BBK Live jaialdia

Albait uhin gehien

The Killers, Pet Shop Boys, LCD Soundsystem, Nathy Peluso eta J Balvin izango dira Bilboko BBK Live jaialdiaren izarretako batzuk. Bihar hasi eta igandera bitarte, ehun artistatik gora igaroko dira hamabi agertokitatik, askotariko proposamenekin

LCD Soundsystem izango da biharko izen handienetako bat. A. GARCIA / EFE.
itziar ugarte irizar
«
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Inoiz baino biziago». Hala itzuliko da Bilboko BBK Live jaialdia bihar Kobetamendira: hamabi agertokirekin eta ehun artista baino gehiagoko egitarauarekin. «Bi urte luzeko geldialdiaren ostean, jaialdiaren hamabost urteko bizitzari egin dakiokeen omenaldirik leialena bere presentzia areagotzea baita», antolatzaileen esanetan. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, musika garaikidearen albait ertz gehien ukitzeko apustua berretsi du jaialdiak itzuleran, pop-rocketik harago egin, eta trapa, flamenkoa, musika urbanoa eta indar betean dauden beste eremu batzuk ere lehen lerrora ekarriz. Hiru egunez, askotariko eszenak eszena bakarrean gurutzatuz. Europako musika jaialdien panoraman lekua irabazten segitzeko borondatea berretsi du horrela BBK Livek, eta grina horrekin erantzun du publikoak ere: 75 herrialde baino gehiagotan saldu dituzte sarrerak, eta 105.000 zale inguru espero dituzte —35.000 bat eguneko—. The Killers, Pet Shop Boys, LCD Soundsystem, J Balvin, Placebo, Moderat eta Stromae daude aurten kartelburuan, baina entzule ugari bildu ohi dituzten beste hamaika musikari eta apurka sona hartuz doazen beste horrenbeste ere helduko dira: Chill Mafia, Bulego, Nacho Vegas, Alizzz, Nathy Peluso eta Rigoberta Bandini, kasurako.

Hamabi agertokietatik zazpi egongo dira Kobetamendiko eremuan; beste bat Arraiz mendiko kanpinean —12.000 lagunentzako tokia atondu dute bertan—, eta lau hiriaren erdialdean. BBK Live hirian izenpean, agertoki horren aldeko apustua indartuz doa jaialdia urtez urte —atariko kontzertuak ere izan dituzte iragan asteburuan Bilbon—, eta bertan ariko dira aurten Goxua'n Salsa orkestra kolonbiar-nafarra, Los Niños Jesus Jordi Evoleren banda, Solea Morenteren flamenko-popa, Rosa Pistolaren reggaeton undergrounda, Mainline Magin Orchestraren elektronika eta Euskal Herriko Merina Gris eta Raitx taldeak ere, besteak beste. Doakoak izango dira denak.

Jaialdiaren epizentroak mendian segituko du, ordea, eta 17:00etan irekiko dituzte han ateak, hiru egunetan. Ordu horretan piztuko dira Basoa agertokiko mahaiak —musika elektronikoari gordetako gunea da—, eta, besteak beste, The Blessed Maddona, Carl Craig, Helena Hauff, DJ Phyton, Identified Patient, Lena Willikens eta John Talabot izango dira aurten bertan. Tempo motela nahiago dutenentzat, berriz, 19:00etan hasiko dira kontzertuak Lasai agertokian —minutuko 100 beat ez gainditzeko premisak ezaugarritzen du—, eta Max Abysmalek, Cosmo Vitellik, Bufimanek, Charlotte Bendiksek eta Yu Sukek joko dute bertan.

Sorrerako urtetik, batik bat nazioarteko izen handiak ikusteko aukera eskaini du BBK Livek, baina Euskal Herriko musikariei milaka lagunen aurrean jotzeko parada ere eman die, eta Ezpalak, Verde Prato, Chill Mafia, Nogen eta Bulego izango dira aurten hala jardungo duten euskal taldeetako batzuk.

