Olabe: «Lasai gaude taldearekin, eratzen eta egokitzen ari baita»

Realeko Futbol zuzendariak ez du argitu fitxaketaren bat egingo duten Merquelanz ordezkatzeko

Roberto Olabe Realeko Futbol zuzendaria, atzoko agerraldian. REALA.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Nahi duten taldea izateko «mundu bat» falta zaiela onartu arren,etorkizunari begira lasai daudela adierazi zuen atzo Roberto Olabek, Realeko Futbol zuzendariak. Olabek ez zuen argitu fitxaketaren bat egingo duten edo ez denbora luzerako min hartu duen Martin Merquelanzen ordez.

Olabek onartu zuen lehen hiru jardunaldietan taldeak egindako jokoa ez zela ona izan: «Kamuts aritu gara. Baina ziur nago hobetuz joango garela. 2016ko irailetik modu batera jokatzen aritu gara, eta orain aldakorrak izan nahi dugu. Ez dugu berdin jokatu nahi aurkari guztien kontra. Aurreko sasoi amaieran erakutsi genuen horretarako gaitasuna dugula». Uste du taldeak hobetu egin duela hainbat gauzatan:«Bizkorrago ari da erasoan, eta joan-etorrietan ez du horrenbeste sufritzen. Baina ez gaude guztiz pozik egindako jokoarekin. Badugu zer hobetua. Geure buruari asko eskatu nahi diogu».

Merquelanzek denbora luzerako min hartu duela kontuan hartuta, beste fitxaketaren bat egiteko aukeraz galdetu zioten Olaberi. «Aukera mugatua da. Izan ere, Espainiako ligan jokatzen duten jokalariak edo kontraturik gabe daudenak fitxa ditzakegu soilik. Hori kontuan hartuta, zaila iruditzen zaigu hobeago egingo gaituen eta parte hartzera etorriko den norbait topatzea. Baina hilabete dugu erabakia hartzeko, eta lasai egon nahi dugu».

Egindako fitxaketen inguruan ere mintzatu zen, baina ez zuen erantzun nahi izan sasoi honetako taldea aurrekoa baino hobea den: «Bidegabea da alderaketa hori egitea, oso jokalari garrantzitsuek utzi baitute taldea, eta ekarri ditugun jokalariak eta harrobitik igotakoak oso gazteak baitira. Baina ilusio handia dugu. Oso jarrera ona dute, eta laster erakutsiko dute beren maila. Duela urtebete, utzita bada ere, halako jokalariak ekarriko genituela esan baligute, ez genukeen sinetsiko. Urrats bat egin dugu merkatuan». Ez zion garrantzirik eman jokalari horietako bi, Sandro eta Theo, utzita etorri izanari: «Vela ere hala etorri zen, eta begira zenbat eman zigun. Ezer baino lehen, klubaren filosofia eta futbola ulertzeko dugun modua ezagutzea nahi dugu». Sandrorengan jarri zuen arreta. «Golak sartzeko gaitasuna izateaz gain, zuloak ondo topatzen dituen jokalaria da, eta jokatu duen taldeei sakontasuna eman die. Jokatzeko molde diferenteetara egokitzen da, eta leku desberdinetan ari daiteke. Januzajen lesioak halako jokalari bat fitxatzera eraman gaitu».

Asier Illarramendik eta Mikel Oiartzabalek kontratua berritu izana funtsezkoa iruditzen zaio. «Oso garrantzitsua da halako bi jokalarik hemen jarraitzea, eratzen segitzen lagunduko digute. Etorkizuneko gure proiektuko zutabeak izango dira ».

Penaz mintzatu zen Imanol Agirretxeren erretiroaz: «Une zaila izan zen. Pena handia ematen dit, uste baitut asko emango zigula. Maiatzetik aritu ginen harekin hizketan. Borrokalari bat izan da, eta beti oso jarrera baikorra izan du. Aukera desberdinak aztertu genituen osatzeko, baina ez da posible izan». Jokalariak erabakia jakinarazi zionean «erantzunik gabe» geratu zela onartu zuen: « Unea iritsi zela esan zidan, eta haren ondoan egon gara egun hauetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.