Albistea entzun

Borden harriak mintzo

Ardien aterpe jatorriz, ganadu bazkaren biltegi, behar duenaren babestoki, Neolitotik gaurdainoko bizimolde baten katebegi. Herri arkitekturaren pilare, iruditeria idiliko baten ondare. Asier Gogorzak Berako borda guztiak erretratatu ditu; haietako batzuen harri eta argietara egindako ibilia.
Elarraldeko borda.
Elarraldeko borda. ASIER GOGORTZA Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2021eko azaroak 25 - Bera

Harria harriaren gainean, egurrezko habe gutxi batzuk sustengu. Borda da lan prosaikoaren kokagune, eta izan liteke argazki kutxa ilun baten metafora, obra artistiko baten ernamuin ere.

Bera alderik alde gurutzatzen duen Altzate karrikan dago Labiaga ikastola, eta hango erakusketa aretoan paratu du Autopsiak izeneko erakusketa Asier Gogortza (Bera, Nafarroa, 1976) argazkilariak. Galtzear diren bizimoduen argazki sortak bildu ditu, hala nola Portugalgo tren geltoki zahar edo abandonatuen irudiak, herri hustu eta leiho zaharrenak, mairu baratzeenak eta Berako borda guztienak ere bai. Zutik daudenak, erdiak inguru, eta eroriak edo desagertzear direnak, beste erdiak. «Erorita dauden horiek zapi zuri batekin estali ditut, gorpuekin egiten den modura. Erakusketara etortzen denak, borda hori gertu sentitzen duenak sapaia kendu ohi du».

54 borda orotara.

Ezin liteke izan gida hoberik, aproposagorik, borda horietako batzuk gertutik gertura ikusi eta bakoitzari darion istorio txatala kontatzeko, eta behar denetan estalki zuria altxatzeko; itxurari soilik dagokiona, praktikotasunari erreparaturikoa, jabe edo jabe ohiei dagokiena, eta baita sortzaileari bururatzen zaizkion gogoetak ere. Autoaren eta txango zirkularraren gidari Asier Gogortza.

1. ELARRALDEKO BORDA
Giltzarrapoz itxia, eta ez da ohikoa

Beratik Sara aldera, Lapurdirantz. Lau kilometro egin ostean aparkalekua Lizuniagako mendatean, izen bereko bentaren albo-alboan. Errepidearen beste aldean, 36. mugarrian, Mahai-harria. Bost metro luze. «Bost urtean behin, inguruko herrietako mugakideak biltzen dira hemen; partzuergo akordioa berridazten dute, belardiak eta beste partekatu ahal izateko». Bera, Etxalar, Azkaine, Sara, Urruña eta Biriatu dira herriok.

Euri langarra. Larhun lainopean. Mugaren lerroari jarraituz, egurrezko ehiza postuak 25 metroan behin. Bi haritz handiren azpian, Elarraldeko Borda. 14 bat metro luze, bost bat zabal, eta hiru garai. Giltzarrapoz itxia dago: «Salbuespena da itxita egotea.Utziko zioten errepidetik eta bentatik hurbil dagoelako, eta sarritan zikin eta hankaz gora azalduko zelako. Bordak herri lurretan egoten dira, baina borda bera, eraikina, pribatua da. Baserri batek kanon bat ordainduko du udalean borda erabiltzeagatik. Hark baldintza bat jartzen du: uzten dizuegu lurra, baina bordak irekia egon behar du edozein ganadu sartzeko, edo edonork, mendizale batek adibidez, babesleku bat behar balu ere».

Lokatzezko xenda batean gora. Euri fina, goitik-behetik. Berriro bordetara gogoak. «Arkitektorik gabe egindakoak dira bordak. Asko auzolanean eraikiak edo berreraikiak dira, zurgin edo hargin baten laguntzarekin».

Herri arkitekturaren ondare dira bordak, Pirinioetako lerro guztian —eta harantzago— barreiatzen direnak, gutxien-gutxienik Behe Erdi Arotik. Patziku Perurena idazleak, Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) saiakera liburuan, 1614an kokatzen du Leitzako bordarik zaharrena; Franki, Manuel Lasarte bertsolari handia jaio zenekoa.

2. ZIMIZTA / SALDESBERE
Borda bikoitza: bat itxia, bestea irekia

Berrehun bat metro gora eginda, garoz estalitako zelaiaren oinarrian, borda luze bat: «Luzea da bikoitza delako. Bi borda daude elkarri itsatsirik». Zimizta eta Saldesbere, hurrenez hurren. «Kasu bakana da hemen inguruotan». Zimizta itxirik dago. Leihate txiki bat du aurreko horman. Barrura begiratu, eta huts-hutsik, adar zahar batzuk baino ez zoruan. Igartzen da, ordea, berritua dagoela. Zergatik, erabiltzen ez badute? «Hor badago lotura sentimental berezi bat, ia telurikoa, familiaren eta bordaren artean. Bordek izena ere baserritik hartzen dute. Baserritar askok onartu didate minez ikusi dutela borda erortzen. Ez zuten erabiltzen, gastua baizik ez zen, baina hor dira umetako oroitzapenak, familiari eta lurrari loturikoak».

Saldesbereko bordak bizitza du, animalia gorotzaren eta garo lehorraren usaina, edo, parajeotan dioten moduan, iratzearena; «Iratze metak egin izan dira inguruotan; gero, bordara ekarri, eta ohatze bat egiten zaio ganaduari, kasu honetan behorrei. Iratze hori animalien gorotzarekin nahasten dute gero, eta ongarri bikain bilakatzen da».

