Balea arrantzan su-etenik ez

Joan den mendean, era masiboan arrantzatu izan dituzte baleak, mota batzuen iraupena arriskuan jartzeraino. Japoniak iragarri du balearen arrantza komertzialera itzuliko dela udan, Balea Arrantzarako Nazioarteko Batzordeak hori debekatu egin badu ere. Greenpeacek erabakia salatu du.

Balea arrantzan su-etenik ez.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Itsasoak badu bizitza ikusezina, gainazal lauaren azpialdean ernaltzen den ekosistema bizia. Elkarbizitzan diraute arrainek eta ugaztunek, ozeano zabaletako ur gazietan. Plankton mikroskopikoenak eta 120 tonako balea erraldoiak dira itsas faunaren parte, naturak berezko duen orekan. Giza erabaki eta jardunbideak, ordea, oreka naturala hausteko mehatxu bihurtu dira, zenbait espezieren iraupena kolokan jartzeraino. Hala gertatzen da balearekin. Garai batean, kostako eremu askotan ohikoa zen balea arrantza, eta gaurdaino iraun du zenbait herrialdetan. Kasurako, balea arrantzan sakontzeko erabakia iragarri du Japoniak: balearen arrantza komertzialari ekingo dio aurtengo udan. Horrela, Norvegiari eta Islandiari batuko zaie munduko hirugarren potentzia ekonomikoa.

Bada, Yoshihide Suga Japoniako Gobernuko bozeramaileak iragarritakoaren arabera, uztailaren 1ean sartuko da indarrean erabakia. Horrela, herrialdeak baleak harrapatuko ditu, eta salerosketara bideratu. Pilar Marcos Greenpeaceko bozeramailea kezkatuta mintzatu da: «Politika zaharkitua da. Etenda dagoen praktika bat da». Nazioarteko debekuaz ari da Marcos. Izan ere, 1986an, Balea Arrantzarako Nazioarteko Batzordeak legez debekatu zuen balearen arrantza komertziala. Zirrikitu bat topatu zuten, baina, zenbait herrialdek; helburu zientifikoa duela argudiatuta, animaliak harrapatzeari ez diote utzi inoiz. «Japonia lehendik ere ari zen baleak arrantzatzen. Ikerketa zientifikorako dela argudiatzen dute, baina guk geuk frogatu dugu Japoniako etxe eta jatetxeetara balea haragia iristen dela. Orain egin duten bakarra mozorroa kentzea izan da», azaldu du Marcosek.

Datuek susmoa berretsi dute. 2016. urtean, Japoniak 486 balea arrantzatu zituen. Norvegiak 590 balea harrapatu zituen urte berean, eta Islandiak, ostera, 46. Batik bat, Minke balea deitutako zetazeo txikia harrapatzen dute. Horrekin batera, beste kezka bat ere zerrendatu du Marcosek, gobernuak ez baitu zehaztapenik eman erabakiaren inguruan: «Ez dute esan ez zer kuota ezarriko duten, ez zein espezie eta nola harrapatuko dituzten. Horren zain ere bagaude». Aditu zein talde ekologistek zalantzan jarri dute helburu zientifikoa. «Zentzugabekeria hutsa da. Egun, ez da beharrezkoa animalia bat hiltzea hari buruz ikertzeko», salatu du Marcosek. Enrike Franco Ambar itsas faunaren iraupenerako eta ikerkuntzarako elkarteko zuzendariordea da, eta bat dator Greenpeaceko bozeramailearekin: «Ikertzeko ez da balea bat hil behar. Guk ikerkuntzan oinarritzen dugu gure jarduna, eta ez dugu sekula animalia bat hil. Beste kontu bat da hilotz dagoen animalia baten gorpua aztertzea, heriotzaren arrazoiak atzemateko».

Ohitura, argudio

Lege hutsunea baliatzeaz gain, argudio «kulturala» darabilte herrialde arrantzaleek. Norvegiak, Islandiak eta Japoniak tradizioari egiten diote erreferentzia, balea haragiaren salerosketa indartzeko. Marcosek argitu du tradizioa badagoen arren urteen poderioz eraldaketa nabari dela biztanleengan. Eta, horrela, uste du herrialdea barne gatazka baten murgilduta dagoela, eta hor dagoela gakoa: «Beste herrialde batzuekin, presio internazionalak fruituak ematen ditu; Japoniaren kasuan, ez». Norvegia aipatu du; izan ere, hark beheranzko joera agertu du balea harrapaketan—2016an, 590 izan ziren, eta 2017an, 432—. Hortaz, herrialdean sor daitekeen «barne presioa» ikusten du Greenpeacek eraginkorren. «Gu, orain, zain gaude. Baliteke herri presioaren ondorioz Japoniak erabakia atzera botatzea; batez ere, belaunaldi gazteen iritzia dela eta. Gazteek uste dute balea arrantza antzinako kontu bat dela, eta ez dute nazioartean ezagunak izan nahi balea arrantza dela medio». Uste du aukerak badaudela. Xabier Alberdi historialaria, bestalde, zalantzati ageri da gobernuaren iritzi aldaketaren harira: «Zaila da kulturalki oso hedatuak dauden ohiturei aurre egitea. Japonian eta Norvegian, balea jatea da ohitura. Gobernuek sakondu beharko lukete ohitura horiek aldatzeko ahaleginetan, baina ez dira ausartzen».