Rocka zein reggaetona

Elkarri txanda hartuz harilkatuko da kontzertuen programa osoa bihartik aurrera, eta James Murphyk gidatzen duen LCD Soundsystem talde beteranoa izango da izar nabarmenetako bat bihar irekiera egunean. New Yorkeko taldeak hogei urte bete ditu aurten, hain justu, eta, urtemuga ospatzeko egiten ari den biraren barruan, Europan egingo duen geldialdi bakarra izango da Bilbokoa.

Letra larriz datoz, halaber, Placebo, Caribou eta Moderaten izenak biharko egunean. Never Let Me Go disko berria aurkezten ari da lehena, Brian Molko buru duena; elektronikaren eta pop psikodelikoaren nahasketa dantzagarria hedatuko du Dan Naithek (Caribou); eta, elektronikarekin segituta, Gernot Bronsertek, Sebastian Szaryk (Modeselektor) eta Sascha Ringek (Apparat) osatutako Moderat Berlingo hirukoak More D4ta diskoa aurkeztuko dute.

Zahara, Ginebras, Nacho Vegas, Depresion Sonora, Alizzz, Sinal Mail, Coach Party, Gazzi, Eris Drew, Mujeres, The Blessed Madonna, Phoebe Bridgers eta Helena Hauffen txanda ere ostegunean izango da.

Biharamuna, berriz, The Killersen eguna izango da askorentzat. Brandon Flowers buru duen taldea egona da aurretik ere Kobetamendin —2007an, 40.000 lagunen aurrean aritu ziren bertan—, eta pandemia aldian kaleratu dituzten bi diskoak aurkezten izango dira bueltan: Imploding The Mirage (2020) eta Pressure Machine (2021).

Agertoki nagusian ariko dira estatubatuarrak, eta alboko San Miguel gunean, berriz, Supergrass talde beteranoa; 1993an sortu zen taldea, Oxforden, The Beatles, Buzzcocks eta garai hartako beste talde britainiar batzuen eragin nabariarekin, eta, 2010ean ia hamarkada beteko etenaldia egin ostean, berriz itzuliak dira zuzenekoen zirkuitura.

Haien tekla eta gitarra melodia dantzagarriei erritmo kolonbiarrak emango die segida; Soy Yo eta To My Love hiten egile Bomba Estereok Deja (2021) diskoa aurkeztuko du: elektronika, cumbia eta reggae doinuak nahasian dakartza.

Gauerdia igarota, Stromae izango da beste izen handietako bat, eta musikari belgikarrak inguruan emango duen kontzertu bakarra izango da hori ere.

Kolonbiako musika fokupera itzuliko da larunbatean. «Reggaetonaren printzea» ere deitu izan dute J Balvin, eta aurtengo jaialdiaren apustu handietako bat izan da. Haren kantuek milioika entzunaldi lortu dituzte munduko hamaika herrialdetan, eta horiekin osatuko du Kobetamendiko saioa.

Azken egunean ariko dira aurtengo beste izen handi bi ere: Pet Shop Boys eta Nathy Peluso. Neil Tennant abeslariak eta Chris Lowe teklistak osatutako bikote britainiarrak pop elektronikoena ekarriko du, Heart, It's a Sin, West and Girls eta halako abestiak zuzeneko argitsu eta muntatze eszeniko ikusgarriekin lagunduz. Eta ez da gutxiago espero Pelusorengandik ere; hip-hopa, soula, rythm & bluesa, swinga, jazza, trapa eta beste fusionatzen ditu kantari argentinarrak, eta kolore biziz eta ezustekoz betetako zuzenekoak eskaini zale da.

Rigoberta Bandini, Four Tet, Billie Marten, Cariño, Lena Willikens, John Talabot, Nilufer Yanya, Peaches eta Romy ere larunbatean helduko dira.

Azken urteetan abiatutako elkarlanari eutsiz, jaialdiko antolatzaileek eta Bilboko Udalak eraso sexisten aurkako sentsibilizazio kanpainak egin dituzte, eta Anitzak elkarteko kideak lanean ariko dira jaialdian bertan. Horretaz gainera, BBK Live «jasangarri» bateranzko urratsak egiten ari direla ere esan dute antolatzaileek, eta hainbat neurri ezarri dituztela norabide horretan. 3.600 lagun baino gehiago aritzen dira beharrean jaialdiaren jiran, eta azaldu dute «zero kilometroko kontratazio politika» ezarri dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.