Sheila Elorza. SD Eibarreko jokalaria

«Jokatzen aritzeaz gain, garrantzitsua sentitzen ari naiz taldean»

Denboraldi honetan Eibarren gehien jokatu duen jokalarietako bat da Sheila Elorza. Gustura dago, taldea ongi jokatzen ari delako Lehen Mailan. «Uste baino hobeto» hasi dute sasoia.

SD EIBAR.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ligako bere lehen derbia jokatuko du Eibarrek gaur, Athleticen aurka, 12:00etan, Lezaman. Sheila Elorza (1996, Arrigorriaga, Bizkaia) Gipuzkoako taldearen elastikoarekin ariko da, aurretik kolore zuri-gorriak jantziak baditu ere. «Irrikaz» da derbia jokatzeko.

Zer moduz hasi duzue urtea?

Ondo. Aurreko urtea ondo amaitu genuen, eta, oraingoz, maila mantentzeko postuetan gaude. Ea urte berri honetan dinamika on honekin jarraitzen dugun.

Atzean utzitakoa txarra izan da askorentzat. Zuentzat, aldiz, ona izan dela esan daiteke, ezta?

Bai, futbol arloan ona izan da. Igotzea lortu genuen, eta Lehenengo Maila honetan ongi jokatzen ari garela uste dut. Partida guztietan lehiatu gara, eta hori nahi genuen.

Zure kasuan, gainera, Lehen Mailan debuta egiteko aukera izan zenuen 2020an.

Bai, Athleticekin partida bateko azken bost minutuetan jokatu nuen. Nik garrantzi handiagoa ematen diot Eibarrekin egin dudan debut honi, hala ere. Athleticekin oso gutxi jokatu nuen. Eibarren, jokatzen aritzeaz gain, garrantzitsua sentitzen naiz taldean. Hori da nik nahi dudana.

Gaztea zara oraindik, baina esperientzia handia duzu futbolean. Bigarren Mailan zortzi denboraldiz aritu zinen, eta azken salto hori lehenago emango zenuela pentsatzen al zenuen?

Athleticen nengoenean lehen taldearekin entrenatzen nuen tarteka, eta hor ikusten nuen egunen batean, agian, jokatzeko aukera emango zidatela. Azkenean, ez zen izan horrela. Gero Logroñora joan nintzen, baina ez ginen igo. Pixkanaka-pixkanaka, ikusten nuen ametsa apurtzen ari zela. Lanean jarraitu nuen, eta Eibarrekin lortu dut ametsa betetzea.

Denbora horretan guztian, Lehen Mailan jokatzeko momentu hori iritsiko ez zela pasatu al zaizu noizbait burutik?

Bai, gero eta urrunago ikusten nuen ametsa lortzea. Esperantza galtzen joan nintzen, baina lanean jarraitu nuen, betiko konpromiso berberarekin. Egia da ilusioa galtzen joaten dela, baina nire familiaren eta lagunen laguntzarekin lortu dut maila gorenean jokatzea.

Sasoi honetan, gainera, asko ari zara jokatzen. Gustura egongo zara, ezta?

Bai, oso gustura nago. Mailaz igotzea lortzen duzunean, taldean garrantzitsu izan nahi duzu. Entrenatzailea jokatzeko aukera ematen ari zait.

Denboraldiko lehen derbia duzue gaur, Athleticen aurka. Zu Lezaman hezi zinen, etapartida berezia izango da zuretzat, ezta?

Bai Athletic niretzat beti izango da berezia. Derbia izateaz gain, niretzat zerbait gehiago da, han lau urte igaro nituelako.

Aurkari izango dituzun asko taldekide izan zenituen Athleticeko bigarren taldean. Gainera, aste honetan entrenatzailea aldatu dute: Iraia Iturregi da orain zuri-gorrien teknikaria. Haiekin hitz egin al duzu partidari buruz?

Bakarrarekin hitz egin dut. Partidaz ez, entrenatzaileaz. Aldaketa honekin, ez dakit partida asko aldatuko den. Irabazi gabeko hainbeste partidaren ostean, aldaketa honek zerbait piztuko die buruan. Egia da ez dutela denbora asko eduki partida prestatzeko, baina Iraia nolakoa den ezagututa, Athleticeko kasta hori helaraziko die jokalariei. Iraiak esan zuen prentsaurrekoan talde ausarta nahi zuela, eta bertikala.

Nolakoa da Iraia?

Oso pertsona intentsoa da, ez zuen baloirik galdutzat ematen. Beti kontzentratuta. Kapitainaren eta entrenatzailearen lanak oso ondo betetzen ditu.

Nolako partida espero duzu?

Entrenatzaile berriarekin ez dut uste partida asko aldatuko denik. Egia da partida berezi bat dela, haiek entrenatzaile berri bat dutelako, eta derbi bat delako. Baina partida zaila izango da. Badakigu Athletic nolakoa den, maila handiko jokalariak ditu. Guk argi dugu zertara jokatzen dugun, eta gure lana egiten saiatu beharko gara Lezaman. Derbia da, eta ez dago entrenatzailearen motibazio beharrik.

Zein izango da hiru puntuak lortzeko gakoa?

Partida guztietan egiten ari garena: talde bat izan, defentsa lanetan sendo ibili, hori baita gure indarguneetako bat, eta ditugun aukerak baliatu. Irabazteko hori egin beharko dugu.

Igo berria izateko, nola ikusten duzu taldea?

Ongi jokatzen ari garela uste dut. Talde guztien aurka ari gara lehiatzen. Bartzelona eta Atletico Madril beste maila batean daude, baina edozein talderi aurre egiteko gai garela erakutsi dugu. Oraingoz, ondo ari gara. Gure helburuetako bat da partidak amaiera arte lehiatzea, azken minutura arte aukerak izateko partida irabazi edota berdindu ahal izateko.

Hortaz, helburuak betetzen ari zarete.

Bai, baina ez daukagu bakarrik helburuetan zentratu beharrik, denboraldiaz ere gozatu beharra daukagu. Gure taldean, hiruzpalau jokalari egongo dira Lehen Mailan esperientzia dutenak, eta gutako askorentzat sasoi berezia da. Bideaz gozatu beharra daukagu. Gainera, gero hori dena zelaian nabaritu egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.