Eski denboraldia, zintzilik

Eski estazioek ez dakite aurten pistak zabaldu ahal izango dituzten, eta, zabaltzekotan, noiz eta nola zabaldu ahalko duten. Azpiegiturak, langileak eta protokoloak prestatzen ari dira. Protokoloen arabera, ez da jende mugarik izango pistetan, eta maskara erabili beharko da, jaitsieretan salbu.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Eski estazioak elurraren mende egon ohi dira. Elurrik ez badago, ezin dute ireki. Aurten, baina, elurra baino gehiago, SARS-CoV-2 birusa eta zalantza, galdera ikurra ari du mara-mara. Agintarien eta herritarren moduan, eski estazioetako arduradunek ez dakite aste batzuk eta hilabete batzuk barru zer gertatuko den. Eski denboraldia zintzilik dago, kulunkan, teleaulki baten moduan. Euskal Herriko milaka eskiatzailek ez dakite aurten eskiatu ahal izango duten, ez Nafarroako Piriniotako iraupen eskiko estazioetan, ez Pirinioetako gainerakoetan, ez besteetan.

Eski estazioetako arduradunek ez dakite zer gertatuko den, baina konfinamendua eta mugen itxierak iritsi zirenerako azpiegiturak prestatzen ari ziren, denboraldi eta egoera berrira egokitzeko. Eski estazioetarako protokoloak kaleratu zituzten, bai France Montagnesek, bai Atudemek. Frantziako mendi turismoaren profesionalen federazioa da France Montagnes. Espainiako Eski eta Mendi Estazioen Elkarte Turistikoa da, berriz, Atudem. Antzekoak dira biek onartutako neurriak.

Eskia eta snowboard naturan egiten dira, leku irekietan. Eskiatzaileak eta snowboard egiten dutenak babestuta joan ohi dira: kaskoarekin, betaurrekoekin eta eskularruekin. Eskien eta snowboardeko oholen luzera berezko hesia edo muga izan ohi da pertsonak elkarrengandik gertu ez egoteko, igogailu mekanikoen eta teleaulkien zain. «Muga naturala» dira Atudementzat.

Elurretako jardueren berezko babesak ikusita, maskara da eski estazioetan hartuko duten segurtasun neurri gehigarri nagusia. Derrigorrezkoa izango da maskara jartzea erremonteen eta teleaulkien zain egoten den bitartean, baita horiek hartutakoan ere. Bidaia bukatutakoan, ez da beharrezkoa izango maldan behera jaisteko jantzita eramatea.

Eskiatzaile mugarik ez

Estazio gehienek ez dute teleaulkietako eskiatzaile kopurua mugatuko edo aulki hutsik utziko bidaiarien arteko distantzia handitzeko. Aurreko denboraldietan bezala funtzionatuko dute. Aukera egongo da, beraz, ezezagunak eta elkarrekin bizi ez diren pertsonak elkarren ondoan joateko. Maskara jantzita, hori bai.

Atudemek neurri hori babestu du, bidaiak aire zabalean egiten direlako eta motzak izaten direlako, «gehienetan hamar minutu baino laburragoak». Baita igogailu eta teleaulki baten eta hurrengoaren artean tarte handia egoten delako, «hamabost metro ingurukoa» eta «ibilbide guztian norabidezko aire fluxu konstanteak izaten direlako».

Atudemek nabarmendu du eski estazioetako langileek eskarmentu handia dutela igogailu mekanikoetako eta teleaulkietako itxarote guneen kudeaketan:«Jendearen jario etengabea eta egokia bermatu dezakete».

Pistetatik kanpo, estazioko gainerako zerbitzuetan eta azpiegituretan —jatetxeak, tabernak, materiala alokatzeko dendak...—, indarrean dagoen araudia bete beharko dute, eta ohiko neurriak hartu beharko dituzte: jende kopurua mugatzea, maskara erabiltzea, jendearen arteko distantzia zaintzea, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea... Materiala alokatzen duten dendetan ere protokolo zorrotza bete beharko dute, egun batetik bestera eta erabiltzaile batetik bestera materiala desinfektatzeko.

Nouvelle Pyrenees taldeak zortzi eski estazio kudeatzen ditu Okzitaniako Pirinioetan: Cauterets, Gourette, Grand Tourmalet, Luz Ardiden, Peyragudes, Piau, Pic du Midi (freeride motakoa) eta Arette-San Martingo Harria. 400 kilometrotik gora eskiatzeko. 1.200 langile neguan.

Aramon taldeak Aragoiko (Espainia) lau eski estazio biltzen ditu: Cerler, Formigal-Panticosa, Javalambre eta Valdelinares. 289 kilometro guztira. 900 langile inguru eskiatzeko sasoian.

