LIBURU AURRERAPENA

Gauzak direna balira

'Habanako Gaukaria' trilogiaren azken liburukia du hau Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958). Hain zuzen, 2019ko urritik 2020ko pandemiaren udaberrira bitartean idatzitako testuak bildu ditu, Habanako bere bizipenak askotariko gogoetekin uztartuz.

Victor Patricio Landaluze margolariaren (Bilbo, 1831 - Habana, 1889) El Mayoral olio lana. BERRIA.
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
ZABORTEGIA

Edifizioaren osteko zabortegia begira geratu zait, goizean, albotik pasatu naizenean.

Ni zapaten puntaz harrixka bati ostikoka nindoan...

(Urriak 9)

BIRAULTZAILEAK

Abesti iraultzaileen diskoa tokadisko zaharrean.

—Antzinakoa da, ez?

—Aparatua? Bai, hiru edo lau bider konpondu behar izan dizkiot piezak.

—Ez da gaizki entzuten.

—Berrogeita bost iraultza minutuko...

—Iraultzak ez. Birak, euskaraz biragailua deitzen da aparatua. Biraultzak ematen dituela esan dezakezu.

—Dena dela, gustatzen zait entzutea gure abesti zahar biraultzaileak.

(Urriak 26, larunbata)

JEHOVAREN TESTIGUA

Jehovaren testigua-edo, atean plantatua. Kontatu nahian Infinituari buruzko bere eleberria.

(Bildilak 27)

ELURRIK SEKULA IKUSI EZ DUEN JENDEA

Enbaxada. Elurrik sekula ikusi ez duen jendearen ilara luzea, bisa eskatzen.

(Otsailak 3)

ZAPATARIA

Etxepean, E eta Paseo izkinan, bada zapatari bat. Aterpe-zapataria, apurtuen konpontzaile oinetakoz inguratua. Botak, espartinak, sandaliak, txankletak, zapatak. Ez sendoak, ez politak, ez modakoak, ez merkeak.

Baina zenbat bide egin ote dute!

—Putin... —entzuten da irratian.

Batera edo bestera sartzen du bere jostorratz handia. Larru-petatxuak mozten ditu. Boteko bajez igurzten hau hori edo bestea. Iltze txikiak jotzen ditu mailuaz. Zapata horietako bakoitzak egindako ibilaldiak imajinatzen ditut.

—Putin...

Beti ikusi dut lanean bertan, kale izkinan. Beti saludatzen nau, aurretik pasatzen naizenean, munduaren historiako momentu berezi batean bageunde bezala.

Gaur oinetakoak eskuan inguratu naiz. Hiru-lau gaude zapatariari begira.

—Zelan deitzen da? galdetu diot ahapeka, oinetakoren baten zain dagoen emakumeari.

—Papito erantzun dit emakumeak errime. Papito Txapuzeroa.

(Otsailak 3)

HONDARTZA

Jagi, eta hiriko leiho eta balkoietatik bare ikusten da itsasoa. Urdin garbia da. Ematen du naufragio guztiak borratu direla.

Goizean goiz, zoro talde bat ibiltzen da hondartza garbitzen. Zoroetxetik ateratzen dituzte, uniforme zarpailduekin, eta zaborrak biltzera eramaten dituzte. Bezperako bidaiariek utzitakoak edo gauean zehar itsasoak bere amesgaiztoetan jaurtitakoak. Sargazoa, barakuilu oskolak, harri leunduak, pargo begi bat, portzelana txinatarren puskak, zurezko gila hutsa, marmoka azulak, Jainkoaren kartilago zatia...

Hiria bera arraro samarra da, egunsentiko garbitzaileek garbitu ez duten gauza ematen du denak.

(Otsailak 5)

HORI GUTXI DA

Aita eta semea itsasoaren bazterrean. Zazpi pargo txiki hareatzan.

—Lau cuc eman, eta denak eraman.

—Ez... Bi ordainduko dizkizut.

Umea arrainengana hurbildu eta, begiak borobiltzen zaizkio pargotxoak, arnasa hartu ezinik, bizirik daudela ikustean.

—Hori gutxi da dio saltzaileak.

(Otsailak 19)

IDENTITATE KARNETA

Aurrerago, polizia. Karneta eskatzen. Poltsikotik atera eta, erakustean, eskapularioa ematen du karnetak.

(Otsailak 24, Baireko oihua)

GUAGUAN

—Zarataz beteta dago irla hau! dio William Shakespearek irribarrez.

Guaguan doaz hirurak.

—Gehiena ez da ulertzen dio Javier Arzuagak.

—Dena ulergarria balitz mintzo da Robert Browning, ez litzateke hain irla.

(Otsailak 27)

TELEBISTAREN AURREAN

Gauerdia da. Julian Assange girgiluekin telebistan.

Britainia Handiko auzoko zintzoa, telebista itzali eta ohera doa. Ameriketako Estatu Batuetako auzoko zintzoa, telebista itzali eta ohera doa. Australia aldeko auzoko zintzoa, telebista itzali eta ohera doa. Eta ni ere berdin.

(Otsailak 26, asteazkena)

HONDAMENA

Edifizio bat hondoratu da gaur Habana Zaharrean. Obra batzuk egiten ari zirela, zutaberen bat kendu dutenean jausi da edifizio osoa. Obreroetako bat behintzat hil da.

Hondamena alboko edifiziora joan da aldi baterako ostatua hartzera, zutik baitzegoen oraindino.

(Martxoak 12, osteguna)

ILARGITIK NATOR

—Ilargitik nator esan dit umeak halako toalla bat kapa moduan ipinita gainean, badakizu?

—Ez.

—Hegan ibili naiz alde batetik bestera. Hiru edo lau planeta bisitatu ditut. Ilargian lo egin eta goizerako hemen.

—Hegazkinez?

—Ez. Ostadarretik jaitsi naiz, gainean eseri eta txirristan...

—Zeu bakarrik?

—Neure gameluarekin.

(Martxoak 22)

TXIMELETA

Agureari etxetik poliklinikorainoko kilometro eta erdian laguntzen dion kolore biziko tximeleta. Joanean, eta, ordu bete geroago, bueltan.

(Martxoak 26)

HITZ BI

Apagoian, kokuioa.

(Apirilak 25)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.