Haurrentzat, atea itxita

Facua kontsumitzaileen eskubideen aldeko elkarteak salaketa jarri du Bilboko Balicana jatetxearen kontra, ez dielako sartzen uzten adin txikikoei. Hotel batzuek «aspalditik» dute halako mugaren bat. Kritikak eragiten ditu, umeen autoestimuari «kalte» egin diezaiokeelako.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Lanpara mardulak, dekorazio deigarria oro har, eta eskaintza gastronomiko exotikoa topa daitezke, besteak beste, Bilboko Balicana jatetxean. Umerik ez, ordea. Izan ere, lokalak argi uzten du, bai webgunean agertzen den mezu baten bidez, bai eta sarrerako kartel batean ere, 18 urtetik gorakoei baino ez dietela sartzen uzten. Facua kontsumitzaileen elkarteak «diskriminatzailetzat» jo du irizpidea, eta salaketa jarri dio lokalari Euskal Autonomia Erkidegoko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren aurrean.

Elkartearen arabera, araudiak ez du babesten sarrera ukatzeko eskubidea gisa horretan aplikatzea, eta EAEko Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren legeari erreparatu diote hori argudiatzeko. 22. artikuluan adierazten denez, «sarrera ukatzeko eskubideaz baliatzea [...] ez da aitzakia izango bereizketarik egiteko erabiltzaileen jatorri edo jaioleku, arraza, sexu, erlijio, iritzi, desgaitasun, sexu orientazio edo genero identitatea dela-eta edo erabiltzaileen egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialak direla eta». Nahiz eta arauak ez duen adina aipatzen, jasotzen dituen kasuekin parekagarria da, Facuaren iritziz. Balicanaren moduko lokaletan ez baitago mugatuta adin txikikoen sarrera, diskoteketan eta apustu etxeetan bezala, esaterako.

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko presidente Hector Sanchezen ustez, berriz, ez da zigorgarria umeei sarrera debekatzea. «Ez badira pertsonak diskriminatzen irizpide subjektiboengatik eta arrazoirik gabe, enpresak hartutako erabaki bat baino ez zaigu iruditzen, negozio ildo bat, helduei bideratuta dagoena, kasu honetan». Irizpidea bezeroei jakinarazi behar zaiela azaldu du, baina, hori betetzekotan, ez zaio «diskriminatzailea» iruditzen: «Joan nahi duena, joan dadila, eta ezin dena joan bere familia egoerak ez diolako uzten, bada, ez dadila joan. Azkenean, enpresak baloratu behar du erabakia».

Hoteletan, «aspalditik»

Balicanaren kasuak hautsak harrotu eta hizpide bilakatu ditu mota horretako tokiak, baina ostalaritzan «aspalditik» dagoen negozio eredu bat dela dio Sanchezek. «Adibiderik ezagunenak hotelak dira, adults only [helduak bakarrik] direlakoak. Urte asko daramatzate jada, eta inor ez da horien aurka agertu».

Mutrikuko (Gipuzkoa) Arbe hotelean, adibidez, 16 urtetik gorakoek soilik har dezakete ostatu; hala erabaki zuten, batetik, eraikinaren tamainak baldintzatuta, eta, bestetik, «lasaitasunagatik», hoteleko arduradunetako batek, Iñaki Arin Baztarrikak, dioenez.

Berak eta beste pertsona batek daramate hotela. Sektorean eskarmenturik izan gabe ekin zioten proiektuari, beste lanbide batzuetatik baitzetozen. «Hotela hemen egitea pentsatu genuen, eta hiru izarrekoa izan behar zuen. Hamaika gela ditugu: hamar bikoitzak dira, eta bat, lagun bakar batentzat, legez ezarrita dagoelako. Helburua zen ahalik eta gela gehien ateratzea». Hori horrela, beheko solairuko gela bakoitzean bi pertsonarentzako ohe bat edo pertsona batentzako bi ohe kabitzen dira, zehaztu duenez; hortaz, ez dago tokirik sehaska batentzat, ez eta ohe osagarri batentzat ere.

Lehen solairuan, berriz, balegoke tokirik, baina sofak kokatu dituzte, eskailerak direla-eta umeak «arriskuan» leudekeelako, Arinen hitzetan. «Hasieran ez genuen oztoporik jartzen umeak goiko geletan egoteko, baina erabaki genuen arrisku hori ez hartzea». Bestalde, arduradunak azpimarratu du jendea «lasaitasun bila» joaten dela, eta hori da haurrak ez onartzearen beste arrazoia. Horretan ere eragina du tamainak, halabeharrez. «Hotel txikia da. Ehun gela izango balitu...».

Hala, bikoteren batek adierazten badie umearekin joateko asmoa duela, ezezkoa ematen diote orain. «Legez, bi pertsonarentzako tokia dugu geletan. Esan izan digute umeek eurekin egingo dutela lo, baina ez dut uste egokiena denik. Igerilekua ere badaukagu, eta badakigu nola egoten diren umeak hor». Halere, ulertzen ditu kritikak: «Jarduera bat daukan horrek ezartzen ditu irizpideak. Edozertaz egiten da kritika».

