Oroitzapenekin eraikitako maketa

Irati SA Nafarroako enpresarik garrantzitsuenetako bat izan zen XX. mende hasieran. 1990an itxi zuten, eta, ordutik, hondakin bihurtu da enpresaren orubea, eta egurraren interpretazio zentroa egiteko eskatu dio Agoitzek Nafarroako Gobernuari. Oraingoz, erakusketa paratu dute udaletxeko sabaian.

Garai batean bezala. Irati tren elektrikoaren eta Irati SA enpresaren maketak, Agoizko udaletxeko sabaian. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Agoitz
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
T utuaren hotsa Agoitz eta Longidan barrena zabaltzen zen (Nafarroa) egunero, goizeko seietan. Baina, gaur egun, soinu haren oihartzunik ere ez da aditzen. Domingo Elizondok 1907an sortutako Irati SA enpresak jotzen zuen tutua, lanerako tenorea zela jakinarazteko. XX. mendearen lehen erdiko enpresarik garrantzitsuenetako bat izan zen, tren elektrikoa ere bazuena. Gaur egun hondakinak baizik ez dira hainbeste herritarrei lana eman zien tokian: eraikin gutxi batzuk eta tximiniak jarraitzen dute zutik. Galipot usaina dago han, kutsatutako lurren lurrina. Sastraka artean ezkutatutakoa argitara eman nahi du Agoizko Udalak, eta Irati enpresa zenaren tokian interpretazio zentro bat egin. Oraingoz, dokumentazioa hor dago. Baita herritar batzuek egindako maketak ere.

Agoizko sabaian gorde dituzte Iratiren oroitzapenak. 2017an Irati SAri buruzko erakusketa egin zuten, eta, orain, behin betiko erakusketa bihurtu da. Erakusketak arrakasta izan zuenez, tokia bilatu diote herriko etxean. Proiektua martxan jarri zenean, Carmen Cosin Agoizko kultura zinegotzia zen, eta hura izan zen legegintzaldian gehien gogobete zuen egitasmoa. «Enpresaren garrantzia erakutsi eta ondare industriala berreskuratzearen aldeko aldarria biltzen ditu erakusketak. Urtetik urtera zutik diren eraikinen egoera okerrera doa. Pena litzateke horri kasurik ez egitea», azaldu du.

Gogoan ongi gorderik dute tutuaren soinua Casimiro Gonzalezek eta Fernando Arenalek. Aoskoa da lehenbizikoa; Ekaikoa bigarrena (Nafarroa). Biek egin zuten lan Iratin, garai hartan Agoitz eta inguruko herrietako jende askok egin zuen bezala. Zerrategia eta destilategia zeuden han. Irati oihaneko egurrarekin zura egiten zuten, ikatz begetala ere ekoizten zuten, eta prozesu horretan sortutako gasekin azido azetikoa eta beste produktu kimiko batzuk egiten zituzten.

Uraren emaria erabiltzen zuten egurra garraiatzeko, baita energia sortzeko ere. Enpresak berak sortzen zuen behar zuen energia, eta gehiago, Iruñean ere erabiltzen baitzen haien argindarra. Tren elektrikoa ere bazuten, Zangozatik Iruñera joaten zena, bide erdian Agoitzen geldituta. Salgaiak ez ezik, pertsonak ere garraiatzen zituen. Gonzalez eta Arenal lanean hasi zirenerako, ibilbide hori egiteari utzia zion trenak.

El Bierzon (Espainia) sortu zen Gonzalez, eta 16 urterekin utzi zuen sorterria lanean hasteko. Bi aukera zituen: etxean gelditzekotan meatzean aritu behar zuen, bestela, Kataluniara edo Euskal Herrira joan. Agoitzen egondako lagun batzuen bidez ailegatu zen Iratira. «Hemen geratuko nintzela pentsatu gabe etorri nintzen: gaur hemen, baina bihar beste toki batean egon nintekeen. Baina, gero, gustua hartu nion, eta hemen geratu nintzen». 1963an sartu zen Iratin, eta zerrategiko biltegian hasi zen: «Oholekin borrokan ibili nintzen: pilatzen, kargatzen... urte batzuk geroago mekanizatu zuten lana, eta palekin eramaten ziren oholak batetik bestera». Han aritu zen 1988. urtera arte, eta tarte horretan mailaz igoz joan zen.

Arenal ez zen urrutira joan. Aoskoa izanda, inguru hartako herritar gehienak bezala, Iratin hasi zen lanean 1970eko ekainean, 14 urte beteta. Enpresa 1990ean itxi zuten arte, han aritu zen. Zerrategian hasi zen hura ere, aulkien eta mahaien hankak egiten. Mailaz igoz joan zen: zerra bateko laguntzaile jarri zuten, eta, azkenik, mantentze lanetan bukatu zuen. Zerrategia itxi zutenean, kooperatiba bihurtu zuten enpresa, eta destilategiari eutsi zioten ikatz begetalak, azidoak eta alkohola ekoizteko.

Zerrategiaren egunerokoa azaldu du Gonzalezek: «Hasi nintzenean, oraindik uraren bidez sartzen zen egurra: aintziran egoten ziren, eta pikak erabiliz bultzatzen zituzten zerrategira bideratzeko. Barnean kate batek hartzen zituen. Lana mekanizatu zenean, egurrak kamioiek jaisten zituzten hango orube batera, eta mentuak erabiliz hartzen zenuen, igo, eta zerrategira eramaten zituzten kateek».

XX. mende hasieran, basoan moztutako egurra Irati ibaian behera jaisten zuten zerrategiaren parean zegoen aintzirara ailegatu arte. Lehenbiziko esklusa lan horretan laguntzeko eraiki zutela azaldu du Alfredo Leonek, Irati enpresari buruzko erakusketako diseinatzaileak: «Ibaia erabiltzeari utzi ziotenean, kableen bidez jaisten zituzten egurrak, eta, motorra ailegatu zenean, kamioiak erabili zituzten».

Fabrikako lana

Iratin lanean aritu zireneko oroitzapen onak dituzte Gonzalezek eta Arenalek. Agoizko udaletxean dagoen maketan ikus daitekeenez, enpresa herrixka baten modukoa zen. Kanpotik jende asko joan zen han lan egitera, eta horiek bertan bizi ziren. Gonzalez izan zen haietako bat: «Lo egiteko elkarren gaineko ohatzeak, komuna eta dutxa genituen. Jantoki handi bat zegoen, eta askok han bazkaltzen genuen, baita janaria etxetik eramaten zutenek ere». Iruñean Seat ireki zutenean, hara joateko gonbita egin zioten, baina Gonzalezek ez zuen zalantzarik egin: han geratzea nahiago zuen. «Hemen oso gutxi ordaintzen genuen lolekuaren eta janaren truk».

Ekonomatua ere bazuten. Han, langile guziek janaria, olioa eta bestelakoak erosten zituzten ohiko dendetan baino merkeago. Gainera, momentuan ordaindu beharrean, gastuak soldatatik kentzen zizkieten. «Familiaren batek ezin bazuen ordaindu hilabete hartan, geroago ordaindu zezakeen», zehaztu du Gonzalezek. «Noizean behin egur sorta ere tokatzen zitzaizun, beraz, ez genuen gastu handirik», gehitu du Arenalek. «Fabrika horrek familia asko salbatu ditu. Asko».

Lanean giro ona zutela diote biek, eta lankideekin ongi moldatzen zirela. «Zerrategian bi txanda sortu zirenean, bat zen serioa eta bestea xelebrea. Ilarako azkena metroarekin erritmoak egiten hasten zen zuraren gainean, beste batek kantuan jarraitzen zion, beste bi dantzan... Txanda bat eta bestea alderatzerik ez dago», kontatu du Arenalek. «Umorea bazen», zehaztu du Gonzalezek. Hamaika istorio ditu gogoan Arenalek. Behin, Pepe Valentziarra zegoen langileburu. 18:00etan sirena jo behar zuen askaria hartzera joateko. «Kontua da, ordua pasatu zitzaiola, bere txabolan lokartu zelako; beraz, batek leihotik eskua sartu zuen, eta sirenari eman zion. Ederra egin zuen!».

Ezbairik gabe, Nafarroako enpresarik garrantzitsuenetako bat izan zen Irati SA XX. mende hasieran. Hala ere, mendearen erdialdean hasi zen gainbehera, poliki-poliki. «Errepideak agertu artekoa izan zen Iratiren goreneko unea», azaldu du Toño Villanuevak, Irati SA enpresaren maketaren egileetako batek. Tren elektrikoak 1955ean egin zuen azken bidaia, herritar askok zerbitzua mantentzeko eskatu arren.

Leonek kontatu duenez, mila langile baino gehiago ere aritu ziren Irati SAn. Gonzalez lanean hasi zenean gutxiago ziren: 400 langile inguru. Itxi zutenean, 100 bat langile zirela uste du Arenalek. Egoerak okerrera egin zuen XX. mende bukaeran. Gonzalezen arabera, 1979. urte bukaeran uholdeak izan ziren enpresan, eta urak zerratokia eta biltegia hondatu zituen. Hala ere, arazorik handiena beste bat izan zen, Arenalen aburuz: «Aezkoako (Nafarroa) mendiak [Espainiako] estatuarenak ziren, eta egurra nahi zuten prezioan jaisten zen. Mendiak Aezkoaren eskutan geratu zirenean, prezioa igo egin zen».

Zerrategia itxi zuten hamarkada hartan, eta kooperatiba gisa antolaturik, ikatz begetala egiten eta destilategiarekin jarraitu zuten langileek. Baina egurra moztean sortzen zen hondakinik gabe, garesti ateratzen zitzaien hori ere: «Asko ordaindu behar zen, eta ikatzaren prezioa ez zen igotzen. Beraz...», kontatu du Arenalek.

Eskala txikian

Gaur egun, langile ohien gogoan eta 2,60 x 1,70 metroko eskalan egindako maketan baizik ez dago Irati SA. Maketa hori Villanueva eta Toño Leatxe jaiotza egileek egin zuten, eta, dokumentazio eta argazki historikoez gainera, langile ohien laguntza izan zuten. Tartean, Arenalena. «Inoiz ez genuen halako lanik egin. Gehiena galdurik dago, baina plano eta argazkiekin hasi ginen, eta han lan egindakoekin ere. Nahiko ongi atera zen», esan du Leatxek.

Angel Martin Agoizko alkateak uste du erakusketa egokia dela hezkuntza zentroentzat. «Lehen, zerrategira eramaten zituzten Agoizko ikasleak». Baina, erakusketa udaletxean egon beharrean, egurraren interpretazio zentroan egotea nahiko luke. Proiektu hori aldarrikatu du: «Nafarroako Gobernuak egitasmo honen buruan egon beharko luke, gure kulturari eta industria egiturari dagokiolako. Erakusketak aldarrikapen hori bultzatu du».

Izan ere, Agoizko Udala ez da gai egitasmoa aurrera ateratzeko. Hondakinen tokian interpretazio zentroa lehenbailehen egin beharko litzateke, denborak geroz eta gehiago hondatzen baititu zutik jarraitzen duten eraikin apur horiek. Eginen balitz, akaso, Iratiko tutuaren oihartzuna berriz adituko litzateke inguru haietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.