrekoan azaldu zuenez, Generalitateko kontseilariek ez dute gaurko mobilizazioetan parte hartzeko asmorik: «Epaiketaren aurka dela kontuan harturik, gobernuko kideak sentiberagoak dira. Horregatik erabaki dugu agenda bertan behera uztea».

Alfred Bosch Kanpo Ekintzarako kontseilaria arduratuko da «balizko larrialdiez» eta segurtasunarekin lotuta dauden zereginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.