3. ALKEBEREKO BORDA
Errekastoa eta ardiak dituena

Pauso lasaian, olgetarako tartea, bordak zedarritzen duen paisaiaren inguruan: «Zer mugimendu, zer trafiko, ardi eta artzain izango zen hemen garai batean, eta nola eragin duen paisaian! Guk ezagutzen dugun paisaia hortik heldu da. Borda bat da gure paisaia idilikoaren irudikapena: zelaia, borda eta errekatxoa. Baina hori ideia erromantizatua da. Baserritarrarentzat ez da hain polita. Harentzat lana da, hotza da, eta gorotza da».

Alkebereko Bordak bat egiten du iruditeria erromantikoarekin. Bordak bizia du: egurrezko ateak, bi zutabe mardul zurezkoak, eta bi sarde edo «aitzin-arraztelu» barruan. Kanpoan, gaztainak lurrean. Zubitxo bat eta errekastoa. Mapan begiratu du Gogortzak: Alkebere Bordako Erreka. Ia goizero bordara joaten da Isidoro Errandonea (Bera, Nafarroa, 1948), baserritarra. «Ardiak bordara bildu, haiek begiratu. Baditut 100 pasatxo. Esnetarako dira, eta gazta gutxi batzuk egiten ditugu gero». Borda lana du, baina baita gomuta ere: «Txiki-txikitatik etorri izan naiz, nire aitarekin lehenik, neu bakarrik gero: ondorengoek ez dakit jarraituko duten...».

4. MENDIGORRIKO BORDA
Gerrako alkatearen borda

Kilometro erdi bat, baso itxian gorantz, bide lokaztu eta malkarra. Zuhaitz artean, erabat eroritako borda; horma bat zutik, bi egurrezko pilare eroriak eta goroldiotan berdetuak: «Borda paisaiarekin erabat ezkonduta doa, eta erortzean naturarekin bat egiten du».

Naturarekin bat eginda dago Mendigorriko Borda egun; historiarekin loturiko harri orbainak ere baditu, ordea: «Borda hau Berako familia famatu batena izan da, Mendigorri baserriko familiarena. Hangoa zen Juan Jose Irazoki; gerra zibilaren garaian Berako alkate izandakoarena; Zerruki zuen izengoitia, eta ez zuen oso fama ona». Pio Barojaren La guerra civil en la frontera oroitzapen liburuak dakar pasarte zehatza: «...Se fusila de noche. El alcalde del pueblo, un indiano, gordo con aire estúpido, se presta a ayudar en las ejecuciones generosamente, y va con un farol a iluminar el sitio donde semata. ¡Qué bajeza!». Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora saiakera-kronika liburu ederrak ere ematen du testuinguruaren berri: «Herrigunetik nahiko gertu dago Argaitzeko harrobia. Edo hilerria esan beharko genuke? Gutxienez 130 pertsona fusilatu zituzten bertan. Nafarroan fusilatu gehien duen tokia. Zenbat hezur, zenbat gezur ez ote dira pasatu Argaitzetako morgetik. Odola isuri zeneko harri hotzek hitz egingo balute...».

5. KATALINENEA BORDA
Bordaren borda, maiztertzatik jabetzara

Hitz egiten dute harriek, mintzo dira, molde batez edo bestez. Berriro autoan Berara, albo batean utzirik borda hauen jatorrizko baserriak, Garaitarreta auzoan. Aparkalekutik oso hurre, Barojatarren harrizko etxea: Itzea. Eta, handik metro gutxira, harrizko beste etxe eder bat: Katalinenea. Eta ezustean, ibilaldia amaitzera zihoala zirudienean, bordekin loturiko beste istorio bat, kontu eskean. Borden kateatze istorio bat. «Etxe honetako nagusiak Donostiakoak ziren, eta Ibardinera bidean baserri-borda bat bazuten: Katalineneko Borda. Han maizter hartu zuten Berako familia bat: beste borda bat zuten txikiagoa, Katalinenea Borda. Hura eroria da, eta berriz altxatzeko proiektua dute egun», azaldu du Gogortzak.

Patxi Lazkanotegi artzain eta albaitariak (Bera, Nafarroa, 1968) du borda berreraikitzeko desira: «Aitatxi eta amatxi kanpotik etorri ziren Berara, eta Katalineneko Bordan ezkondu ziren; errentan hartu zuten baserria». Baserri hark bere bordatxoa zuen, arditarako. Baina ez zuten zailtasun gutxi izan hura mantentzeko. «1939an, gerra amaituta, militarrek kendu baitzieten. Kanpamentu bat zuten ingurune horretan, Frankismoko presoekin eta abar... 1950eko hamarkadara arte ez zieten itzuli. Garai hartako gutun ofizial batean azaltzen da istorioa; niri duela bi urte eman zidaten gutuna».

Artaldea du egun Lazkanotegik, eta harendako atondu nahi du berriro ere borda: «Filosofia izango da bertako materiala erabiltzea: egurra, haritzarena, burdina, behar bada, eta noski, harria».

Beti harria, istorioak bizi eta gordetzen dituena: borden harriak ere mintzo dira, behin estalki zuriak altxatuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea ©Javier Lizon / Efe

‘La casa de papel’ Netflixeko lehen tokian jarri da AEBetan

Urtzi Urkizu

Iruñeko sanferminak eta Pasaiako portua aipatzen dira azkeneko ataletan. Iñigo Aranbarri Azkoitiko (Gipuzkoa) aktoreak rol txiki bat jokatzen du. Protagonisten artean dira Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ahikar Azkona eta Najwa Nimri.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu gaur

Edu Lartzanguren

Gaur, Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.