Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Ilea urdintzerik nahi ez baduzu, ez zaitez estresatu!

2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ile urdina izatea heldutasunarekin eta jakituriarekin erlazionatu izan dugu. Batzuen ustez, sexya ere bada. Bestela galdetu Diane Keaton edo George Clooney artisten jarraitzaileei. Baina izan gaitezen zintzoak. Gutako zenbat pozten gara ispilura hurreratu eta ilea urdintzen ari zaigula ikusten dugunean?

Zahartu ahala ilea urdintzea bizitzaren legea da. Baina, horrez gain, badaude ilea urdintzea eragiten duten beste faktore batzuk: hala nola, bitiligo gisako gaitzak pairatzea, dietan gabeziak izatea eta estresa. Hain zuzen ere, urte hasieran Nature aldizkarian argitaratutako lan batean deskribatu dute lehenengoz estresak nola eragiten duen ilearen urdintzea.

Batez beste, gizakiok 100.000 ile folikulu ditugu buruan, eta ilearen koloreari dagokionez, heterogeneotasuna izugarri handia da. Ilearen kolorea melanozito deitzen zaien zelulen menpekoa da. Izan ere, zelula espezializatu horiek argia xurgatzen duten hainbat melanina pigmentu ekoizten dituzte. Melanozitoak ile folikuluan dauden melanozito ama zeluletatik eratortzen dira. Zahartzen goazen heinean, zelula ama horiek gradualki desagertzen dira. Ondorioz, melanozito populazioek eta ekoizten dituzten pigmentuek behera egiten dute, ilea urdin bilakatu arte.

Oro har, melanozito zelula amak lo egoeran egoten dira ilea berriz hazi behar den arte. Baina estrespean dauden animalietan, ama zelula horien proliferazio- eta desberdintzapen-mailak erruz emendatzen dira. Ondorioz, ama zelulak melanozito bilakatzen dira, eta beren gotorlekutik ateratzen dira. Horrela, ama zelulen populazioa desagerrarazten dute. Gure gorputza ez da gai ama zelulak ordezkatzeko; hortaz, ama zelulak agortzen direnean, euren funtzioa ere galtzen da: kasu honetan, ilea koloreztatzea.

Ikerketa burutu duten zientzialariek ere frogatu dute estresak eragindako ama zelulen desagerpena noradrenalinaren menpekoa dela. Estres egoeran, bereziki nerbio sistema sinpatikoak askatzen du noradrenalina, «borroka edo ihes» erantzunetan parte hartzen duen hormona. Melanozito ama zelulek noradrenalina hartzaileak dituzte. Horregatik, estresaren eraginez gorputzak noradrenalina askatzen duenean, estres hormonak ama zelulak kitzikatzen ditu, eta zelulen zatiketa eta desberdintzapena bultzatzen du. Hori dela eta, ama zeluletan noradrenalina hartzaileak desagerraraziz edo blokeatuz, estresak eragindako ilearen urdintzea saihestea lortu dute zientzialariek.

Momentuz, ez dago modurik zahardadea eta horrekin erlazionatutako ilearen urdintzea saihesteko, ez bada ilea tindatzea. Baina gure esku dago bizitza lasaiago hartzea. Ileak ez ezik, gure gorputz guztiak ere eskertuko digu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.