Albistea entzun

I-11k 20 urte

AEBen atzerri politika aldatu zuten I-11ko erasoek

Iraken hildako zibilak oroitzeko, zapataz betetako kutxa bat utzi zuten 2007an Kapitolio aurrean.
Iraken hildako zibilak oroitzeko, zapataz betetako kutxa bat utzi zuten 2007an Kapitolio aurrean. STEFAN ZAKLIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko irailak 11

Adin jakin batetik aurrerako inor gutxi izango da duela hogei urteko irailaren 11n zer egiten ari zen gogoratzen ez duena. Erasoek munduko lehen potentziaren bihotza ez ezik, mundu osoarena ere astindu baitzuten. AEBetan 08:19 ziren Bostondik Los Angelesera 92 lagun zeramatzan Amerikan Airlines 11 hegaldiko kide Betty Ongek alerta deia egin zuenean. Hegazkina bahitua zuten. Handik ordu erdi eskasera, AEBetan 08:46an, hegazkin horrek berak New Yorkeko World Trade Centerreko dorreetako baten aurka jo zuen. Erasoen hasiera zen. Irudiak bazter guztietako telebistetan ikusi ahal izan ziren, zuzenean. Al-Qaedako 19 kidek lau hegazkin bahitu zituzten: bik Dorre Bikien aurka jo zuten, hirugarren batek Pentagonoaren kontra, eta laugarrena Kapitolioaren aurka botatzeko asmoa zuten, baina Shansvillen erori zen, Pennsylvanian, bahitzaileek haren kontrola galdu ostean —AEBetako zerbitzu sekretuek bota ote zuten ere zabaldu zen hasieran—. 3.000 hildako baino gehiago izan ziren, tartean erasotzaileak eurak, eta zaurituak 25.000tik gora. Erasoengatik arazo psikologikoak izan zituztenak, berriz, ezin konta ahala.

Atentatu haiek aldatu egin zuten etsaia ikusteko eta ulertzeko modua, eta izua zabaldu zuten mundu osoan. AEBetan —eta Europako herrialde askotan— askatasunak murriztu zituzten segurtasunaren izenean, eta, maiz, herritarren onespenarekin. Baina atzerri politika ere zuzenean irauli zuten erasoek. Ordura arte, Txinaren aurkakoa zen Washingtonen diskurtso nagusia; hitz soilak ziren haren atzerri politika, esku hartze bakan batzuk salbuetsita. Baina, erasoen ostean, etxeko babespetik irten ziren AEBak. Afganistango gerra heldu zen lehenik —2001eko urriaren 7an hasi zuten inbasioa, eta azaroaren 13an erori zen Kabul hiriburua—, eta Irakekoa jarraian, 2003ko martxoaren 20tik urte bereko apirilaren 9a arte luzatu zena.

Agintarien hitzaldiak ez ezik, analista politikoen eta komunikabideen diskurtsoak ere aldatu egin ziren irailaren 11 hartatik aurrera. Bat-batean, Ekialde Hurbilaz soilik hitz egiten zen irrati eta telebistetan, eta hortaz idazten egunkarietan; nonahi entzuten ziren madrassa —eskola islamikoa— eta xaria —lege islamikoa—hitzak, baina kutsu ezkorrarekin; musulmanekiko mesfidantza ere txoko guztietara zabaldu zen, eraso xenofoboekin batera. George W. Bushek prest zuen gerra hasteko testuingurua.

Al-Qaedako buru Osama Bin Laden Afganistanen ezkutatzen zela eta talibanek uko egin ziotela hura AEBen esku uzteari. Hori izan zen erasoaldia hasteko argudioa. 2011ko maiatzean hil zuten Bin Laden, Pakistanen, Barack Obama presidente demokrata agintean zela. AEBek beste hamar urte egin zituzten, hala ere, herrialdean, aurtengo abuztuaren 31ra arte. Hogei urte horietan, 46.319 zibil hil ziren gatazkan, AEBetako Brown Unibertsitatearen Gerraren Kostuak proiektuaren arabera. Askoz gehiago izan ziren Irakeko gerrak utzitako albo kalteak —izen hori jaso zuten Bushek hasitako gerran hildako zibilek—: 185.194 eta 208.167 artean 2003ko martxoa eta iazko ekaina bitartean, Iraq Body Count proiektuaren arabera. Hildakoak ez ezik, milaka milioiren kalteak ere eragin zituzten bi gerrek, eta krisi ekonomikoan murgilduta utzi zituzten bi herrialdeak. AEBei eurei ere garesti atera zitzaien mendekua, hiru eta sei bilioi dolar artean. Inbertsio horrek, baina, ez zuen balio izan bi herrialdeak seguruago egiteko, talibanek Afganistanen izan duten garaipen azkarrak argi utzi duen moduan.

