Trantsizioa bukatzeko helburuz

2011ko matxinadarekin hasitako erregimen aldaketaren azken oinarria paratu nahi dute gaur Tunisian, presidentetzarako hauteskundeekin
Soldadu bat hautetsontziak zaintzen, iparraldeko Beja hirian.
Soldadu bat hautetsontziak zaintzen, iparraldeko Beja hirian. MOHAMED MESSARA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 23
Hurrengo hilean beteko dira lau urte Mohamed Buazizi gazteak bere buruari su eman ziola Tunisiako Sidi Buzid hirian. Aski ezaguna da dagoeneko ekintza hark Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean sortu zuen lurrikara geopolitiko erraldoia, oraindik bukatu ez dena, eta noiz edo nola buka daitekeen ere argi ez dagoena. Baina Buaziziren herrialdean, gaurko presidentetzarako hauteskundeekin espero dute erregimena aldatzeko trantsizioa bukatzeko azken harria paratzea. Alderdi guztiek adostutako konstituzioa da erregimen berriaren oinarria, baina matxinadan lehenbiziko lerroan egon zirenengan mesfidantza sortu du prozesuaren bukaerak, erregimenarekin lotura zuten pertsonaien eta islamisten artean polarizatu baita panorama politikoa.

Horren adibide, gaurko lehia. 22 hautagai daude presidentetzarako, baina kalkulu guztiek Beji Caid Essebsi jotzen dute faboritotzat. Inkestak debekatuta daude Tunisian, baina esparru ofizialetik at egin galdeketek eta joan den hileko legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzek erakutsi dute hori. Nida Tunis koalizio sekularreko buruzagia da Essebsi. Politikari zaharra, independentzia garaitik egon da botere guneetan, baina aldizka, aldian aldiko liderrekin desadostasunak zituenean utzi egiten baitzuen. Hala, disidente ospea hartu zuen, eta trantsizioan ez dute baztertu, Zine el-Abidine Ben Ali aitzineko presidentearen garaiko bertze agintari batzuk ez bezala. Nida Tunis alderdia 2012an sortu zuten Ennahda alderdi islamistak hegemonia politikoa lor ez zezan. Alderdia sortu zutenen artean, Ben Aliren Biltzar Demokratiko Konstituzionala alderdiko kide ohiak daude.

Moncef Marzuki egungo presidentea da Essebsiren arerio nagusia. CPR Errepublikaren aldeko Biltzarra alderdiko burua da, kutsu sozialdemokratadun alderdia. Harreman ona dauka, ordea, Ennahdarekin; trantsizio aldi honetan presidente izan da Ennahdak gobernuan agindu duen bitartean, eta CPRk koalizioa ere osatu du islamistekin. Ennahdak uko egin zion presidentetzarako hautagai bat aurkezteari, argudiatuta herrialdearen polarizazioan ez sakontzeko borondate oneko ekintzatzat egiten zuela. Kanpainan, zuzendaritzak neutral izendatu du bere burua, baina oinarriak Marzukiren alde agertu dira.

Bi faboritoen ziztadak

Horregatik, aurreko inguruabar horiekin, bi hautagaiek kanpainan argi izan dute nondik eraso bertzeari. «Bi alternatiba dituzue», erran zien Essebsik bere jarraitzaileei kanpainako azken ekitaldian, Sfax hirian. «Iraultzaren Babesleen Ligek [muturreko islamistak], salafistek eta Hizbu Etahrirrek [muturreko islamistak] babestutako hautagai bat, edo Tunisia herrialde moderatu bat nahi dutenena». Marzukiren erantzuna, Nabel hiritik: «Aitzineko sistemaren jarrerak oinordekotzan jaso dituztenak dira Tunisiaren arriskua. Haiek irabaziz gero, azken hauteskunde demokratikoak izanen dira». Bi handien itzalpean, bertze bi hautagaik lortu dute oihartzuna: Eslim Rihai petrolio arloko enpresariak, eta Hama Hammami ezkerraren hautagaiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna