Artea eta artisautza josiz

Zazpi artista ehuleren lanekin, 'Haria galtzen' erakusketa ondu dute Ezkioko Igartubeiti baserrian

gorka erostarbe leunda
Ezkio
2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hariak josten du testuingurua. Iraganaren eta orainaren arteko lotura; hark harilkatzen du artisautzaren eta artearen arteko etena. Hariak eman die kontzeptua eta lehengaia. Baita izenburua ere: Haria galtzen.

Bi argudiok ematen diote izena Ezkioko Igartubeiti baserrian (Gipuzkoa) atondutako erakusketari, Garazi Ansa arte kritikari etabildumaren komisarioaren hitzetan. Lehenak, eskulangintzaren tradizioari egiten dio erreferentzia: «Parte hartzaileak oso kontziente zirelako Euskal Herrian ehungintzaren tradizioa erabat galtzen ari zela historikoki izan duen garrantzia kontuan hartuz, eta ez soilik ehungintzan aritzeko tradizioa, baizik eta baita horren inguruan biltzen ziren gertakizunak eta historia bera ere. Haria ez galtzearen erreibindikazioa da egin nahi zena; alegia, galtzen ari den hari hori bera da jaso eta ehuntzen ari garena». Bigarren arrazoiak interpretazio libreago bat du makulu: «Haria galtzeak maiz diskurtso guztiz estrukturatu batetik aldentzeko aukera eskaintzen du; nahi gabe edo nahita gal liteke haria. Kasu honetan, nahita bilatzen dugu haria galtzea, ehungintzaren lengoaiak eman ditzakeen aukera berriei atea irekitzeko aitzakiarekin».

Harilkatzaileak, hariari ehundura artistikoa eman diotenak zazpi emakumezko dira. Maria Zubizarreta (Zaldibar, Bizkaia, 1959) irazki hari baxuarekin aritzen da lanean, zuntzetan eta ehungintzan ezohikoak diren materialekin esperimentazioak eginez batez ere. Igartubeiti baserriko beheko solairuan paratu ditu bere hiru lanak: Ama-rekin (2014) amatasunari egin dio omenaldia. «Oihal gorriak bizitza berria elikatzen dirauen zilbor hestea eta plazenta irudikatzen ditu», azaldu du komisarioak. Alabak (2015) lanean, «zuri-beltzeko argazkitik jaiotzen dira oihal zuriak, eta hutsera erortzen dira, emakumearen bularretatik ateratzen den esnea irudikatuz». Ni (2016) da Zubizarretaren hirugarren obra, artistaren beraren autorretratua.

Yolanda Sanchezek (Barakaldo, Bizkaia, 1969) bi obra ditu ikusgai beheko solairuan. Edukiontziak (2015) izenekoan, «artilea gizakion jantzi edo berogarri gisa izandako erabilera tradizionaletik aldentzen da», eta zerbait bisualagoa lortzen du, ez hain funtzionala. Artilez beteriko bi burukik osatzen dute, berriz, Ez naiz ni zure loa aztoratzenduena (2016). «Eko eta bio joerak berriz ere artilearen erabilera berreskuratzen ari dira, atseden eta higiene hobea aldarrikatzen zituzten modako beste materialen ordez; latexa, aparra... Pieza honek azpimarratzen du atseden txarraren arrazoia ez dela oinarritzen erabiltzen den materialean. Azken finean, kontzientzia lasai edukitzean datzala burukorik erosoena». Sanchezek zeta eta artilea lantzen eta lehengaien eta tindagai naturalen inguruko ikerketa lanean jarduten du.

Kris Merakiren (Donostia, 1972) Pentsamendu-hariak lanak (2013) «sentipenen eta pentsamenduen zeharreko bidaia irudikatzen du, burua ahalik eta argien izaten saiatzeko borroka gorpuztuz». Ehunezko zuntzaren bidez espresatzen da Meraki. Artilearen erabileran espezializaturik dago, eta feltroa egiteko teknika desberdinak ikasi ditu nazioarteko hainbat artistarengandik. Haren lanak errematatzen du beheko solairuan ikusgai dagoen harizko lanen ibilbidea.

Haria galtzen erakusketak iaz Donostiako Kristinaenean egindako beste erakusketa bat du ernamuin. Orduko hartan, hamahiru artistak parte hartu zuten. «Arte-artisautza binomioa zalantzan jartzea zen helburua, eta baita ehungintza arte lengoaia gisa aldarrikatzea ere», Ansak azaldu duenez. Hamahiru haietako zazpi artistaren obrak daude orain Igartubeitin. «Elkar ezagutzen dute guztiek. Ehungintza arloa oso txikia da Euskal Herrian, eta ikusgarritasun txiki hori dela eta, beharra sentitu zuten beren lana ezagutarazteko, eta baita beren arteko loturak estutzeko ere».

Beste lau, goiko solairuan

Harremana estutu dutenen artean dago Karmen Esnaola ere (Tolosa, Gipuzkoa, 1954). Goruarekin haria egiten hasi zen, eta, ondoren, ehungintzaren prozesu guztiari ekin zion: ardiei ilea moztetik hasi, eta ehuntzera arte. Etorkizuna (2016) artistaren beraren baserriko ardien artilearekin egindako obra da. «Hormatik erortzen den kolorezko ur jauzian, latxaren laztasuna antzeman daiteke, haren gogortasuna eta benetakotasuna».

Lola Altolagirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1954) instalazio bat sortu du arto hostoak erabiliz —Euskal Herriko antzinako ehuntze teknika baten berreskuratzailea da—; lurra eta emakumea irudikatzen ditu Artalorea eta eguzkiloreak obran (2015). Idoia Cuestak (Donostia, 1969) saskigintza eta ehungintza fusionatuz egiten du lan. Europako ehungintzako zenbait teknika tradizional inspiraziotzat hartuz, diseinu berritzaileak sortzen ditu, erakusketako Matazak (2016), adibidez. «Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte gainditu behar ditugun korapiloak edo zailtasunak islatzen ditu».

Arantza Diez Redondoren (Donostia, 1963) Zuntzak lanak (2016) ixten du erakusketako ibilbidea bigarren solairuan. Artile birjinaz eta alpakaz egindako instalazioa da, «artilea bera osatzen duten zuntzen irudikapena».

Sorkuntza garaikideak «iraganarekin eta tradizioarekin duen lotura» azpimarratu nahi izan dute erakusketan, «Igartubeiti baserriaren testuingurua baliatuz». Urrira arte egongo da zabalik erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.