Are gehiago, atzerapauso hitza erabili du Marcosek erabakia deskribatzeko. Izan ere, iraganari loturik jarraitzeko zentzugabekeria besterik ez du nabari Japoniaren jarreran. Era berean, historiaren nondik norakoak aztertzen dituen Alberdik ere antzeko diagnostikoa egin du: «Egun petroliotik eskuratzen dugu lehen baleatik eskuratzen zutena. Teknologia eta industria asko garatu dira, eta dagoeneko ez du zentzurik balea harrapatzen segitzeak». Begirada atzera botata, balea arrantzaren praktika ohikoa zen garaiak ere aipatu ditu: «XX. mendean, itsasoa duten herrialde guztiek harrapatzen zituzten baleak». Baina, mendearen bigarren erdian, egoera aldatu egin zen. «Jada ez ziren errentagarriak: lehen balearekin egiten zituzten gauza asko petrolioarekin egiten hasi ziren». Alberdik gaineratu du balea arrantzak ikaragarrizko «sarraskia» eragin zuela XX. mendeko lehen hamarkadetan: «Euskaldunek bakarrik Ternuan 50 urtean triskantza egin bazuten, Europako herrialde guztiek balearengan izan duten eragina imajina ezina da». Industriaren garapenaren ondotik heldu zen paradigma aldaketa, haren arabera. «Balea olioa industria kimikoaren oinarria izan zen. Gero, petrolioaren garapenarekin batera, itsasoen kutsadura sistematikoa heldu zen».

Mehatxu koktela

Interpretazio orokorra egin dute aditu eta talde ekologistek. Bada, balearen desagertze arriskuaren inguruan elkar elikatzen duten zenbait arrazoi daude. Zerrenda egin du Marcosek: «Plastikoen isuria, klima aldaketa, Lurraren berotzea... Harrapaketa eten bai, baina gainerako arriskuak gutxitu ezean, nekez iraungo dute baleek».

Horri espeziearen berariazko ezaugarriak gehitu behar zaizkio. Baleek, oro har, oso ugaltze geldoa dute. Batetik, oso bizi itxaropen handia dute, baina, bestetik, urte asko ematen dituzte lehen kumea izan arte. Eta, gainera, ernaldi luzeak dituzte —hamar hilabete, batez beste—.

Horiek horrela, Alberdik ohartarazi du arrantza ez dela arazorik larriena: «Balea arrantzak ez dio onurarik egiten espeziearen iraupenari, baina ez da mehatxurik handiena. Kutsadurak elikadura kateak eteten ditu, eta, ondorioz, animaliak gosez eta kutsaduraren eraginez hiltzen dira». Franco ere bat dator historialariarekin: «Japonia oso urruti dago, baina baleen iraupena denon esku dago. Gero, urdaila plastikoz beterik duten baleak agertzen dira hondartzetan. Gutako bakoitzak zerbait egin dezake baleak salbatzeko».

Korapiloa are gehiago estutu daiteke, gainera. Baleen izaera migratzailea dela medio, oso zaila suertatzen da animalia horien kontaketa egitea. Izan ere, datuek zehaztapen gutxi dituzte, eta, iturriaren arabera, erabat aldakorrak dira. Horrela azaldu du Francok: «Ezjakintasunak berekin dakar babesteko zailtasunak areagotzea. Ezinezkoa da ezagutzen ez dena babestea». Marcosek ere gaineratu du horrekin jokatzen dutela Japoniak, Norvegiak eta Islandiak. «Zenbait balea espezie desagertzeko arriskuan daudenen zerrendan ageri dira, eta, besteen kasuan, hutsunea dago. Ontzat jotzen da espezie horien egoera, ezinezkoa delako zenbaketa egitea. Datuen gabezia euren interesen alde baliatzen dute».

Ozeanoen babesa

Auzia konpontzeko zenbait gako eman ditu Marcosek: «Ozeanoen %30 nazioarteko urak dira, eta horiek babesteko konstituzio bat eratu beharra dago. Atmosfera babestuta dagoen moduan, itsasoak ustiatzeko nazioarteko parametro batzuk ezarri beharko lirateke». Nazio Batuen Erakundea da akordioari bide eman diezaiokeen erakundea, ozeanoetako jarduna arautze eta kontrolatze aldera. Horretan sakondu nahi du Greenpeacek, eta indarrak «itsas santutegiak» eratzera bideratu. Gainerako mehatxuei ere premiaz erantzun behar zaiela esan du: «Lur gaineko plastikoen isuria eten behar da, planetaren tenperatura igoera gelditu beharra dago, eta mehatxuak areagotzeari utzi behar zaio». Francok, aldiz, oinarria norbanakoetan ikusten du: «Balearen iraupena bermatzeko, ezinbestekoa da pertsonen jarrera aldatzea. Kontzientziatu beharra dago, ohiturak aldatzeko. Arazoa globala da, baina konponbideak pertsonalak izan daitezke».

Balea Arrantzarako Nazioarteko Batzordeak oraingoz ez du erabakiaren inguruko analisi sakonik plazaratu. Datozen hilabeteetan argituko da Japoniako Gobernuak aurrera egingo duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.