Kosovoko bosgarren indarrak boterea eskuratu dezake bihar

Gobernu koalizioa hautsi ostean aurreratu behar izan dituzte bozak. Gerrillari ohi bat da faborito

Erredakzioa
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Kosovok alde bakarreko independentzia eskuratu eta bederatzi urtera, boterea eskuratzeko aukera dauka parlamentuko bosgarren alderdiak, bihar, bozetan. Ramush Haradinaj gerrillari ohia da faborito inkestetan: AAK Kosovoko Etorkizunerako Alderdia sortu zuen 2000. urtean, eta, behin gerra amaituta, artean autodeterminazioa eskuratzeko zegoela, lehen ministro izan zen ehun bat egunez, 2004-2005ean. Haradinajek PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoaren babesa lortu du bozetan, herrialdeko alderdi handienarena, hain zuzen, oraintsu arte boterean egon dena.

Hashin Thaciren PDK-k Isa Mustafaren LDK Kosovoko Liga Demokratikoarekin nekez osatutako koalizioak bide malkartsua izan du sorreratik, eta zentro eskuineko alderdiak gutxiengo serbiarrari autonomia zabalagoa emateko asmoak eragin du haustura, oposizioaren zentsura mozioa babesteraino. Gobernu koalizio ahularen krisi politikoari herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoa gehitu behar zaio.

Langabezia eta pobrezia

Kosovoko arazo larriena langabezia da; 1,8 milioi biztanle dituen herrialdean, %27,5ekoa da langabezia; gazteen artean, %52,4. Eta lana duten askoren artean, egunerokoa ere makurra da, batez besteko soldata 450 euro baita. Pobrezia %30 da, eta herritarren %17 muturreko pobrezia egoeran daude. Ustelkeriak eta nepotismoak zeresan handia daukate horretan.

Albin Kurti Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdiko buruzagia da ustelkeria irmoen salatu duena: «Urte hauetan ez dugu subiranotasun politikorik eta ekonomikorik lortu». Inkestek hirugarren lekua ematen diote biharko bozetan Kurtiri. Berez, Kosovo Albaniara batzea da mugimendu horren aldarrikapen nagusia.

Kosovo herrialde multietnikoa da, eta banderako sei izarrek sei etniak ordezkatzen dituzte: albaniarrak, serbiarrak, bosniakak, ijitoak, turkiarrak eta goraniarrak. Kuota sistema dago parlamentuan, 120 eserlekutik 20 dira gutxiengoentzat, kontua da herritar gehienak, %90, albaniarrak direla.

LDK, berez, bigarren indar izango da inkesten arabera. Avdullah Hoti da alderdiko hautagaia, eta talde txikiagoen babesa ere jaso du. Alderdi horrek Serbiarekiko negoziazioei eustea babesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.