Badira umeak onartu bai baina giroak bereizten dituzten hotelak ere. Arantzako (Nafarroa) Aientsa auzoan kokatutako Arantza hotela «bikoteentzat pentsatuta dago»; baina horrek «ez du esan nahi umeak ez direla onartzen, baizik eta bakoitzak bere lekua duela», Alberto Madinabeitia Gereñu hoteleko kudeatzaileak zehaztu duenez.

Lagun taldeek, nahiz eta helduez osatutakoak izan, «beste giro bat sortzen dute, bikoteek dutenaren ezberdina», eta hotelak bikote giroa sustatzea edo ahalbidetzea du xede. «Arazoa ez dira umeak, ezta gutxiago ere. Umeak, lagunarteak eta abar daudenean sortzen den giroak ez du zertan txarra izan, baina ezberdina da».

Horrenbestez, helburua da «bakoitza erosoen egongo den tokiak sortzea», giro ezberdinak uztartzea «ezinezkoa» dela uste baitute. Bi eraikuntza dituzte giroak ez nahasteko, Madinabeitiak azaldu duenez: bata, hotela, bikoteei zuzenduta dago; bestean apartamentuak daude, eta han hartu dezakete ostatu taldeek, lau edo zortzi lagunentzako tokia baitute.

«Hotela bikoteentzat denez, oso lasaia da. Adibidez, 22:00etan edo 22:30ean jendea bere logelan dago jada. Beste mota bateko hotela eta jangela dira, bikote gisa esperientzia disfrutatzea helburu dutenentzat. Hotelean ez dago tokirik umeak jolas daitezen». Hori horrela, ez zaio irizpide «diskriminatzailea» iruditzen, publiko bakoitzarentzat egokiena denaren arabera egindako hautua baizik.

Bezeroek ere hala interpretatzen dute, haren hitzei erreparatuta: «Ulertzen dute leku bakoitzak esperientzia ezberdina eskaintzen duela. Geroz eta gehiagok eskatzen dute familientzako leku bat, nahastu gabekoa, eta, era berean, geroz eta bikote gehiagok eskatzen dute familiekin ez nahastea». Ondorioz, asmoa dute familientzat soilik izango den jangela bat egiteko. «Eskaera badago. Hasieran apustu bat egin genuen arlo baten alde, eta horregatik erabaki dugu handitzea, bi jangela egon daitezen eta bakoitzak bere tokia izan dezan, baita jateko ere».

«Egiturazko arazoa»

Haurrak Ere Bai elkarteko kide Oihana Torrealdearen ustez, ordea, «helduengan oinarritutako gizarte baten» adierazle dira adin txikikoei sarrera debekatzen dieten guneak, eta ez zaizkio «kasualitateak» begitantzen, baizik eta «egiturazko arazo» baten parte: «Alde batetik, haurrak bigarren mailako hiritartzat ditugu, eta ez eskubide osokotzat; bestetik, ez ditugu onartzen edo ulertzen haurtzaroaren beharrak. Oro har, ez dugu haurraren garapena ezagutzen; sarri molestatzen gaituzte helduok galduak ditugun haurren ezaugarriek, pozak eta bizi nahiak».

Ildo horretatik, Torrealdeak aldarrikatu du haur zoriontsua «zaratatsua eta esploratzailea» dela, baina ez dagoela harekiko «begirada enpatikorik»; horrenbestez, «portaera txar gisa interpretatzen dira haren garapenean ohikoak eta normalak diren jarrerak». «Galdetu behar diogu geure buruari zergatik sentitzen garen deseroso haurraren izaera horrekin», azaldu du. «Geldi eta isilik egotea ondo hezitako haur bat izatearekin lotu du gizarteak, eta, era berean, haserrea edo tristura erreprimitu zaizkigu. Espero dugu haurrak helduak bezalakoak izatea, baina ezberdinak dira».

Jatetxe eta hotel horien irizpidea kaltegarria izan daiteke umeentzat, haren iritziz. «Zer interpretatu edo sentitu dezake pertsona batek onartua ez den toki batean? Ez dela ona, molestatu egiten duela, ez duela merezi hor egotea, agian?», galdetu du Torrealdeak. «Sentimendu horiek guztiak nahiko txarrak izango dira haur baten autoestimurako eta garapenerako, eta sarritan familiei tokatuko zaie hori konpentsatzea. Norbere buruaren pertzepzioan eragina du; txikiak oraindik ez, baina 8 urtetik gorako ume bat ondo jabetzen da horretaz».

Gisa horretako tokiak ohiko bihurtzeko arriskua antzeman du, erabakiari «konnotazio negatiborik» ikusi ez eta «normalizatzen» bada. Joera hori balitz haurrentzat eta familientzat espazio jakin batzuk bakarrik geratuko liratekeela aurreikusi du, eta dagoeneko larria den egoera bat gaiztotu egingo litzatekeela. «Uste dugu umeekin egoteko toki gutxi daudela berez, hiriak eta herriak ez daudelako haurrentzat eginak, eta haientzako guneak ez daudelako lekurik egokienetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.