Candanchuko eski estazioa da (Aragoi, Espainia) Euskal Herriko eskiatzaileen kutunetako bat:euskal herritarrak dira eskiatzaileen erdia inguru.

Itxialdiaren bukaeraren zain

Nouvelles Pyreneesek azaroaren bukaeran edo abenduaren hasieran espero zuen estazioak zabaltzea. Irekitzekotan, abenduan ireki beharko ditu, orduan bukatuko baita Frantziako Gobernuak ezarritako konfinamendua, abenduaren 1ean. «Abenduaren 5ean irekitzeko prestatzen ari gara, baina auskalo, ez dakigu konfinamendua luzatuko duten», Guillaume Roger operazio zuzendariaren esanetan.

Aramonen, gainerakoek bezala, ez dakite zer gertatuko den aurtengo eskiatzeko denboraldiarekin. «Lanean ari gara abenduan zabaldu ahal izateko», azaldu dute Aramoneko ordezkariek. «Eguraldiaren eta pandemiaren egoeraren mende egongo da».

Candanchun, zalantzez gain, «itxaropen handia» ere badute: alde batetik, «udan bertako turismoak mendiko eta aire zabaleko helmugen alde egin duelako»; bestetik, «hainbat egoeratarako erantzunak aurreikusi baditugu ere, azkeneko neurriekin abendu hasieran denboraldia hasi ahal izango dugula uste dugulako». Stephan Pantoja estazioko arduradun komertzialaren iritzia da.

Nouvelles Pyreneesen udako eskarmentua badute. Hainbat igogailu mekaniko ustiatu dituzte, tartean Midi du Bigorrera (2.877 metro) igotzen dena. Larhungo trena ere bai. Ia 400.000 bezero. COVID-19aren kontrako neurriak aplikatu dituzte. «Udan izan dugun eskarmentuari esker, badakigu nola jokatu behar dugun egoera honetan», Rogerren arabera.

Eskiatzea segurua dela uste du Pantojak: «Guztion artean protokoloa landu dugu, eta erabiltzaileen laguntzarekin, eski alpinoa eta iraupen eskia egiteko estazioak egon daitezkeen helmugarik seguruenak izan daitezke».

Ez Nouvelle Pyreneesek, ez Aramonek, ezta Candanchuk ere, berez, ez dute aurreikusi, oraingoz, estazioko eskiatzaile kopurua mugatzea, forfait bakoitzarekin eskiatu daitekeen denbora mugatzea, eskiatu ahal izateko aldez aurretik hitzordua hartu behar izatea...

Eutsi egingo diete eskiatzeko ikastaroei. «Seguruagoak eta mugatuagoak izango dira», Candanchuko Pantojaren esanetan.

Ahal dela, Internet bidez

Eski estazioetan ohikoak dira kontakturik gabeko sistema elektronikoak pistetan ibiltzeko. Egoera ikusita, saiatzen ari dira eski estaziora iritsi aurreko urratsetan ere langileen eta bezeroen arteko harreman zuzena gutxitzen. Internet bidezko forfaiten salmenta bultzatuz, esaterako.

Ez hori bakarrik. Aramon taldeak abian jarri du forfaitak etxera bidaltzeko zerbitzua. Baita, materiala behar izanez gero, eski estaziora iritsi orduko materiala prest izatekoa ere, jende pilaketak eta itxaronaldiak saihesteko.

Eta eskiatzeko forfaita erosi eta gero eskiatu ezin bada, zer? Nouvelle Pyreneesek, Aramonek eta Candanchuk neurriak hartu dituzte. Hiruretan denboraldiko txartelek COVID berme bat izango dute. Nouvelle Pyreneesek 30 egunetan eskiatu ahal izatea bermatuko du, eta izurritearen eraginez eskiatzeko egunak 80 baino gutxiago badira, diruaren zati bat bueltatuko du: zenbat eta egun gutxiago, diru gehiago bueltan. Aramonen eta Candanchun ere antzera jokatuko dute denboraldiko txartelekin: hamabost egunetan eskiatu ahal izatea bermatuko dute.

Eskiatzea ez da izaten eski estazioen edo inguruko zerbitzuen eskaintza bakarra. Ezagunak dira eski eguna bukatu eta geroko festa giroko ekitaldiak. Après ski deitutakoa. «Gure estazioak familientzako dira, lasaiak, eta horretarako aukera txikia da, jendeak ez luke horregatik beldurtu behar», nabarmendu du Rogerrek. Candanchun ez dute halako ekitaldirik egingo: «Gure helburua jendeak eskiatzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.