Kolonbia. Bake prozesua. Amanda Rios. FARC alderdiko zuzendaritzako kidea

«Demokratizazioaren bidean ekarpen oso handia egin dezakegu»

Kolonbia berri bat sortzeko esperantza du Riosek: «Berdintasuna, justizia soziala eta bizikidetza izango dira gure gizartearen oinarriak». FARCek, armak atzean utzita, sekulako urratsa egin dutela uste du.
BERRIA

Orsola Casagrande

2017ko irailak 2
Amanda Rios (Bucaramanga, Kolonbia, 1980) FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileko zuzendaritzako kideetako bat izango da aurrerantzean. FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea-Herriaren Armadako kide izan da gazte zenetik, ezen 20 urte eskasekin sartu zen gerrillan. Pedagogia lana egiten aritu da azkenaldian, eta, orain, erronka berri bat duela adierazi dio BERRIAri.

Kongresua amaitu da, eta etapa berri bat abiatuko duzue orain. Zer espero duzue?

Etapa berri baten aurrean gaude, eta dena da berria, baita guretzat ere. Gerrarena ez den eremu batetik politika egiten ikasten ari gara. Sekulako urratsa egiten ari gara, esperantzak ditugu, eta herrialdeak ere badituela uste dut. Kolonbia berri bat eraiki nahi dugu mende erdi batez luzatu den gerraren ostean. Eta denen artean egin behar dugu hori. Gure ideia asko eta asko herritarren gehiengoaren ideiekin bat egiten dutela uste dugu. Kongresuan adostu ditugu gure ardatzak, eztabaida oso interesgarriak eta mamitsuak izan ditugu, kezkak eta zalantzak partekatu ditugu, hausnartu egin dugu, eta aurrerantzean ideia horiek izango dira bizitza politikoaren eta instituzionalaren zutabea. Behetik egingo dugu politika; gerrillan maila lokalean horrela aritu gara, eta aurrerantzean maila nazionalera eramango dugu eredu hori. Alderdi barneratzailea izan nahi dugu, herritar guztiekin eta eragileekin elkarlanean.

Kongresuko ondorioak jasotzen dituen dokumentuak mugimendu sozialekin lan egitearen garrantzia jasotzen du.

Bai. Horixe da erronka. Gizarte berri bat eraikitzeko bidean ekarpen oso handia egin dezakegula uste dut, baita herrialdearen demokratizazioaren bidean. Berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan oinarritutako gizartean sinesten dugu. Gerrillan modu kolektiboan garatu ditugu politikak, eta praktika hori gizartearen eskura jarri nahi dugu, garapenaren eta ekonomiaren alorrean, baina baita harremanak ulertzeko garaian ere; mugimenduekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da guretzat. Hilabeteotan eraikitako trantsiziorako guneak horren isla dira eta eredu hori nahi dugu etorkizuneko Kolonbiarentzat. Herritarrekin, komunitateekin, eragileeekin, gobernuz kanpoko erakundeekin... denekin egin behar da lan. Gu, dagoeneko, ari gara bertatik bertara mugimenduekin eta instituzioekin lanean: alkateekin, nekazariekin, emakume elkarteekin... Urte hauetan guztietan gu babestu gaituzten horiekin eskuz esku jarraituko dugu lanean.

Kongresua amaituta, trantsiziorako guneetara itzuliko zarete. Nolakoa izango da bidea datorren astetik aurrera?

Habanako akordioekin egin genuen moduan, bakearen pedagogia deitu genuen horren bidez, orain ere gerrillari ohiekin partekatu ditugu egunotako eztabaidak eta ondorioak. Alderdi berriaren erronkez arituko gara, eta aurretik dugun lana ere azaldu behar diegu, ez bakarrik gerrillari ohiei; komunitateei ere gure ideien eta egitasmoen berri eman behar diegu. Arazoa da trantsizio guneen egoera, gobernua ez baita emandako hitza betetzen ari.

Zein da egoera?

Baldintzak oso eskasak dira, asko baitira bete ez dituzten gauzak. Gobernuari presioa egiten jarraitzea ezinbestekoa da bakeak aurrera egingo badu; akordioetan zehaztutakoa gauzatu behar du, emandako hitza bete, bestela nekez garatu ahal izango ditugu gure proiektuak. Carlos Patiño izeneko eremuko kudeaketaren ardura daukat, eta, gure gunean, esaterako, ez dago ura garraiatzeko ubiderik, eta hori oso arazo larria da egunerokoan.

Gerrillariek armak entregatu dituzte. Jokoan al dago euren segurtasuna?

Hori da beste kezketako bat. Gerrilla guztiz desarmatuta dago une honetan, hortaz, armadaren eta polizien esku dago orain gure segurtasuna, baita giza eskubideen ekintzaileena eta komunitateena ere. Oinarrizko gauza da gobernuak akordioetan zehaztutako puntu hori, segurtasunarena, hitzez hitz betetzea. Gerrillari ohien segurtasuna bermatu beharra dago, eta, behingoz, guztiz amaitu behar da paramilitarismoarekin. Talde kriminalak daude gure inguruan, mehatxuak jasotzen ditugu, hilketak daude, eta oso kezkagarria da hori. Nazioartearen presioa eta elkartasuna behar dugu.

Emakumeek pisu handia izan duzue bake prozesuan. Bake Akordioan genero ikuspegia bermatzea jaso zen. Pisu bera izango al duzue aurrerantzean?

Erabatekoa. Habanakoa hasiera baino ez zen izan. Kongresuan genero ikuspegia txertatzearen aldeko lana egin dugu, eta guneetan ere horretan ari gara, emakumeak boteretzeko ikastaroak eginez. Gerrillari emakume askok ikasketei heldu diete orain. Indartzen ari da emakumearen parte hartzea eremu guztietan. Emakumea ez bada askea, ez da ez bakerik eta ez adiskidetzerik izango, benetakoa bederen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna