KRITIKA. Zinema

Kamera eta harrapakaria

Jordan Peeleren Nope filma. UNIVERSAL PICTURES.
Andoni Imaz.
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun

'Nope'

Zuzendaria: Jordan Peele. Aktoreak: Daniel Kaluuya, Keke Palmer, Steven Yeun, Brandon Perea, Michael Wincott. Herrialdea: AEB. Iraupena: 130 minutu.

Bi irudi iltzatuta ageri dira Nope filmean: zeruan geldi dagoen lainoa, atzean izaki estralurtar bat ezkutatzen duela; eta telebistako plato batean, eszena izugarri baten ondoren, lurrean tente dagoen zapata. Zeru-lur horien artean gertatzen da istorioa, bezatutako animalia batekin egindako telesail baten eta begiratuz gero irentsi egiten zaituen piztia menderaezin baten arteko lotura iradokitzaileetan.

Jordan Peeleren zinemak badu osagai politiko bat, batez ere arrazaren auzia lantzen duena, eta oso agerikoa zena Get Out estreinako lanean (2017). Nope, itxuraz behintzat, genero fantastikoko istorio konbentzional samar bat da, trama arinekoa: auskalo nondik etorritako harrapari bat garaitzen saiatzen diren lau lagunen abentura. Ez da hainbeste errealitatearen errepresentazio kritiko bat, baizik eta zinemari eta irudien funtzionamenduari buruzko film bat.

Esanguratsua da hasierako kredituetako nahasketa: izakiaren erraietan barrena ageri da Eadweard Muybridgeren Sallie Gardner at a Gallop zinema aurreko lan ezaguna (1878): aktore bat eta animalia bat, lehen aldiz mugimenduan. Izan ere, bezatzea eta filmatzea prozesu beraren parte dira Nope-n; eszenaratzea menderatzea da.

Gainera, Muybridgeren laneko zaldun beltz ezezagun hura da ikuskizunaren industriak ikusezin bihurtutako gutxiengo baten lehen ikurra, eta Peeleren filma haren mendeku gisa uler liteke: hura erabili zuen tresnaren jabe egin dira orain.

Antiers Holst (Michael Wincott) argazki zuzendariaren pertsonaiak —Werner Herzogen tankerakoak— kamera analogiko bat erabiltzen du ezinezko irudia filmatzeko; irudia besterik ez duen mundu batean —telebista, bideozaintza, sare sozialak—, soilik zinema da gai errealitate atzemanezin bat jasotzeko, dagoeneko ikus-entzunezko sistemako beste teknologia guztiek erabat ordezkatu dutela dirudien arren. Ez da keinu nostalgiko bat, irudien sakoneko esanahiari buruz gogoetatzeko bide bat baizik.

Protagonistak, OJ (Daniel Kaluuya, nor aproposagorik begiradaz aritzeko) eta Em (Keke Palmer), forma klasikoek inguratzen dituzte: zaldi gaineko heroiaren eta leihotik begira dagoen emakumearen motiboak eraldatuta, westerna berridazteko saiakeratzat ere har liteke Nope.

Eta, hala ere, film puztua da Nope, egitura topikokoa, klimax luzekoa. Baina gauza asko idatzi da hari buruz azken asteetan, eta zinemari, irudiari eta begiradari buruzko gogoetak agortzetik urrun dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.