LIBURU AURRERAPENA

Daisy telebistan

Ugarteko herritik Pauera, edo Baionara, edo Gaztelara, edo Texasera. Etengabea da mugimendua, etengabea protagonisten joan-etorria Bernardo Atxagaren nobela berrian. Ibai bakarrera doazen errekak dira liburua osatzen duten sei piezak eta epilogoa.

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Daisy gasolindegi batera iritsi da bere autoan, bera gidari, bakarrik, eta drive-thru bateko leihatilaren parean gelditu eta zerbait eskatu dio enplegatuari ibilgailutik jaitsi gabe. Emakume gazte bat da, ilehoria, ez ditu hogeita hamar urte izango.

Enplegatua, istant batez ikusi duguna, ezkutatu egin da kasetaren barruan. Inguruko paisaia erakusten digu pantailak une batez: lur idor landu gabea eta autopista bat oso trafiko gutxirekin; eguzkia eta zeru urdina. Texasko bazter bat dela jakingo dugu geroago.

Janariaren zain dago Daisy, eta aurpegia ikusten diogu lehen planoan: mamitsua da, kokots-azpi zabalekoa, baina obalatua eta polita. Programaren izena From Fat to Fit denez, oso gizena izango dela imajinatzen dugu; baina, aurpegia bakarrik ikusita, ez dirudi.

Kasetako leihatilan ez da, espero bezala, enplegatua azaldu janari zorroarekin, baizik programaren aurkezlea, pisua galtzen lagunduko dion trainerra, gizon polit bat. Harridurarekin, Daisy barre-zotinka hasi da, aurpegia tapatu du bi eskuekin, lotsatuta dago. Telebista programa bat bada ere, ez zegoen nonbait den-dena hitz egina, eta Daisy benetan dago harrituta. Gorri-gorri jarri zaio aurpegia. Trainerrak ere barre egiten du. Drive-thruaren kasetatik kanpo dago orain.

Autotik atera da Daisy, oihutxoka doa trainerra besarkatzera, eta haren gorputzaren tamaina ikusten dugu. 150 kilo baino gehiago da. Nerabe batenak dira haren keinuak, eta hain zuzen ere nerabea dela pentsatzen dugu une batez, aurpegi obalatua eta atsegina lagun. Geroago jakingo da ezkonduta dagoela, eta hiru ume dituela.

Pantailan oharra azaltzen da: «Bigarren eguna».

Gimnasio bat ikusten dugu, agian ez iluna baina hala dirudiena, ikusi berri ditugun Texasko eguzkiaren eta zeru urdinaren aldean. Bi metro karratu inguruko baskula handi bat dago bertan, Galapagoetako dortoka erraldoi bat ere hartuko lukeena. Badator Daisy: albornoz zuri bat darama, urduri dago, ez omen daki zenbat pisatzen duen, ezin omen da pisatu ez etxean eta ez farmazian. Trainerrak monitore metaliko bat dauka eskuan, pantailaduna. «Aurrera! Ikus dezagun!», dio. Daisy igo da baskulara, eta halako isilune luze bat egin da. Denbora behar dute monitoreko zenbakiek estabilizatzeko. Azkenean, hor dago pisua: 456 pound. «207 kilo», dio off-eko ahots batek. Trainerrak kopeta zimurtzen du zenbakia ikustean, eta ez dirudi itxurak egiten ari denik. Dioenez, sekula ez du halako pertsona gizenik izan bere ardurapean.

—Noiztik ez duzu zeure burua zaintzen? —galdetzen dio, eta Daisyk burumakur egiten du negar. Bere hiru umeak aipatzen ditu, senarra. Zaindu egin behar denak, eta lanera joan behar egunero, etxera soldata bat eramateko.

Trainerrak besarkatu egiten du Daisy, baina ez, askok egingo luketen bezala, poor Daisy, poor Daisy suspiriatuz, baizik larderiaz.

—Kiloak galdu behar dituzu! Bizia salbatu behar duzu. Egin ezazu zeuregatik!

Daisyk baietz dio, malkoak kentzen ditu masailetik eskuaren ertzaz.

Kaxa sendo bat ikusten dugu lurrean. Trainerrak:

—Hartu zure kilo guztiak eta bota paretaren kontra, Daisy!

Ia lau oinean, Daisyk amorruz bultzatzen du kaxa paretarantz. Kolpea entzuten dugu.

Argaltzeko programan parte hartzeko erabakiak indarra eman dio Daisyri, eta halako poz harroxko batekin despeditzen da lehengo janariez: pizza haiek, fry haiek, cake haiek... Agur, bai, agur horri guztiorri betiko, good-bye!, good-bye! Oihuak entzuten ditugun bitartean haren autoa azaltzen da pantailan. Autopistatik doa, Texasko zeru urdina gainean. Geroxeago, BBQ jatetxe baten paretik pasatzean, Daisyk dio munduko barbakoa-tokirik onena dela. Baina, agur, good-bye, agur hari ere, agur betiko. Hurrengo eszenan etxeko sukaldean daude trainerra, dietista eta hirurak. Aldi berriko lehen barazki purea ikusten dugu.

Seigarren eguna dator, eta Daisy beldurtuta dago, medikuarengana joan baita aspaldiko partez. Irudietako bat latza da. Erresonantzia egin behar diotela-eta, zilindro batera sartu behar du Daisyk ia biluzik, eta istant batez haren haragi-zintzilikario eta mardulkeriak ikusten ditugu. Alde batera, Willendorfeko venusaren antza du, eta programa ikusten ari direnen artean Frantzisko Asiskoaren arimakideren bat balego, seguru aski hitz goxoekin mintzatuko litzaioke Daisyri: «207 kilorekin ere izan zintezke venus bat, maitea, niretzat hala zara. Osasuna dela-eta pisua galdu behar baduzu, galdu. Baina bestela, zaude zaudenean, Venus».

Beste batzuk dira, ordea, Daisyren pentsamenduak. Aurpegian igartzen zaio, begiradan. Lotsak zapalduta, ikarak ere bai, nerabe garaietara itzuli nahi luke eta bere bizitza beste norabide batean jarri; baina aireari emandako zaplaztekok dira, alferrikako nahiak. Ezinezkoa da denboran atzeraka joatea. Berak badaki hori, eta KO dago. Ring batean balego, hezur-haragizko kontrario baten aurka ari balitz, arbitroak konbatea geratu eta txokora joateko aginduko lioke. Gero, aktan, jarriko luke: «Galtzaile, ezinagatik». Baina ez gaude kirol esparru batean, ospitale batean baizik.

Medikuaren eskuak ikusten ditugu Daisyren tripa estetoskopio batekin auskultatzen. Ikaragarria da tripa, zortzi hilabeteko dagoen emakume haurdun batena tamainaz; baina bere kasuan ez dago harmoniarik, ez da bonbo bat, zaku bat da, beteagoa beheko aldean. Intsektu batzuek milaka arrautza jaurti bezperan izaten duten sabelpea ekartzen du gogora.

Medikuaren ahotsa entzuten dugu. Elikadura txarra aipatzen du, gantza. Trainerrak laburpena egiten dio Daisyri:

—Zure gorputzaren bi heren gantza dira. 288 pound gantz dauzkazu gorputzean.

«130 kilo gantz», dio off ahotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.