Politiken militarizazioa

Interbentzionismoa eta politiken militarizazioa ekarri zuen Irailaren 11k. 2001 eta 2008 bitartean gastu militarra bikoiztu egin zuen gobernuak, eta berdin gertatu zen atzerri laguntzarako aurrekontuekin ere; horien zati handi bat helburu militarretara bideratu zen, eta beste bat giza laguntzara —atzerriko herrialdeei ematen zaien laguntzak ere, maiz, esku hartze militarren helburu bera du, estatuei nolabait kontrolpean eustea—. Tarte berean nabarmen handitu zen informazio zerbitzuetara bideratutako aurrekontua ere, baita atzerriko zerbitzuekiko elkarlana ere.

Militarizazioa ez zen izan soilik goi agintariek bultzatutako joera. Orduko datuek argi uzten dutenez, estatubatuar gehienek uste zuten hori zela bide azkar eta eraginkorrena «terrorismoa» amaitzeko. Pew Research Institutuaren ikerketa baten arabera, 2001eko urrian herritarren %45 zeuden esku hartze militar baten alde, eta horietatik %76k uste zuten erasoaldia arrakastatsua izango zela. Estatubatuarrek urte luzez defendatu zuten Afganistanen aurkako gerra hura —2006an galdekatutakoen %69k zioten erabaki zuzena izan zela—. Testuingurua aldatuz joan zen, ordea, eta 2011n Bin Laden hil zutela jakinarazi zutenean hasi ziren erretiratzearen aldeko ahotsak ozentzen. Al-Qaedako buruzagia hil eta hilabetera aldatu egin zen lehen aldiz gehiengoaren joera, eta %56 ziren handik joateko ordua zela ziotenak. Irakekin gerraren aurkako ahotsak gehiago izan ziren arren, 2002ko urrian herritarren %66k uste zuten Saddam Hussein presidenteak zerikusia izan zuela erasoetan. Gerra hasi eta hilabetera, 2003ko apirilean, %71k iritzi zioten erabaki zuzena izan zela Iraken aurka jotzea. Bi gerrak amaituta, ordea, herritarren gehiengoak uste du AEBek huts egin dutela Afganistango eta Irakeko gerretan.

Teknologia militarra hobetzeko eta segurtasun enpresen irabaziak handitzeko ere balio izan zuten Bushek hasitako «terrorismoaren aurkako gerrek». Droneak azaldu ziren: etsaiaren aurka borrokatzeko modua erraztu eta merkatu zuten. Piloturik gabeko airekoen erabilera asko handitu zen Afganistango gerran, biktima zibilen inguruko eztabaida eragiteraino. Teknologia hori bera erabili zuten inguruko herrialdeetako aire eremuetan sartzeko ere, besteak beste Pakistanen, milizietako asko han ezkutatzen zirela argudiatuta. Gerora, berriz, droneak erabili zituzten beste hainbat gatazkatan, hasi Iraketik eta azken urteetan Somalia eta Siriaraino. Baina teknologia berria azkar zabaltzen da, eta harekin batera baita droneen erabilera ere. Laster beste hainbat herrialdek jarraitu zioten Etxe Zuriak zabaldutako bideari, eta teknologia ugaritu ahala droneak eurak ere merkatu egin ziren, harik eta Mendebaldeak etsaitzat zituen hainbat talderen esku erortzeraino, hala nola EI Estatu Islamikoarenetan, zeinak Al-Qaedaren tokia hartu duen zerrenda beltzaren goiko postuetan.

Bush izan zen Irailaren 11ko erasoak argudio gisa hartuta gerra legeak aldatu zituena, baina haren hurrena agintean egon zen Obamak eutsi egin zien aldaketa horietatik hainbati. Estatuburu errepublikanoak nazioarteko legedien beste interpretazio bat egin zuen; hasieran kritikak jaso arren, urteekin nazioarteak onartu egin du. Haren arabera, «mehatxatuta» egon daitezkeen herrialdeek indarra balia dezakete «talde edo banako terroristen aurka» egiteko, baita horiek erasoa onetsi ez duten beste herrialde batean ezkutatzen badira ere, betiere beste estatu hori «mehatxua amaitzeko gai ez bada». Hala azaltzen du John B. Bellinger analista politikoak bere zutabeetako batean: «2002ko Segurtasun Nazionalerako Estrategia azaltzean, Bushek berak iragarri zuen prest zeudela talde terroristen eta estatu etsaien aurkako eraso prebentiboak egiteko, haiek erasoari non eta noiz ekingo zioten jakin aurretik ere. Obamak berak eutsi egin zion politika horri, nahiz eta nazioarteko legediak jaso mehatxuak berehalakoa izan behar duela halako neurriak hartu ahal izateko». Esan beharra dago AEBak ez zirela izan doktrina hori baliatzen bakarrak. Erresuma Batuak ere gauza bera egin zuen 2015ean Sirian bi britainiar hil zituztenean, «mehatxu» zirela argudiatuta.

Atzerri politikan egindako aldaketen adierazgarri argiena, hala ere, Washingtonen izandako botere aldaketa da. 2001etik 2006ra Defentsa idazkari izan zen Donald Rumsfeldek Estatu Departamentuaren gainetik jarri zuen bere idazkaritza, eta alde batera utzi zituen aurreko lau hamarkadetan bultzatutako armen kontrolerako politikak, ordura arte demokratek eta errepublikanoek defendatzen zituztenak. Ondorioz, Estatu Departamentuak mundu osoan zituen bulegoetatik hainbat itxi behar izan zituen, eta, zenbait iturriren arabera, baita informazio zerbitzuetako agenteak sartu ere hainbat kontsulatu zuzentzeko lanetara.

Segurtasun pribatua

Atzerri politiken militarizazioarekin batera heldu zen segurtasun enpresa pribatuen loraldia. AEBetako Bostongo Unibertsitateak eta Brown Unibertsitateak iaz egindako ikerketa baten arabera, Ekialde Hurbilean 53.000 mertzenario zeuden, eta 35.000 soldadu. Iraken militar gehien zeuden garaian ere mertzenario bat zegoen soldadu bakoitzeko, eta 2001etik 8.000 mertzenario hil dira armadarentzako lanean ari zirela, hau da, epe berean hildako soldaduak baino mila gehiago. Aipagarria da, gainera, ikerketak dioenez, hildako mertzenarioetatik gehienak ez zirela estatubatuarrak. «Horrek guztiak modua ematen du etxeko giza galerak ezkutatu ahal izateko, eta, aldi berean, politikoki eramangarriago egiteko», azaldu zuen Heidi Peltierrek, ikerketa aurkeztu zuenean.

Baina hasieran segurtasun enpresa pribatuen erabilera defendatu bazen esanez kostuak murrizteko eta militarren zerbitzua hobetzeko balioko zuela, denborarekin aurkakoa frogatu da, alegia, garestitu egin duela atzerriko esku hartzea —iaz defentsarako aurrekontuaren erdia baino gehiago bideratu zen ordainketa horiek egitera, 370.000 milioi dolar—.

Hogei urte igaro dira, ordea, hondamena eragin zuen erasotik, bi hamarkada mundua astindu zuten gertakarietatik, eta denborak baretu egin ditu estatubatuarren izuak eta gorrotoak, eta pandemiak berriz ere etxera begira jartzera behartu ditu, bai herritarrak, baita gobernua bera ere. Joe Biden presidentea izan da 2001ean hasitako okupazioa amaitu duena, nahiz eta amaiera hori izan ez Bushek bere garaian amestutakoa. Hori Afganistanen. Iraken 3.000 bat soldadu estatubatuar geratzen dira —Etxe Zuriak iragarri du urte amaierarako erretiratuko dituela—, eta han talibanik ez bada ere, gerraosteak eragindako nahasmena ez da erretiratzearekin batera desagertuko. Dena den, bada berezitasunik, Frantziak iragarri baitu geratu egingo dela.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Zero COVID neurrien aurkako manifestariak, bart, Pekinen. ©MARK R. CRISTINO / EFE

Milaka lagun kalera irten dira Txinan, Zero COVID politiken aurkako protestetan

Paulo Ostolaza

Herrialdeko hiri nagusietan izan dira protestak, tartean, Pekin hiriburuan. Urumqi hiriko sute batean hamar lagun hil izanak leherrarazi ditu manifestazioak.

Gerald Darmanin Frantziak Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa —irudiaren erdian—, gaur, Noumean, bilkura batean ©@GDarmanin

Darmaninek «elkarrizketei berriz ekitea» jarri du helburutzat Kaledonia Berrian

Ander Perez Zala

Urtebetean baino gehiagoan lehen aldiz, independentistek baiezkoa eman diote negoziazioetan parte hartzeari.

Peruko presidente Pedro Castillo (erdian), Ministroen Kontseilua berritu ostea, joan den ostiralean, Liman. ©EFE

Peruko Botere Judizialak Castillori eskatu dio estatuko erakundeak bilera batera dei ditzala, adostasuna lortzeko

Mikel O. Iribar

Gobernuaren eta Kongresuaren arteko tentsioa areagotu egin da azken egunotan; ganberak ezezkoa eman dio presidentearen konfiantza mozioari, eta Ministroen Kontseilua berritu behar izan dute.

Irango emakumeen aldeko protesta, Istanbulen (Turkia), iragan larunbatean. ©EFE / Erdem Sahin

Iranek ez du NBErekin kooperatuko protestetako errepresioa ikertzeko

Maddi Iztueta Olano

NBEk misio independente bat sortu du mobilizazioen aurkako errepresioa ikertzeko. Mahsa Aminiren hilketaren aurkako manifestazioetan 300 lagundik gora hil dituzte, eta 15.000 herritar atxilotu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.