PS, gainbehera betean

UMPk gehiengoa berreskuratu du Frantziako Senatuan, eta Hollande eta Vallsen erreformak zailduko ditu.

FN ganberan sartu da, lehen aldiz
Manuel Valls eta François Hollande, Eliseoko jauregian.
Manuel Valls eta François Hollande, Eliseoko jauregian. PHILIPPE WOJACER / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko irailak 30
Azkenengo hiru urteetan salbu, eskuinak beti izan du gehiengoa Frantziako Senatuan, 1958an V. Errepublika indarrean sartu zenetik. Eta PS Alderdi Sozialistaren gainbeheraren ondorioz, berezko kolorea berreskuratu du goi ganberak. 348 eserlekuetatik 178 berritu zituzten igandean, eta, zortzi oraindik zehazteke, eskuinak 186 senatari izango ditu —UMPkoak 145— eta ezkerrak 152 —PSkoak 107—; horiez gain, berritasuna da FN Fronte Nazionala lehen aldiz sartu dela Frantziako Senatuan: bi senatari izango ditu eskuin muturreko alderdiak, Marine Le Penek «historikotzat» jo zuen emaitzari esker.

Hautetsi handiek aukeratzen dituzte senatariak Frantzian: igandean 87.734 diputatu, kontseilari nagusi eta udal hautetsi izan ziren boto-emaileak. Eta martxoko udal hauteskundeetatik argi zegoen eskuinak senatuan gehiengoa berreskuratuko zuela, Hollanderen alderdiak kolpe handia jaso baitzuen, UMP bere garairik onenean egon gabe ere. PS barneko zatiketak ere kalte egin die sozialistei, eta 21 eserleku galdu dituzte.

Stephane Le Foll Nekazaritza ministroak, gobernuko bozeramaile lanetan, martxoko hauteskundeen ondorio logikotzat jo zuen senatuko gainbehera: «Udal hauteskundeak galdu genituenez, mekanikoki, horren ondorioak nabaritu egin ditugu. Espero genuen». PSko lehen idazkari Jean-Christophe Cambadelisek, berriz, jokoan zeuden 178 aulkietatik ezkerreko indarrek 59 bakarrik eskuratu arren, UMPk ez zituela helburuak bete adierazi zuen: «Eskuinak gehiengoa lortu du, baina ez du maila eman».

Erreformetarako traba

François Hollande presidenteak eta Manuel Valls lehen ministroak ez dute arazo handirik izango ohiko lege proiektuak aurrera ateratzeko, Asanblea Nazionalean PSk daukan gehiagoari esker. Senatua bigarren mailako ganbera baita Frantzian, eta diputatuek dute azken hitza. Baina legeen tramitazioa trabatu eta atzeratu dezakete senatariek.

Arazo handiagoak izango ditu Hollandek egin asmo dituen erreforma instituzionalak aurrera ateratzeko. Justiziaren independentziari, estatuburuaren izaerari, hautetsi kopuruari, legebiltzarrerako hauteskundeen proportzionaltasunari edota Europako Batasunetik kanpoko atzerritarren boto eskubideari buruz egin nahi dituen aldaketek; izan ere, bostetik hiruko gehiengoa behar du Kongresuan, Asanblea Nazionala eta senatua biltzen dituen erakundean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna